garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Zakurrak eta jabeak

2023ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Nire lagun berriak Aimara du izena. Txingudi badiako bidegorrian ezagutu nuen, gaurkoa baino egun hotzago batean, norbere zakurraren atzetik genbiltzala. Lehendabizi bi zakurrak batu ziren, nire artzain iletsu pedigri-gabea eta haren Border Collie ederra, eta jarraian gu, Aimara eta biok, eta kilometro pasatsu egin genuen elkarrekin paseoan, aspaldiko bi adiskide pare bagina bezala.

Gauza naturala eman lezake beharbada, baina ez uste hain erraza denik zakur-jabeak zakur-jabeekin elkartzea, atzetik bestelako arrazoirik ez denean behintzat. Egoera ezin da haurren jolas-parkearekin edo haurtzaindegiarekin parekatu. Bi ume harmonia onean ari direnean haien gurasoak elkarren lagun izatera behartuta sentitzen badira ere, bi zakurrek elkarrenganako grina erakusten dutenean, edozer gerta liteke haien aita-amen artean.

Behin, orroka eta kasik ostikoka uxatu gintuen andrazko batek, artean hurbildu besterik egin ez ginela, inortxo ere ez zuelako nahi bere zakurtxoaren ipurdi atzean usnan, eta are gutxiago gurea bezalakorik. Soka motzean hartzearekin batera, lasai hartzeko, ezer txarrik egingo ez ziola esanez baretu nahi izan nuen andrea, eta hortxe amaituko zatekeen enkontrua —emakumearen muturbeltzak gorabehera—, handik ordu laurdenera-edo, paseoan bueltan gentozela berriz ere gurutzatu izan ez bagina, toki bertsuan.

Gure zakurrak, tiraka etatiraka, harenarengana jo zuen zuzen. Konturatzerako, bi zakurrak elkarri musuka ari ziren, eta ni harri eta zur, emakumeak larderiatzeko esaten zidana sinetsi ezinik. Aspertuta ote nengoen. Ezaguerarik ba ote nuen. Nahita ari ote nintzen. Probokatu egin nahi ote nuen. Ospa egiteko, malapartatua halakoa. Frantsesez egin zidan lehenik, eta gero gaztelaniaz, gaizki-ulerturik gerta ez zedin.

Hamaika galdera otu zitzaizkidan. Besteak beste, alboan inor nahi ez bazuen, parke publikora, are, bidegorrira, zertara ote zetorren; zakur guztiek asaldatzen ote zuten ala gu ez besterik ote ginen bere haserrearen iturri; deabru-adarrak, banpiro betortzak edo zer demontre ikusi ote zigun. Baina haren tar-tar-tar zakarrak ez zuen neurririk, eta «Bai, emakumea, bai!» atera zitzaidan barren-barrendik, halaxe, literalki, kopeta ondo zimurtuta nuela. Orduantxe hasi zen festa. Aurretik esandako guztiak aski ez eta «txakurra!» esan zidan, «hija de puta» gero, eta ez nuen jakin barre egin ala bere amarruan eroriz belarrondokoa eman behar ote nion.

Ez. Zakur-jabeak zakurzalea izan behar duenik ez dago inon idatzia. Eta zakur-jabe denak beste zakur-jabeak ulertu eta errespetatu behar dituenik ere ez. Izatez, arrunt bestelako bi gauza dira zakur-jabe eta zakurzale. Baina, horrez gainera, enpatia gutxitan da naturala, eta are gutxiago doakoa.

Istorio asko kontatu zizkidan Aimarak, elkar ezagutu genueneko paseo hartan, batez ere Txingudi badiako bidegorria utzi eta mendialdera jo genuenean. Horietarik batzuk bere zakurraren gaineko kontuak ziren (nolako izaera duen, zer duen gustuko, nola limurtzen duen kalera atera dezan), eta beste gainontzeko kontu guztiak giza espeziearen zakurkeriak aletzeko ahalegina zirela esango nuke. Orduantxe konturatu nintzen ez gintuela zakur-jabe izateak batu, bestelako magnetismo batek elkartu gintuela gaurkoa baino egun hotzago batean, eta erakarpen-indar horrek bi ezaugarri lotzen zituela konturatu ez arren. Batetik, gure espezieak eragindako dezepzioa nahiz hutsa, eta bestetik, hegemonian denari bost axola zaion tribu bateko kide sentitzea, Aimarak berez eta izenez iradokitzen zuenez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.