Onintza Enbeita.
BIRA

Dioxinak

2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Nik ez dakit agintariek zergatik hartzen gaituzten kokolotzat. Erraz engainatzen gaituzte, edo behintzat horretan saiatzen dira. Nik ez dakit ia ezer dioxinez eta furanoaz, baina badakit, gizonezkoen lehen mailako futbol partida bat jokatzeko zalantzak izan badira, arazoa larria dela. Oso larria. Eta badakit haurdun dauden emakumeei lantokira edo ikastokira ez joateko esan bazaie, arazoa larria dela. Eta badakit, gainera, esaten digutena baino askoz ere larriagoa dela arazoa ezkutatzen saiatzen diren arren.Zaldibartik ni bizi naizen lekura, airez, oso distantzia txikia dago, baina zergatik ez dio jendeari ezerk ardura? Zergatik ez dago inor kezkatuta? Duela zazpi urte atez atekoarekin eskandalizatuta zeudenentzat, dioxinak oso urruti daude.

Gertatu denak balio behar liguke zaborraren kudeaketa pribatuaren atzean interes ekonomikoak daudela ulertzeko. Balio behar liguke sortzen ditugun hondakinen gainean pentsatzeko. Balio behar liguke gure zergak kobratu eta gure zikina lurperatzen dutenei koloreak ateratzeko. Baina ez dago zabor poltsarik leihoetan, ez dago kezkarik Zaldibartik bost kilometro harantzago. Zaborra irenstearen irensteaz, edozertara eginda gaude, dioxinetara ohituegi gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.