Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Informazioa eta geu

2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Gure etxean ordu-modu bertsuan afaldu izan dugu ia beti. Idatzi gabeko araua zen: afariak eta ondoko lanek amaituta behar zuten telebistan albistegia hasten zenerako. Zerbaitegatik atzeratzen baginen, gaueko albistegia bukatu arteez zen afaria zerbitzatuko. Oso aspaldikoa dirudi horrek, eta halaxe da, izan ere: senideek elkarrekin afaltzen zuten eta jendeak albisteak telebistan ikusten zituen garaiaz ari naiz, joan den mendeaz (eta ez da hitz egiteko modu bat).

Duela aste pare bat Reuters-en Kazetaritza Ikertzeko Institutuak Informazio Digitalaren urteroko txostena kaleratu zuen, eta, datu jakingarri askoren artean, hauxe nabarmena: gero eta jende gehiago ari da albiste garrantzitsuak kontzienteki saihesten, eta 35 urtetik beherakoen artean bereziki nabarmena da joera hori, albisteek aldartea gaiztotu egiten dietela argudiatuta. Pandemiari buruz jaso genuen informazioaren gainkarga jarri du txostenak gerora bizkortzen joan den joeraren hasieran.

Ez dugu gertatzen dena jakin nahi, pisu egiten zaigulako, batetik, eta ez garelako gehiegi fio esaten zaigunaz, bestetik. Izan ere, albiste-ekoizleekiko konfiantza ere gutxitzen ari dela nabarmendu du ikerketak. Galdetutakoen erdiak baino gutxiago dira komunikabideetatik jasotzen duten informazioa sinesgarritzat hartzen dutenak, eta, beraz, askoz gehiago dira albisteen intentzioaz fidatzen ez direnak, botere politiko eta ekonomikoekiko lerrokatuegi daudelako. Komunikabideak demokraziaren laugarren boterea direla ikasi genuen, baina galdeketaren emaitzei erreparatuta, aurreko hiru botereekiko morroi ikusten ditugu gaur. Gazteen artean plataformak gailendu zaizkie jadanik komunikabideei informazioa kontsumitzeko orduan.

Munduaz dakiguna, asko ala gutxi izanda ere, jasotzen dugun informazioaren bitartez eskuratzen zaigu. Ezinezkoa da ebidentzia soilaz baliatzea zer gertatzen den jakiteko, are gutxiago, ulertzeko. Informaziorik gabe, ezin izango genioke eguneroko bizitzari neurria hartu, gainezka egingo liguke. Informatuta egotea ez da soilik dagokigun eskubide bat, hori ere badela ahaztu gabe, noski. Informazioa ezinbestekoa da gero eta konplexuagoa den testuinguru baten bizirik irauteko, iritzi propioa izateko eta iritzi kolektiboak eraikitzeko. Informazioak komunitateei eta gobernatzeko moduari buruzko erabakiak hartzeko gure gaitasuna elikatu egiten du, eta, beraz, informazio fidagarria eskuratzea gizarte demokratiko osasuntsu baten muinean dago.

Ardura pertsonala da, eta erantzukizuna kolektiboa. Zer egin, bada, gero eta jende gehiagok informatuta egoteari utzi nahi dionean? Milioiko galdera. Errua sendi ugariko semea izaten da beti, eta, beraz, ezin da soilik komunikabideak bazter utzi dituztenen gainean utzi. Urteak daramatzagu erreferentziazko kazetaritza higatzen, klik bizkorra lehenesten, irakurleei kalitatea eskaini ordez erabiltzaile aseezinak alferrik asetzeko moduak bilatzen, horretarako albisteak eta errealitatea sinplifikatu behar baditugu ere, kontsumo erraz eta bizkorraren bidez. Guk geuk elikatu ditugu joera horiek, orain hezurretan dauden komunikabideen gaitasunak gutxituta.

Gure aldartea goibeltzen duten albisteen atzean zer dagoen jakiteari uko egiten diogun bakoitzean, errealitate horrekiko dugun ardurari ere bizkar ematen diogu. Eztabaida horren mahaian denok eseri behar dugu; ahal dela, albistegia ikusi eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.