mikel elorza
ARKUPEAN

Zaintza erdigunean da

2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dantzaleku sarreretan metal-detektagailuak jarri beharrean testosterona-detektagailuak paratu beharko lirateke. Labanak izan dira protagonista aspaldian alarmatu gaituzten gertakari batzuetan, bai, baina testosteronak heltzen zion kirtenari. Zakildunak izaten dira besteak sastakatzen dituztenak, besteak jipoitzen dituztenak, borrokan egiten dutenak. Gizonezkoak. Hortaz, testosterona-detektagailuak jarri behar dira gaueko aisialdiaren eremu gorrietan, eta hala, 0,25etik gora ematen duena artaldetik bakandu —elementu ezinbestekoa erasoetan, ar-taldea—, eta tartetxo batez apartean gorde euforia jaitsi dakion. 0,60tik gorakoak estuago hartu —zigorrik gabe, ahal dela, ez naiz sekula punitibista izan—, agian bromuro marra bat eman —txartela eta billete-hoditxoa berak edukiko ditu seguruenik— edo ez dakit nik zer substantzia pottarazle bota edariari... Asma ditzatela hormona-inhibidoreak (bide batez irrati frekuentziak libreago utziz).

Parrandara aiztoa patrikan duzula irtetea ez da oso gomendagarria, baina testosterona belarrietatik uharka ateratzen zaizula ibiltzea are arriskutsuagoa da. Besteentzat, batez ere.

Jakina, karikaturak aparte, hormona bera ere ez da erruduna. Testosteronadun, zakildun makina bat ibiltzen da hurkoari muturra puskatzea gaua bukatzeko modu zoragarritzat ez daukala. Detektagailu eta miaketak ez bestelako lanketa bat eskatzen du honek, eremu bereko afera gehienek bezala, feminismoak argi asko erakutsia eta seinalatua digunez, jendarte muinetarainoko matxista heteropatriarkal honen egituretan dagoela arazoa. Gugan, alegia.

Hori egin bitartean, ordea, nagusiek betiko errezeta liburura jo dute: kontrola. Urteak dira dantzaleku eta gaueko tabernetako ateetan enborrak landatu zituztela, Gipuzkoako armarriko moduko mazodunak, baina XXI. mendeko jantzietan, txalekoz eta trepetaz beteriko gerrikoaz, segurtasuna hitza bizkarrean tatuatua. Mutuak aukeran, burmuina ukalondo eta sorbalda bitarteko nonbait kokatua. Lehen ere baziren atezainak, baina ez edonon. Egun, ordea, guk libre eta alegeraki ziento bat aldiz gurutzatu ditugun ateetan morroiok ikusteak zimiko latza egiten dit (nahiz eta zimiko ez txikiagoa eragiten didan administrazioko bulego askotan atezainen menpe egotea, aurretiazko hitzorduen aroan nor sar daitekeen edo ez seguralariek erabakitzen dutela).

Segurtasuna eta ordena deitzen diote, baina kontrola izena du.

Eta hala, itxuraz labanen dantza ugaritu egin den honetan, albiste tristeek esnatu gaituztelarik jai ondoren batzuetan, hagintariek ekin diote oholtza baten erdian dauden aktoreek eszena klasikoan bezala, «zerbait egin beharra dago»-ka, eta zerbait erabaki. Arazoa konponduko duen? Hori bigarren mailakoa da. Inportanteena da zerbait egin dela esan ahal izatea.

Joan den igandean bertan zeuzkan prest ETBk irudiak, nik neuk ikusi nituen, gazte batzuk paretaren kontra, ertzainek miaketa egiten zieten bitartean. Bezpera gauez. Ari direla, ari direla, bi txaleko jantzita, labanak bilatzearen aitzakian ea besterik ez bada eurek txanda pozik amaitzeko hauts zuridun poltsatxoa edo harri-koxkor lurrindun bat topatzen dizuten. Haiek Txirrita, eta paretaren kontra daudenak Xenpelar, ia gureak egin du, badugu zeinek hagindu, bertso giroan amaitzen dira parrandak, saturday basque night.

Segurtasuna eta ordena deitzen diote, baina kontrola izena du: poliziak infiltratuta mugimendu sozialetan, segurtasun indar paraleloak gero eta ate gehiagotan, kamerak nonahi, detektagailuak...

Azken beltzean: balkoietan izarrei txaloka ibili garen bitartean, batzuek ez diote utzi zaintza erdigunean jartzeari: atezaintza,bideozaintza, gaueko zaintza, bidezaintza... Eta nork zainduko gaitu zaindariengandik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.