garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bi zitroin doratu

2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Etxe-atarian limoiondo bat daukagu. Ez genuen geronek landatu. Aurreko jabeek utzi ziguten etxea saldu zigutenean, gorosti txiki batekin eta inguruko liztor guztiak erakartzen dituen errododendro arrosarekin batera, baina gure obra dela sentitzen dugu, gurea ez beste inorena, oinordetzan hartu genuenean gaitzak jota zegoelako, eta kezkaz eta arduraz, bere onera ekarri genuelako. Niretzat egundoko balentria da, hilzorian dagoena berpiztea, alegia landarea besterik ez izanda ere , kontuan harturik inoiz ez naizela perrexil sorta ziztrin bat ere zaintzeko gauza izan.

Ez dut ukatuko. Egun hartan gaiztotuta nentorren, zapuztuta eta etxera iristeko irrikan, aspaldi honetako egunik petralenaktregoa txiki bat emango zidalakoan, nire gotorlekuko pareten artean.

Etxerantz begira zuzen jarriko ninduen aldapa jaitsi eta heltzeko ehun metro inguru falta zitzaizkidala, hiru lagun ikusi nituen gure etxe-atarian, hiru lagun ez atzera eta ez aurrera, garai bateko telefono-zutoin bilakatu izan balira bezala. 50 urte inguruko gizon-emakumeak ziren horietariko bi, eta 20 eta 25 urteen bueltakoa izango zen hirugarrena, emakumezkoa hori ere.

Geldirik ez baleude ez nintzatekeen deus handiz jabetuko. Gure etxepea eta berdin kale osoa, beheko auzoraino Txingudi badiaranzko igarobidea besterik ez delako, ez daukalako zerbitzurik, autobus-geltokirik, zebra biderik eta are gutxiago geldialdi turistikoa egiteko aitzakia emango lukeen ezer. Baina hantxe zeuden, zutik, oin puntetan tente, gure etxe-ataria eta limoiondoa pribatu bilakatzen dituen paretaren gerizpean, besoak luzatuta. Berehala hartu nien taxua.

Miserableak halakoak. Zer eta gure limoiak ari ziren harrapatzen, zer eta gure kezkaz, arduraz eta maitasunez zaindutako zuhaitz berpiztuaren fruituak. Nortzuk eta gogotik ordaindutako arropen edota smartphoneen jabe ziren hiru lagun. Ba ote da makurragorik? Autoa edo antzeko beste zernahi ostu izan balidate ere ez nukeen halako minik hartuko. Amorruaren amorruz, pausoa arindu, eta madarikazioka uxatu nahi izan nituen, eta artean urrun nengoen arren, sekulakoak eta bost entzungo zituzketen, bai horixe, orduantxe ondoko zubitik pasatzen ari zen trenaren zaratagatik ez balitz.

Haien parera iritsi nintzenerako, ospa egiten hasiak ziren. Etxetik pare bat metro beherago eman nien altoa. Bizkarretik heldu nuen gizona, harri eta zur begiratu zidan, kasik zurbil, ulertzen ez zidala aditzera emanez. Ez da ba hizkuntzatan masterrik behar nire aurpegiko keinua harrapatzeko, neure artean. Bat-batean milonga harrigarri bat kontatzen hasi zitzaidan gaztelaniaz, ilobak tarta bat egin nahi zuela, eta emazteak bazuela errezeta on bat, baina horretan hasi aurretik paseora atera nahi izan zutela egun aparta aprobetxatuz, eta limoiren bat behar eta tar-tar-tar, eta zenbat eta gehiago luzatu berriketa, orduan eta ilunagoa nik kopeta. Nire begiradari gehiago eutsi ezin izan zionean, besoak luzatu eta eskuetan zituen limoiak itzultzeko saioa egin zuen berritsuak.

Baina ez nizkion hartu. Nire erraietan borroka lehertu zelako bat-batean. Eta aurreikuspen guztien aurka, etsairik behinekoena gailendu zitzaiolako momentuko amorruari: errukia.

Izan ere, zer patetikoagoa, limoi ziztrin batzuk lapurtzen harrapatu, gaizki egin izanaren kontzientziagatik lotsatu, eta lapurretaren arrazoia izan behar zuten horiek (emazte xaxatzailea eta iloba kapritxosoa) burua makurraraziko dizunaren aurrean abandonatu zaituztela konturatzea baino. Babesik minimoena emateko imintziorik ere egin gabe alde egin zuten, gizagaixoa nirekin utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.