Miren Amuriza.
BIRA

Ezinbestekoa

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Modu batean ez bada bestean, taldean funtzionatzen dugu denok (familian, lagunartean, lanean, militantzian...) eta askotan amaitzen dugu geure burua ingurukoekiko ditugun betekizunen arabera balioesten. Demagun halako edo bestelako kolektibotan zeure ekarpentxoa egin ondoren, bereizteko unea iristen zaizula eta, handik laster, proiektuak zu bertan zeundenean bezain ondo (edo hobeto) funtzionatzen duela jabetzen zarela.

Demagun badakizula, teorian, pozik egon behar zenukeena (asumituta baitaukazu ezinbestekoa inor ere ez dena) baina, halere, goibel zabiltzala. Eta egoera oker irakurtzen duzula: a) zuk ordura artean eginiko lana gutxietsita edo b) gainontzekoek ordutik aurrera eginikoari baliorik ez emanda. Guraso penatuaren sindromeak joko zintuzke (umeak, haurtzaindegian lehenengoz utzitakoan, negarrik egiten ez diolako atsekabetu den gurasoarenak) eta jokoz kanpo bazeunde bezala sentituko zinateke.

Jakin, jakingo zenuke arazoa (eta taldeak behar bezala funtzionatzen ez zuenaren seinalea) kontrakoa litzatekeena: zuk utzi eta proiektua gainbehera etortzea. Ordea, beste edonori gertatuko litzaiokeen lez, kosta egingo litzaizuke egokitzea eta, tira... Zergatik ez kasketalditxoa baimendu zeure buruari? Gauza bat baita ezinbestekoa inor ere ez dela asumitzea eta beste bat, oso bestelakoa, ezinbestekoa ez dena norbera dela onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.