Iluntzeko paseotik bueltan, lagun bat gurutzatu eta non esaten didan Maddi Oihenart entzutetik datorrela, Iparraldea bertan saiotik. Beti bezala, Oihenart zoragarri egon dela; Julen Axiari zuela laguntzaile, Beñat Axiariren semea. Nire buruarekin haserretu nintzen, ulertu ezinik nola ihes egin zidan Iparraldea bertan-en hasierak. Koldo Mitxelena Kulturuneak eskaintzen duen ziklorik interesgarrienetakoa da; Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearekin elkarlanean antolatzen dute eta dagoeneko 22. ediziora iritsi da.
Hurrengo asteartean han nintzen, Adur Larrea marrazkilariak argitaratu berri duen Lurbinttoko ohoinak (Elkar, 2022) komikiaren aurkezpenean. Larreak zuri-beltzezko komiki indartsua erakutsi zigun, baina ez zen horretara mugatu: komikira eraman duen gertakari historikoa esplikatu zuen, eta horretarako egindako azterlana, ez bakarrik liburu eta dokumentuak miatzen, baita tokian bertan ere. Kokatzeko, komikiaren izenburua: Lurbinttoko larreak Lapurdiren hego-ekialdera zeuden, Ezpeleta, Larresoro, Kanbo eta Itsasuko lurrak hartuz. Ohoinek —lapurrek— hainbat triskantza egin ei zuten inguru horietan 1796-1798. urteen artean.
Gatazka Konbentzioaren gerratik zetorren, hau da, 1793an Espainiako Monarkiak Frantziako Errepublikaren kontra hasi zuen hartatik, errepublikanismoari muga jartzeko asmotan. Ipar Euskal Herrian denetarik jasan zuten: gerrara joan beharra, edota desertatzea; hainbat herritar deportatu zituzten Landetara, beste zenbaitek Hegoaldera ihes egin zuten, Baztanera... Gerra 1795ean amaitu arren, hark eragindako ezegonkortasuna ez zen baretu; giroak gori jarraitzen zuen. Eta hor azaltzen dira ohoinak: sasian bizi den jendea, gauez ezkutuan irten eta lapurretak, etxe-erretzeak, hilketak ere egingo dituena, gerra bultzatu zutenez mendekatzeko. Izan ere, ohoinak ez ziren lapur arruntak, erresistentziako jendea baizik, motibazio politikoa zeukana. Epaitu eta gillotinan hil zituzten haietako batzuk agintari frantziarrek.
Lapurditik Baxenabarrera. Aurtengo Iparraldea bertan-i bukaera eman zion saioa Bañolet filmaren aurkezpena izan zen. Maia Iribarne eta Paxkal Irigoienek zuzendutako lanak haurtzarotik gaztarorako pausoa du ardatz, 11 urte betetzean nerabeek egiten duten iragate erritualaren aitzakian. Aire surrealistak biltzen du istorioa, umezaroko fantasiak lagunduta. Eiheralaharren grabatua, azkenean herriko jende guztiak —adinekoak barne— parte hartzen du zinez kolektiboa bihurtzen den obra horretan. Filmaren osagarri, beste ekoizpen kolektibo bat: Bloñ-Bañolet kantuz diskoa. Maia Iribarneren ahotsa nagusi; bere ezaugarria ez da bikain kantatzea bakarrik, ahotsarekin egiten dituen jokoak baizik; suma daitezke oinarrian kanta tradizionalaren aztarnak, zeharo eraberrituta ordea. Eta aldi berean diskoak musika mota oso ezberdinak konbinatzen ditu, rap-aren oihartzuna eta sehaska kanta, adibidez.
Dagoeneko horiz tindatu dira Bilbo, Gasteiz eta Donostia, Tourraren zain. ETBren albistegietako kale inkestan emakume batek honela adierazi zuen zertarako aprobetxatu beharko litzatekeen Tourraren aukera: euskara ezagutarazteko, non bizi garen erakusteko... eta abar. Eta abar horri sumatzen zitzaion zer tankerako Euskal Herria azaleratu nahiko lukeen emakumeak. Gure Esku horretan dago: Bilbotik Baionarainoko ikurrin uholdea errepideetan, inoizko ikurrinik erraldoiena, Tourrak Bidasoa zeharkatuko duenean bi aldeetan euskaldunak bizi garela erakutsiko duen ekimena... Imanolek Koldo Izagirreren hitzekin egindako kanta belarrietara: Baionatik Bilbora...