Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Hartu eta eman

2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hartu eta eman-etik dator harreman berba, eta, ezinbestean, adostasun moduren bat datza bi zatiki horien atzean. Izan ere, hala ez denetan, ebatsi eta derrigortu beharko luke, ez da? Auzi linguistikotik harago doa kontua, baina hizkuntzak modu erraz batez erakusten ditu kontraesanak.

Espainiako Kongresutik pasa da jadanik eta orain Senatuari dagokio behin betiko onespena ematea. Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoa da Aldizkari Ofizialean jasoko den izendapena, baina Soilik baietz da baietz izenaz ezagun da. Askotariko berrikuntzak, nabarmenak oso, dakartza legeak, baina onarpenaren gainean ezarri du ardatz esanguratsuenetakoa.

Legeak askatasunak aldarrikatzen ditu, baina adostasunaren inguruan harrotu dirahautsak. Ez zait metafora egokiagorik bururatzen emakumeon kontrako biolentzia sistemikoaren nondik norakoak ulertzera emateko. Aske izan nahi dugu emakumeok sexua izan ala ez erabakitzeko, baina onartzen dugula adierazi beharra ere askotxo iruditzen zaio askori. Aske izatetik zein urruti gauden argi eta garbi ikusten da.

Harritu ez banau ere, lotsatu eta amorratu egin nau ikusteak horren modu gordinez Legearen eztabaidak azalera ekarri duen ankerkeria. Ez dakit zein hitz erabili behar dugun onarpen eta adostasun irizpide horrekin bere burua erasotutzat ikusten duten horiek izendatzeko, ez bada sexu-predatzailea. Sexu-harremanak izateko orduan emakumeen adostasuna bermatzen duen lege bat izateak gizonen erruduntasuna harrotzea dakarrela irakurri dugu, hitzez hitz, hainbat komunikabidetan eta baita legearen proiektuaren eztabaida-saioetan, tertulia merkeak baino errespetagarriagoak beharko luketen foroetan. Behin eta berriro, koloreak gorritu gabe.

Feminismoak alderantzikatze-metodologia eman digu horrelakoak ulertzeko, maiz ikusten ez diren desberdintasunak eta bazterkeriak ikusgarri egiteko. Egoerari buelta eman, aldatu ikuspegia, mendez mende barrura sartu zaizkigun arauak biluzik uzteraino. Metodo hori erabilita, beraz, ondorioztatu behar dugu adostasunik gabe sexua izatea onargarria iruditzen zaiela adostasuna eta onarpena arbuiatzen dituztenei. Erabat sanoa iruditzen zaiela norbaitekin sexua izatea pertsona horrek askatasunez, modu objektiboan eta zalantzarik gabe ados dagoela esaten ez badu ere; baita kontrakoa esaten duenean ere. Legea onartuko den beldur, gizon eta emakumeen arteko harremanak (sic) arriskupean daudela diote eta beren burua arriskuan ikusten dute, potentzialki erruduntzat har ditzakeelako epaitegi batek sexua onarpenik gabe izatera behartzen badute norbait.

Lege Organikoaren aurreproiektuak horixe besterik ez du esaten, zehatz-mehatz, bere bosgarren xedapenean: Zigor Kodea aldatzen denean, sexu-erasoaren delitua egingo du haren baimenik gabe beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka jarduten duenak. Bestela esanda, egiten uztea (beldurraren beldurrez ala beste arrazoiren batengatik) ez dela onarpena, eta adostasuna modu eztabaidaezin eta zalantzagabeen bidez adierazi behar dela.

Hain iraultzaile, hain arriskutsu al da hori gizon horientzat?

Beren burua (orain) erasotutzat ikusten duten horientzat sexua edozein egoeratan, edozein baldintzatan, edonoren gogo edo desiraren kontra izatea eskubide besterenezina da.

Legeak ez ditu errealitateak sortzen, baina haien gaineko ikuspegia ezarri egiten du. Gizartean elkarrekin bizi ahal izateko zein irizpide eta balore onartzen ditugun esaten digu, eta bizikidetza hori nola antolatzen dugun arautu egiten dugu. Legeak ez ditu gizon guztiak errudun egiten, soilik gizon delitugileak. Legeak ez gaitu aske egiten, baina menpeko ez izateko zirrikitu bat irekitzen digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.