Julen Azcona
ARKUPEAN

Memoria ehizatzeko jarraibideak

2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Memoria ehizatzeko jarraibideak: orainaren zati bat atzamarrekin heldu, airean bizirik eta bero-bero dagoen bitartean, kristalezko botila txiki batean gorde, poltsikoan ezkutatu, inori ezer esan gabe, denbora bat hor mantendu eta bitartean lagunekin plazan geratu, familiarekin bildu, Gabonak ospatu, oporrez gozatu, urte berriari ongietorria eman, zoritxarrez lanera bueltatu, hau guztia oroitzapena praketan ezkuturik dugula, geroz eta hotzago baina bizirik oraindik, eta lana amaitu eta etxera bueltatzean, ehizaki maitea kaxoi batean paratu, behar bada lehenago lapurtu genituen beste hainbat oroitzapenekin batera, eta nahi dugun bakoitzean begiratu, nostalgian mozkortu, noizbait momentu hobeak bizi izan genituela geure burua konbentzitu.

Behar adina gogorapen harrapatu ditugunean, bata bestearen ondoan jarri (bestak, afariak, bertso txapelketak), konparazioak egin (zein izan da jai egun hoberena, zein muxurik beroena), eta ondoren grafikoak atera (egindako planen artean, zein da hondartzako planen portzentajea, zein mendian eginikoa, zein kalean, tabernan, diskotekan, lagunen etxean). Oroitzapen guztiei azken begiratu bat eman eta kaxoia itxi, hurrengo urtera arte. Listo. Hau da guztia. Memoria ehizatzeko jarraibidea, urratsez urrats.

Memoria ehizatzearekin obsesionatuta gaude. Horregatik, biografiak eta entziklopediak eta egunkariak asmatu ditugu. Abenduan, zerrendak egiten ditugu, urteko liburu, film, disko eta kontzertu hoberenak seinalatuz. Urtean gertatutako gertakizun sozial eta politikoak laburbiltzen ditugu, egunerokoaren zentzugabekeriari ordena jakin bat emateko (Gerra Ukrainan, erreferenduma Txilen, estatu kolpea Perun). Gero, urtarrilean, beste zerrenda bat, 2023an egitea gustatuko litzaigukeenarekin (crossfit-en izena eman, yoga ikasi, zakur bat adoptatu, hogeita bost liburu irakurri, denda berri batean sartzean beti lehenik euskaraz zuzendu). Hainbeste gustatzen zaigu oraina kapsulatzea, gertatu ez dena ere kontrolatu nahi baitugu.

Internetek eta sare sozialek giza grina hau ongi ulertu dute, eta eskuragarri jarri digute. XXI. mendean, ez dugu biografo ofizialik kontratatu behar. Klik bakarrarekin, mugikorrak urtean zehar egindako argazki eta bideo hoberenak hautatu eta inteligentzia artifizialaren bitartez film labur hunkigarri bat sortuko digu. Instagramera igo, eta, gainera, filtro polit bat jarriko digu. Azkar-azkar eta doan (trukean, behar bada gure informazio pertsonala enpresa erraldoiei eskainiko diegu musu truk, baina, hori kenduta, txollo hutsa da).

Nire kasuan, kontsumitu dudan kultura da laguntzen didana 2022 honetan nor izan naizen gogoratzen. Zineman, Luca Guadagnino italiarraren Hasta los huesos filma gustatu zait, bi gazte kanibalen arteko maitasun istorioa kontatzen duena. Telebistan, Los ensayos seriea, egoera deseroso bat aldez aurretik entseatzea eskaintzen duen enpresa bati buruz. Literaturan, Lucy Ellmannen Patos, Newburyport eleberria, AEBetako emakume baten pentsamenduak biltzen dituena, 1.200 orrialdeko esaldi bakar batean, bere etxeko sukaldetik opilak egin eta saltzen dituen bitartean. Musikan, Rosaliaren Motomami disko abangoardista, etaC. Tanganaren Sin cantar ni afinar kontzertua, Iruñeko Nafarroa Arenan bizi izan nuen esperientzia paregabea, musika eta zinema uztartu zituena.

2023an oroitzapen berriak ehizatu beharko ditugu, testu honetan azaldutako jarraibide xumeak betez, edo, bestela, Instagramen filtroen laguntzaz. Bitartekoa edozein dela ere, helburua beti bera da: geure burua ahanzturaren zingiratik salbatzea. Eta, Berri Txarrakek esan zuen bezala, norbait gutaz oroitzea abesti berriren batean, zuhaitz zaharren azaletan, Argaren zilar uretan, iluntzeetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.