Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Justiziaren aurka

2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Martin Luther King Jr. apaiz eta aktibistaren ahotan jarri ohi da maiz ondoko esaldia: «Garaipena lortuko dugu, ez izan zalantzarik, moralaren unibertsoaren arkua luzea bada ere, justiziarantz egiten baitu aurrera». Beste askok erabili dute gero hitzaldi eta antzekoetan, baina, itxura denez, ez zen bere-berea, AEBetako Independentziaren aldeko eta esklabotzaren kontrako borrokan nabarmendu zen Theodor Parker pentsalariarena baizik.

Estatu Batuetako eskubide zibilen kausaren mugak zabaldu zituen King doktoreak, indarkeriarik gabeko protestak eta desobedientzia zibil masiboa aldarrikatuz. Arrazoiak injustiziak makurrarazi zitzakeela sinisten zuen berak, eta ez dago dudarik haren ekarpenaz, baina Historiak erakusten digu berez gertatuko dela uste izaten dugun hori ez dela, askotan, berez etortzen.

Baikor izan nahi dut, baita egoerarik zailenetan ere, baina honek pentsamolde magikotik askotxo duela uste dut: bizitza haize-kontran doakizunean ere, sinistu ezazu noizbait aldatu egingo dela aroa, ezinbestean, arrazoia alde duenak justizia ere alde izango duelako. Nahi nuke sinistu hala dela, baina azken bolada luzean, oso bestelakoak dira justiziarengandik jasotzen ari garen adibideak; arkua behin eta berriro tenkatzen ari da, gezia begiaren erdian sartzeko.

Bertolt Brecht idazlea kexu zen begien bistakoa dena ere aldarrikatu eta defendatu behar zen garaian bizitzea egokitu zitzaiolako. Berdin jarraitzen dugu, ordea. Jakina izanagatik ere, behin eta berriro errepikatu behar dugu, hizkuntz eskubide esaten zaien arren ez direla hizkuntzarenak berez, geu garela, hiztunok, eskubide horien subjektu. Eta defendatu behar ditugu, logika guztiaren kontra, justiziaren beraren kontra ere, geure herrian gure hizkuntzatan arta jasotzeko eskubidea dugula, ofizialak diren hizkuntzetako edozeinetan, eta ez bakar batean. Begien bistakoa bada ere, lanpostu publikoen deialdian parte hartzeko eskubidea herritar guztiek dutela, baina lanpostu publiko bat lortzea ez dela berez eskubide bat, meritu-lehiaketa zintzo baten bidez irabazten den zerbait baizik. Eskubide eta desioak ez direla gauza bera, hori ere behin eta berriro errepikatu behar da. Zenbat aldiz erori eta altxatu behar da bat bidean zertxobait aurrera egiteko? Brecht kexatu egiten zen eta gu nekatu egiten gara.

Sisifo gaixoaren oinordekoak gara: gaitz hereditario bat belaunez belaun transmititzen den bezala, aldez aurretik ezarritako patu makurra jaso dugu guk. Geure infernu handi edo txikietan harritzar bat daramagu bizkar gainean, maldan gora beti. Pauso txiki bakoitza eta guztiak pozez ospatzen baditugu ere, aurrerapena oso txikia da, edo berriki (enegarrenez) ikusi dugun bezala, ahulegia. Malda hori, izan ere, oso pikoa da eta zuloz beterik dago. Gutxien espero duzunean, harria gainbehera amiltzen da edo norbaitek zangotrabak ipintzen dizkigu, eroraraziz. Berriro harritzarra hartu eta berriro gora, berriro ekitera, gero eta nekatuago, gero eta abailduago. Sisifo gara euskaldunak, eta ni neu, behintzat, nekatuta nago betikoa esan beharraz, betikoa borrokatu beharraz, betiko hori betirakoa ez ote den pentsatzen hasita.

Garaipena ziurtatuta dagoela pentsatzea inozoa da, noski, baina den-dena galduta dagoelako amore ematea axolagabea litzateke. Bidearen erdian egon behar du irtenbideak. Arkua ez da berez tenkatzen, ezta lasaitzen ere: eskuak behar dira, pultsua, indarra eta punteria behar dira dianaren erdian asmatuko badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.