elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

'Gurutzontziak' eta gurutzadak

2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gurutze ez da hitz neutroa, ez behintzat erlijio katolikoarekin gurutziltzatu gintuztenontzat. Ez da hitz itsusia pertsonari ezartzeko: izen eder askoak dira Gurutz eta Gurutze. Gurutzearekin, ordea, estropezu egiten dugu: zenbat aldiz bidegurutzea esan nahi eta gurutze-bidea etortzen zaion bati mihiaren puntara. Azkenaldian, gurutzontzi sartu da gure lexikoan. Egia da crucero gaztelaniazkoaren ordainetan Elhuyarrek gurutza-ontzi ematen duela, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, berriz, gurutzaontzi, baina gurutzontzi barra-barra dabil, batez ere luxuzko ontzi horiek bisitan etortzen zaizkigunetik.

Aurten, apirilean hasi ziren azaltzen; hilabete horretan hamabi sartu omen ziren Getxora; urtea bukatzerako hirurogeita hamar izango omen dira Abran porturatuko direnak. Hedabideek famatu dutena apirilaren 27an etorri zen Mediterranean Shipping Companyko Virtuosa ontzia izan da.

Virtuosa-ren bertutea bere edukiera da: 8.000 lagun garraiatu omen ditzake, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta; hau da, Altsasu osoa sartuko litzateke, esaterako, Virtuosa-n. 2.424 kamarote ditu, hamar jatetxe eta 21 taberna. Hain zuzen ere, gurutza-ontzienglamourra zerora jaitsi zitzaidan horrelako zeharkaldia egin berri zuen bati hauxe entzun nionean: bidaiari gisa identifikatzen zaituen eskumuturrekoa jantzi eta ontziko tabernetan barra libre zeneukala.

Hilabete honetan Transcantábrico luxuzko trena jarri dute martxan berriro ere. Zortzi eguneko txangoa eskaintzen du Donostiatik Santiago de Compostelara, tartean hainbat hiritan geratuz. Prezioen arabera, luxuzkoa behar du izan trenak, eta bidaia osoak. ETBko albistegietan jakin nuen tren honen berri. Gurutza-ontzi bat datorren bakoitzean bezala, ETBk tokia egin zion albistegietan luxuzko trenari. Ekonomia sustatu beharraren izenean justifikatuko dute, antza, luxuaren propaganda.

Kontua da propaganda hori nahasten dela, ezinbestean, kontrako muturreko berriekin: esaterako, Bilbon hilda topatu zituzten bi etxegabeen kasuekin, edo Ondarroan —asteburua izanik lanean bakarrik ari zela— bizia galdu zuen eraikuntzako langilearen ezbeharrarekin. Izan ere, Prekaritateak hiltzen du —prekaritateak hil egiten du esango nuke nik— ez da eslogan hutsa. Gurutza-ontzien ifrentzuan Mediterraneoko paterak daude, etorkinak hamarnaka galduz; luxuzko trenaren beste aldean Ziburun trenbidea lotarako hartu eta hiltoki bihurtu zitzaien etorkinak dauden bezala.

Bidaien arloan hurrena datorkigun gurutzada Elon Muskena da. Espaziora joatearekin nahikoa ez, eta orain Starship ontzia berrerabili nahi omen du munduan zeharreko bidaiak antolatzeko: ahalik eta azkarren garraiatzeko pertsonak nahiz merkantziak. Ez dakigu negozio horretatik aterako duenaren zati bat limosna bihurtuko ote duen, espaziorako lehen irteeran egin zuen bezala, haurren ez dakit zer minbizi motaren ikerketarako.

Eskerrak badagoen gurutza-ontziak eta luxuzko trenak —eta balizko espazio-ontziak— saihestu eta beste modu batera bidaiatzen duen jendea. Aurreko goiz batean, Igeldon zehar doan Donejakue bidean, ezarian-ezarian, dozenaren bat ibiltari gurutzatu genituen: pare bat gizon frantziar, hamabiak puntuan gelditu eta bazkari legea egin zutenak; bi emakume irritsu, Europa iparraldekoak itxuraz; bidezidor aldapatsuan bizikletatik jaitsi behar izan zuen bikotea; banakako motxiladunak... Denak ere, parean pasatzean diosala egiten duten pertsona horietakoak.

Alferrik da, ordea: luxuak beste toki bat ebatsi du gurean. Herenegun jakin zen Donostiako Bellas Artes antzoki eta zinema-areto historikoa —berritze lanetan dagoena— Hilton kate estatubatuarraren luxuzko hotel gisa irekiko dutela 2024an. Eraikinaren jabe den Sade zine enpresak kudeatuko du Hiltonen frankizia. Luxuaren business-ak kolonizatu egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.