mikel elorza
ARKUPEAN

Ez lur ez zeru, zulo

2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Albistegiei begira gaudela muturra okertzea, tristatzea edo haserretzea ohikoena izanik, gustura hartu nuen albiste pozgarria: «Gero eta apaiz gutxiago». Segida hobea posible zela pentsatuta, okurritu zitzaidan hurrengo pausoa Eliza autodisolbatzea eta armak entregatzea izan zitekeela, baina okurrentzia bainoago desio utopikoa dela jakitun, konformatuko nintzateke armak ez baina ostu dituzten jabetza eta eraikinak itzultzen badituzte, eta disolbatu gabe ere, bizitza publikotik desagertzenbadira, fedeari dagokion eremu intimo eta pribatura barnebilduz, hezkuntza, ospitaleak eta are hedabideetako espazioak utzita. Doazela zerura, irabazia daukate, lurreko infernua guri utzita.

Eta horretan ari nintzela, Ceutan ekintzaile batek estu oso hartu zuen apaizak zeruratzearena—sakristaua hil zuen, ez apaiza, baina galde ezazu egun ea nork bereizten dituen apaizak, fraideak, anaiak, sakristauak...—. Bere burua serio-tzat duen hedabide batean irakurri dut Cristian muturreko islamdar aste gutxiren buruan bilakatu dela —Cristian izena du, ez didazue esango zoragarria ez denik!—, oso erradikalizatze azkarra izan duela. Eta tira, akordatu naiz Espainiako gobernuburuak eta bestek gutun-bonbak jaso zituzteneko horretan ikerketek iradokitzen zutela taldexka errusiar-zale bat horren atzean, eta atzenean izen patrizioko Pompeyo ezagutu dugu, pentsionista (ez naiz ausartzen erretiratu idaztera halako aktibitate-maila duen pertsona bategatik!). Soziologoen hauteskundeetako inkesta eta sondeoek baino fidagarritasun gutxiago dute teorialariek. Beraz, Cristianen muturreratze ideologikoa...

Pompeyok eta Cristianek zerura bidali nahi zituzten beste batzuk, ez dakit eurentzako zer paradisu irabaztearren, baina oraingoz zuloa dagokie.

Horixe guri ere. Izan ere, aztoratua nindukan egunotan zientzia alorreko notiziak, zerutik planetaren barruraino ginderamatzanak. Lurraren nukleoa gelditu, tronpoa egin —deskripzio zientifiko lehorra apur bat apaintzearren—, eta kontrako norabidean bueltaka hasia zela. Notizia latz gisa saldu zutela esango nuke, eta denon buruak hasi zirela hondamendi-filmetako irudiak berreskuratzen, olatu erraldoiak hiriak itotzen eta elur ekaitzak basamortuan. Hainbeste ez, baina eguna laburtuko omen. Arraioa. Hondamendi geologikoak baino katastrofe gurelogikoak aurreikusi nituen: egun guztiak igande arratsalde ajetsu bat baino luzeagoa egiten zaizkion jendea pozik, lehenago iritsiko zelako jaikitzeko motiborik edukiko ez duen hurrengo goiza; eta beste muturrean eguna iristen ez zaigun estresatu kuadrilla, lehen baino oraindik ere helmuga gutxiagoetara helduz, berandu da nire abizena klana handiagotuz. Ez dakit eguna laburtuz gero laburtzea orokorra izango litzatekeen, logikak hala dio, egunak eta ilunak hein berean laburtuko liratekeela, baina gure munduaren jiraren giderra duten antibizio armadak ezagututa, seguru moldatuko liratekeela orduak gauari kentzeko. Lan jornada eta egutegiak ez laburtzen asmatzeko, bai horixe. Eta erretreta adina berdin luze.

Albiste honen ilusioak ere, ordea, buztana oso motza: aurkikuntza ez zela hainbesterainokoa, eta egunaren laburtzea izatekotan ere milisegundotakoa izango zela. Hutsaren putza.

Ez zeru ez lurreko nukleo, guri betikoa gelditu zitzaigun, errealitate egoskorra: Leopard tankeak Ukrainari, samin bagoiak Palestinari; hizkuntzaren kontuak mingainadunek beharrean longainadunek ebazten; osasun arloa gaixo...

Zuloak geratzen zaizkigu (zu lo-ak ere bai, noski). Plazer eta biziorakoak. Eta lubaki bihurtzekoak, Artolazabalen kaikuen eta Pompeyoren gutunen artean katalogo handia baitago borrokarako, eta zer borrokatua franko, franko, franko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.