Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Protesta

2023ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Estreinatu dugun udaberriko egun ilunak eta berunezko zerua dakarren eguraldia adierazteko erabiltzen da ingelesez stormy hitza. Ekaitzaren burrunba datorrenaren abisua emateko balio du eta hala egin du azken orduotan ere. Trumoiaren zalaparta sortzen profesionala den Donald Trumpek eman du aditzera erauntsia bere gainera datorkiola: gaur bertan hartuko dute atxilo, bere kalkuluen arabera. Jendaurrean egin zituen adierazpenetan ez zuen ordu zehatzik adierazi baina argi utzi zuen Alvin Bragg fiskalak magoen trikimailurik ankerrenak erabiliko dituela gaur bertan atxilo har dezaten. Manhattanen da ikuskizuna eta gu, sarrerarik gabe.

Ohiko bilakatu da Trump antzezle lanetan ikustea eta barnean daraman drama epikorako joera adieraztea bere aurkako karguak azaleratzen direnean. Azalak baduelako garrantzia kasu honetan: larru kontuak dira ekaitzaren erdigunean daudenak eta aktore ilehoriaren ustezko izen ona zipriztintzen dutenak. Aktoreen arteko larru-talka baita Manhattango fiskaltzak argitu nahi duena: Stormy Daniels porno aktorearekin izan zuen harremana isilpean uzteko egin zuen ustezko ordainketa. Trumpek ekaitzaren aurrean oldartzera deitu ditu estatubatuarrak eta zain gaude adardun gizasemeak Kapitolioari berriz erasoko ote dion.

Atxiloaldia zetorkiola esan zuenean gure herrian gertatzen zirenak etorri zitzaizkidan gogora. Edozein gau bilakatzen zen stormy orduan ere, eta, gutxi batzuen akordura erreskatatu behar bada ere, hamaika euskal herritar dira «nire bila datoz» esaldia ahosgora esan dutenak. Isilpean itxaron zioten batzuek gau ilun amaigabeari, alde egin beste askok, eta giza harresi baten atzean zain egon zenik ere bada. Memoriaren lurpean utzi nahi dira maiz baina lehen planora berehala egiten dute jauzi gehienetan. Trump, atxiloaldiak eta esaldia dantzan hasi zitzaizkidan asteburuan. Ez dakit Trump atxilotuko duten, Kapitolioa berriz komikietako pertsonaia irudi dutenekin beteko ote den ala Manhattango ordainlekuren batean eskuburdinak jarriko dizkioten. Memoriaren dantza ez zen Manhattanen izan, baina ilun zegoen, eta, ekaitzik ez bazen ere, euri txikia ari zuen. Iruñerriko ordainsari baten paratu zuten poliziaren kontrolean jazo zen. Ez zuen garai bateko xehetasunik falta: dena zen argi urdin, arma erakustaldi eta derrigorrezko errespetu. Banaka zihoazen autoak ilaran astiro, norberaren txanda iritsi zen arte.

Gelditzeko agindu zuen berdez jantzitako gizonak. Linternaz argiztatu zuen autoaren barrualdea. Autoaren matrikula begiratu eta linternaz argiztatu zuen hutsa zegoen autoaren atzeko aldea. Leihoaren kristala jaisteko agindu eta nondik zetozen eta nora zihoazen galdetu zien barrukoei. Aspaldiko kontuak, pentsatu zuen gidariak. «Maletategia irekiko dizut», esan zuen. Astiro ireki zuen maletategia, kaxa bat kontu handiz ireki eta malguki bati lotuta dagoen pailazoaren aurpegia aurkitzeko beldurrez balego bezala. Linternaren argia berriz ere. Berriz hurbildu zen gidariarengana. Autoaren matrikula argiztatzen duen bonbilla bat hondatuta zuela esango ziola uste zuenean bota zion galdera: «Noizbait atxilotu al zaituzte?». Ezetz erantzun zion gidariak. «Ziur al zaude?», bota zuen orduan. Baiezkoa izan zen erantzuna. Irri txikia egin zuen eta bidean aurrera jarraitzeko esan zuen.

Auto barruan ez zihoan ez Donald Trump, ezta Stormy Daniels ere, baina berehala jakin zuen autoaren jabeak galderen zergatia: autoaren ipurdian itsatsita dauden Euskaraz bizi nahi dut eta Seaskak 50 urte esaldiak. Berdez jantzita zihoan linternadunarentzat nahikoa noizbaiteko balizko atxiloaldian pentsatzeko. Protestei esker brebeta euskaraz egingo dutela jakingo ote du...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.