mikel elorza
ARKUPEAN

Egunak

2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Egunik gabe geratzen ari gara, Donostiako parkingak hemendik aurrera bezala, kalendarioa okituta daukagu (parkingetako batek hala iragartzen du betetzen denean, eta ez da txarra guretzat ere, betea bai, baina nazkatuta ere esan nahi baitu). Ez daukagula egunik, esan nahi dut: antxoa, berdela, sardina, txuleta, goiko mendiko gazta, beheko larreko mamia, txakolina, hango ardoa, hemengo sagardoa, olioa, zainzuria, babarruna... Egunero bada gure ama lurrak eta ama itsasoak (Arestik dixit, «zu zara gure ama maitea / euskaldunon gurasoa») eskaintzen diguten oparietatik bat edo besteren eguna. Eguna eta, beraz, festa, azoka, musika, dantzak, bisita gidatuak… eta ingurutako parkingak betetzeko lain dauzkagun turismo teknikariei bururatzen zaizkien bestelako hainbat ekitaldi.

Eta gure ama lurtar edo itsastarrek emana izan gabe ere, arazorik ez: ez da denbora asko Turtziosen gamba-ren eguna ospatu dutela, Huelvako ganbarena, zehatzagoak izateko. Turtziosen zer dela eta? Imajinatzen dut izango zela mundu osoan ezagunak direlako Karrantza parte horretako kostaldeko itsaskien bertuteak...Berdin dio, arraioa! Ez gara orain exquisito jarriko. Andaluzian jaioak izanagatik gure haztegietan hazitakoak direla esango dugu, eta kitto. Zuek zer nahiago duzue, ganba euskalduna edo itsas zapore sublime bat utziz ahoan gurina legez dekonstruitzen zaizuna? Hori ba.

Gauak geratzen zaizkigu, beste alarma baten aitzakian berriro lapurtzen ez badizkigute behintzat.

Eta lan egunak ere —lana dutenek, bederen—, horiek ez dizkigute ukitzen, geuk ere ez. Ukiezinak dira, hori da gaur fededun eta fedegabeok batzen gaituen erlijioa. Lana: Erromako ostia guztiak baino sakratuago. Egin ezazu lan bizitzeko, ez bizi lan egiteko. Halaxe esaten genion geure buruari gaztetan, eta gero halaxe ematen ditugu geure bizitzako 40 bat urte, astelehenetik ostiralera beharrean eta asteburuak libre.

38 urtean hala jardun behar dugula, horixe nahi du Espainiako Gobernuak, erretiratze adina gero eta gehiago atzeratuz, kontuan hartu beharreko kotizazio-urteak ere luzatuz.

Eta Ipar Euskal Herriko anai-arrebak —eta kusiak, koinatuak, lagunak...— gogor ari dira egunotan horren aurka, haien epeak oraingoz txikiagoak izanagatik ere. Hego Euskal Herrikoak ez. Ez gara ari, badirudi Bidasoatik hegoaldera anestesiatuta gaudela. Ez naiz harritzen, hala ere: astebururo hainbeste kilo eta litro kutixi paregabe gorputzeratu eta gero indarrik ere ez izatea protestarako. Edo bestela irakurrita: txiza egiten digute burutik behera, baina jatorri izendapeneko gernua dela esan digute eta guk onartu. Errazio bikoitza eskatzen ez dugunean!

Ez pentsa, ordea, jaiaren aurkako aldarria izan denik hau. Ez horixe. Gastro-egunen ugaritzearen kontrakoa baizik, turismo bulegoak gure bizitzen antolatzaileak izan daitezenaren kontra. Egin dezagun festa, dantza eta kanta, jan eta edan, eta tartean borroka ere bai (borroka zerbaiten alde, ez elkarren kontra, ahal dela).

Postrerako, azken puntu bat: «lan bizitza» 35 urtekoa edo 38koa edo ahal dela 32koa, hortxe gabiltza, alajaina, baina ez dezagun ahaztu biztanleriaren erdiak bizitza osoa eman duela —eta askok ematen duela oraindik ere— lanean, kotizatu gabe, soldatarik jaso gabe. Batzuk ez dira sekula jubilatzen. Azoka astelehenetik ostiralera, eta festa gutxi. Orain arrakala dago gizonezko eta emakumezkoen soldaten artean; lehen apenas. Lehen apenas zegoelako soldatadun emakumezkorik, eta horrek ondorio larri eta handiak ditu makina bat alargunen bizimoduetan. Komeni zaigu gogoan izatea dudarik gabe aldarrikatu behar ditugun grebak eta borrokak aldarrika ditzagunean.

Eta orain animo, Aste Santua gainean da-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.