garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bigarren sexua eta hirugarren adina

2022ko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Itsuskeriaz josita dago gure bizitza. Oso ume ginela, izeba batek diru-zorroa atera eta eskupekoak emateko ohitura zuen, batez ere jaiegunetan, etxera bisitan joaten gintzaizkionean, baina sosak ez ziren inoiz nire eskuetara iristen. Orduan handi begitantzen zitzaizkidan txanpon txiki haiek nebek jasotzen zituzten denak, eta ez preseski beharrik gorriena haiek zutelako. Zipokari samarra izan behar nuen antza, tematzeak ezer gutxirako balioko zidala jakinagatik ere, eskua ondo luzatuta jarraitzen nuelako nekaezin, «eta niri zer, eta niri zer» kantu-lelo baten gisan errepikatzeari utzi gabe, harik eta izebak bere argudiorik absolutuena, diru-zorroa atera orduko espero izaten nuena, esaten zidan arte: «Zuri ez, neska zara-eta». Amari ere entzun behar izan nion noizbait antzekorik, nahiz eta gaur egun, oroitaraziko banio, ukatu egingo lidakeen.

Ez diot herra berezirik gorde izebari. Kontrara, lagunartean txiste ezin penagarriagoak entzun izan ditudanean bezala, barre-algarak ere egin izan ditut gerora, gehienbat errukiz, bere filtro falta horren kontura. Egia esan, gauza asko zor dizkiet itsuskeria haiei, baina bereziki bi. Bata harrotasuna da, edo neska hutsa baino gehiago nintzen kontzientzia. Definitzen nauten nolakotasun erabakigarrienen eskalan beti izan ditut gutxienez bizpahiru ezaugarri, hori baino lehen aipatuko nituzkeenak, inolako zalantzarik gabe. Eta bigarrena, berriz, jenio bizia, zenbaitetan menderaezina eta gehienetan demasa. Gaztetandik ezagutzen nautenek ongi dakite zertaz ari naizen.

Haur gutxietsi hari bestelako ajeak gehitu zaizkio hainbeste urteren joanean, nagusiki adinari lotutakoak. Jada ez da neska. Jada ez da ezta emakumea ere, bere zentzurik aseptikoenean. Orain andrea da, kalean esan ohi dioten moduan, «señora bat», gerri bueltako gantz-flotagailu eta guzti, eta hortaz, zaintzarako sistema sentsorial berezia eta txukunketarako gorputz-adar espezializatuak garatu dituena, baina teknologiarako eta mekanikarako erabateko tuntuna, definizio zabalduenaren arabera.

Aurrekoan langile bat etorri zitzaigun etxera, dutxan manpara berria jartzera. Hainbat danbateko eta beste horrenbeste birao entzunik kezkaz hurreratu nintzaionean, kopetilun zuzendu zitzaidan, bekozkoaren zimurrez «piezak ez dira fabrikatik behar bezala etorri, eta orain aparteko lana nire bizkar, eta nork ordainduko dit hemen pasako dudan denbora estra, eta kaka tzarra eta utikan» adieraziz bezala, baina horren ordez, galdera harrigarri bat pausatuz: «Ez du, bada, zure senarrak giltza ingeles bat izango hor nonbait, kasualitatez?».

50 urtez atzera egin eta izebarekiko irakaspenak gogoan, ahalik eta tonu neutroenean erantzun nion: «Hemen erreminta-kaxa gobernatzen duena neu naiz». Baina hari bortz. Bizpahiru minuturen buruan, «senarrari bihurkin zapal txikirik ba ote zuen» galdetzera bidali ninduen, bestela «bere autoraino joan beharko zukeelako eta horrek are galaraziko ziokeelako denbora». Denetan apoteosikoena amaieran heldu zen, manpara behingoz zutik eman zuenean. Horretarako ez zuen etxeko gizonaren bitartekaritzaren beharrik sentitu. Horretarako aski izan zuen ni naizen señora. Mister Properren plantan aurrez aurre jarrita eta begietara so nuela, «garbitzeko oso erraza duzu», esan zidan plural maiestatikoa eta gainontzeko plural guztiak bere erremintekin batera autoan utzita: «Eman iezaiozu pasadatxoa hilean behin, baina xaboi neutroarekin beti».

Damu bakarra dut. Urte hauetan guztietan nire jenio bizia bezatu izana. Izaera oldarkor horrek galbidera eramango ninduela esaten zidaten bakoitzean, sinetsi eta lotsatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.