Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Iparraldean euskaraz ikertzeko

2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Identifikagaitzak dira Ipar Euskal Herriko ikerlari euskaldunak. Salbuespena dugu IKER zentroak biltzen dituenekin, euskal filologiaren arloan. Besteak barreiatuak dira hainbat laborategi eta zentro unibertsitariotan. Zailtasuna horretan da: ia denak fisikoki Ipar Euskal Herriko lurraldetik kanpo ikertzen ari dira. Batzuk Euskal Herriko beste unibertsitateetara joanak dira, konparazione Arrasate, EHU, NUP eta beste formakuntza nukleoetara. Beste batzuk frantses estatuan ari dira. Hauetan, hurbilenak, Paue, Bordele eta Tolosan. Gero frantses estatuan zehar ikertzen ari direnak badira, baita Europan eta kontinente ezberdinetan ere. Pixkanaka, elkartuz joateko asmoa duen sare bat josten dugu.

Ikerlari euskaldun izatetik euskal zientzia egiterako jauzia ez da hain erraza. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) hasi zuenetik bere jarduera, duela 50 urte jadanik, xedeak handituz joan dira. Hala ere, euskal zientzialarien komunitateak oztopoen gainetik aitzina segitzea ez da hain ebidentea. Iparraldean, gure lanak euskaraz zabaltzeko tresnak falta zaizkigu. Gure ikerketa sailetan euskaraz ez da irakasten, beraz, gure zientziaren hizkuntza erdaraz pentsatua da. Erdarazko irakasleek irakatsi digute (gehienetan), eta euskaldun batzuk baldin baziren tartean, erdaraz irakastera bortxatuak ziren. Orduan, zientzia euskaraz egitea arrotza zaie oraindik ikerlari gazteei. Ikerlariak euskarara murgilduz joanen dira besteen lanak deskubrituz edota egitura unibertsitarioz aldatuz, Euskal Herrian euskaraz irakasten den sail batera joateko aukera baldin badute.

Batzuetan, Iparraldean, badirudi ez garela mugitu Jose Ramon Etxebarriak Espainiako presidenteari erantzun zion garaitik. 1976. urtean Adolfo Suarez Espainiako presidenteak bota zuen frantses aldizkari batean euskaraz edo katalanez ezin zela fisika nuklearra irakatsi. Eta ez nintzateke harrituko frantses estatuko edozein buruk horrelako adierazpen bat egiten balu 2023. urtean. Joserra Etxebarriak Suarezi erantzun zion orain famatua den erranaldi batekin. Ikerlari euskaldunak adierazi zion bi gauza baizik ez zirela jakin behar Fisika nuklearra euskaraz irakasteko: euskara eta fisika nuklearra. Etxebarriak aitortu zigun, aldiz, ez zela hain ebidentea izan euskarazko komunitate bat osatzea. Ordea, sorkuntza momentu garrantzitsu bat izan zela euskal zientzialarien komunitatearen osaketa. Hain zuzen, euskarari bultzada bat eman zioten unibertsitateko gaiei egokitzeko, hiztegi berri bat sortuz. Ondorioz, ebidentea bazen ere, hizkuntzaren berritzea ez zen berez etorri. Landu egin zen.

Euskal hizkuntza zientifikoa eskuratzeko, lantzeko eta berritzeko beharra etengabe agertzen zaigu. Bide beretik, ikerlari gazteentzat, UEUk antolatzen duen Ikergazte ekimenak garrantzi handia du. Alde batetik, gure lanak euskaraz lantzeko eta plazaratzeko lekua delako. Bestalde, euskal komunitate zientifikoa osatzeko ekimena delako. Aukera paregabea dugu Iparraldeko ikerlari gazteok, hain zuzen ere gure xokoetatik ateratzeko. Hain gara barreiatuak; holako elkartze batek komunitate horren parte izaten laguntzen ahal gaitu. Bai gure lanak euskaraz gehiago zabaltzeko, baita elkar sostengatzeko eta antolatzeko ere oraindik arrotzegi dugun sistema unibertsitario (errotik) jakobino baten baitan.

Murgiltze hau ederra bada ere, Ikergazte kongresuak urte osoko segida behar luke. Iparraldean, saretuz eta euskarazko tresnak partekatuz, euskal komunitate zientifikoaren parte sentitzeak anitz ekar dezake. Sorkuntza unibertsitarioko bide berriak urratuz, espazio berriak ere sortzen ahal genituzke. Ikerlari gazte etiketatik haratago, ikerlari euskaldunena osatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.