Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Ines

2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Nolaz ez zuten deus ere sumatu? Inesen lagunak harritu ziren azken bost urteetan bizi izan zuena kontatu zuelarik. Lagun taldetik haren bizia oparoa zirudien. Karrera handia ikusmiran zuen. Beka anitz lortu zituen. Sariztatua izan zen, hiru aldiz, egin zuen ikerketa «aitzindariagatik». Ez zen dudarik gure artean Inesek zuela gero segurtatuena, edo gure ikuspuntutik errazena, ukanen. Sare ugaria josi zuen Bilbotik Genevara, Quebecetik Bilbora. Euskalduna izan arren, Ebrotik haratago famatu egin zen Madrilgo unibertsitate ezagun batean, baita Pariseko eskola famatuetan ere. Akademia eskema horretan Nazio-estatuen ezagupenak zekarren garaipen zientifikoa. Mundu osoan erein zuenetik, uzta baizik ez zuen jasotzerik izanen. Hierarkia akademikoan igo eta, pixkanaka-pixkanaka etorriko zen haren momentua.

Ines zintzoa, Ines langilea, Ines «eskolarra». Neska helburu zehaztugabeekin ibiltzen zen erronka batetik bestera. Haren bikotekidearen arabera, hori zen bere arazoa. Inesek beti zalantzak edo kezkak zituela, eta beraz ez zuela sekula bere burua deusetan gozatzen uzten. Ohitura hartu zuen «ongi zira?» galderari, automatikoki «bai eta zu?» erantzuteko. Ez zuen nahi izan ezertaz kontent ez zen lagun hura. Hots, plenitzen zena. Hala ere, bere burua beltz ikusten zuen. Bere gorputzaren bilakaeran eta pentsamenduetan sumatzen zuen. Egunero bere garaiko alaitasunari pentsatzera ohitu egin zen. Momentu horiek argazkien bidez elikatzen zituen; ikusiz eta berrikusiz, malenkoniatsu jarriz.

Lehenik akidura etorri zen. Nagikeria amaiezina. Bigarrenik mediku batera joateko beharra. Gero, beste mediku bat kontsultatzeko indarra. Bukatzeko: iraupen luzeko gelditzea.

Ondotik etorri ziren kontakizunak. Guraso, lagun min eta lankide hurbilei aipamen ezberdinak egin zituen. Bati gorputzaren nekea, besteari ezintasun psikologikoa. Denbora joan arau erranak elkartu egin ziren. Orduan ingurukoak konturatu ziren. Baten batek ulertu zuen.

Kanpotik hunkiezina zena barnetik urratu zen. Akademiak eta bere barneko nagusiek xintxikatu zuten. Batzuetan Inesek bere buruari galdegiten zion amets egiteko gai zenez oraindik. Bai, horren gaitasuna gorde zuen. Hori ondorioztatu eta, une batez pausatu egiten zen. Urrunetik ikusten ez bazen, bere lana ez zen baloratua izaten. Sinpleki, unibertsitateak ez zion saririk ematen bere ikerketentzat, nahiz eta beka batzuk eskuratu eta bizpahiru sari. Langabeziatik hunkitzen zuelarik diru bat, ikerketa lanaren ondoan egiten zuen beste lan baten saritik zen. Azken urteak, biak ezin uztartuz joan zen, langabeziaren opzioarekin bortxaturik. Zer xantza, zer luxua, deus egin gabe dirua hunkitzea, ez da? Ikerketa munduko piramidean apalenean zen. Balorazio ekonomikotik haratago ere, bere posizio hori etengabe ohartarazten zioten. Bere burua sokaren azken puntan ikusten zuen. Ona zela erakustera behartua zen denbora guzian; baina oroitarazten zioten onena izan behar zela irauteko.

Langabezia bukatu zitzaiolarik hasi zuen medikura joateko desmartxa hura. Lehenak erran zion bere adinagatik burn out-aren edota depresioaren sintomak baldin bazituen ere, ez zela eri. Pasako zitzaiola; asteburuetan pausak hartzea, aireztatzea eta lagunak ikustea. Bigarren medikuak, aldiz, psikiatrara bideratu zuen eta lo egiteko epe motzerako pilulak agindu zizkion. Oraindik Inesek kontakizunari ezin dio osoki eutsi. Umiliazioa pisuegi egiten zaio. Duela lau urte hasi zen terapeuta ikusten, eta dena ez du kontatu. Alta, pilulak bai, pilulak irensten ditu egunero-egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.