Pauline Guelle.
ARKUPEAN

(Des)kolonizazio prozesu berriak?

2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Kanpoan uso, etxean otso. Honela laburbiltzen ahalko genuke Mendebaldeko estatu demokratikoek duten jarrera gatazka politikoei begira. Sustut estatu espainiarrarena eta frantziarrarena. Hain zuzen ere estatuek beste populuen zapalkuntza antolatzen eta gauzatzen dutelarik. Azken hiru hamarkadetan, Justizia trantsizionalaren printzipioei jarraikiz, ikerketa eta komisio bereziek oinarrizko eskubideen kontrako eraso sistemikoak adierazi zituzten estatu ugaritan.

Konparazione, Kanadan,populu autoktonoei buruzko Egiaren eta Berradiskidetzearen Batzordea sortu zuten. 2007an lanketa hori estatuaren eskutik eraman zen autoktonoei inposatutako barnetegien memoria lantzeko. Komisioaren lanaren ostean, Justin Trudeau lehen ministroak «genozidio kulturala» aipatu zuen txostenaren ondorioak partekatuz. Baina barnetegien errealitatea elizen esku egon zen partez, eta Eliza katolikoaren izenean Aita Sanduak 2022an baizik ez zien bere barkamena helarazi komunitate autoktonoei. Kolonizazioaren mekanismo bat izan zen, beraz, barnetegiena. Emazte autoktonoen kontrako eraso espezifikoentzat ere estatu mailako ikerketa bat galdegin zuten. Zehazki, desagertu eta erailak izan ziren emazteei begira. Lan horretan ere ondorioztatu zuten genozidio kulturala izan zela. Orokorki kolonizazioaren arazoak hainbat adar uzten zituen, adibidez, lurren ebastearena, hizkuntzen bazterketa edo haur lapurtuena.

2023ko otsailean France Culture Frantziako irrati publikoan hiru emankizun hedatu dituzte, Cultures monde irratsaioan, populu autoktonoen eskubideen harira. Horiek denek aipatzen zituzten kanpoko populuak. Kanadar estatuko autoktonoak, Eskandinaviako sami populua eta Australian bizi diren aborigenak. Emankizuna zuzendua zitzaien plantan ezarri ziren indemnizazioei. Beraz, populuei aitortutako eskubideak aipatu ziren bakarrik. Berriz ere, frantziar estatuan existitzen diren populuen egoerarekin ez zen konparaziorik egin, ez zen parekatu, ez zen aipatu. Alde batetik ez zen galderarik egin metropoli barneko populuei buruz, hala nola euskaldunak, bretainiarrak, korsikarrak edota okzitaniarrak. Bestalde, ez ziren agertu metropolitik kanpoko populuak; adibidez, Kaledonia Berriko kanakak edo Guyanako bushinengeak.

Guyanan, Kanadan ezarritako barnetegien pareko homes indioak eraiki ziren autoktonoentzat. Beste emankizun bateko gaia izan da hori, haatik. 1930eko urteetan sortu baziren ere, barnetegiak ezagutugabeak ziren. Homes barnetegiak eraiki ziren justuki indioen kultura deseraikitzeko hezkuntzaren bitartez. Hélène Ferrarinik Allons enfants de la Guyane liburuan (2022) kolonizazioaren alde hori azpimarratzen du. Gainera, Estatu frantsesaren babesarekin, kleroak oraindik homes bat badu Saint-Georges de l'Oyapock hirian.

Kanadan bezala, kolonizazioak beste ondorio aitortu gabeak eta konpondu gabeak ditu. Egiaren eta Berradiskidetzearen batzorde bat sortuko balitz, lehena izango litzateke Frantziako estatuan. Horretarako, estatuak prest egon beharko lirateke egin eskubide urraketa guziak aitortzeko, eta bere politika kolonialaren baitan eraikitako sistema zapaltzailea argitan uzteko. Momentuz, Frantzia mutu egoten da.

Nahiz eta deskolonizazio tresna bat bezala pentsatua izan daitekeen, batzorde horien helburuek ez dute halakorik zehazten. Eta, hala, estatuen menpekotasunak egonkortzeko instrumentu bilaka daiteke. Gehienetan, horretarako baliatzen dira. Orduan, zergatik estatuak hain beldur dira horrelako komisioak irekitzeko? Agian parean plantatzen diren aktoreen kontra indar jokoan galtzeko beldurrez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.