mikel elorza
ARKUPEAN

Historiaren txiribueltak

2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Gehienok daukagu irudia gogoan: Auschwitzeko sarrerako eraikina, beldurgarri, trenak sartzeko pasaera daukana, eta ondoren nasa: bagoiak, jendea jaisten trenetatik, sailkapenak eta abar. Irudia ikaragarriagoa da gauarekin, kea eta errautsa nahasian, zeru iluna... baina filmei zor diegu irudia; film batzuei besteei baino gehiago eta, hain zuzen, hainbat lagun kexu da gaur egun Krakovian holokaustoaren inguruko bisitariek ezagutzen dutena errepresio naziaren guneak bainoago Schindlerren zerrenda filmeko tokiak direla. Holokaustoaren banalizazioa dago, bizimodua parke tematikoetan antolatu dugun honetan, holokaustoaren inguruko turismoa baitago, genozidioen ingurukoa, eta tragedia eta sarraski izandako guneak gure argazki-kameren itu bihurtu dira.

Arazoa ez dago, ene ustez, gune izugarri izandako hauek bisitatzearekin, normala da hori. Besterik da masifikazioa, eta oro har turismoak zer molde hartu dituen. Gaitzetsi eta are mespretxatu egiten ditugu eredu muturrekoenak: gurutzaldian dabiltzanak, ontzi erraldoi batetik lehorreratutako milaka lagunak, (ar)taldeka banderatxodunari segitzen diotenak herri zoragarri erdiarotar paregabean bisitan, hiru minutuko azalpen wikipediatarra entzun, milaka argazki berdin bota, eta bertako produktu bat jan, edan edo erosita —izan daiteke betidanik horkoa izan den produktua, edo duela urte batzuk azkarren bati okurritu zitzaiona tipikoa izan zitekeela—, berriro ontziko hamaketara itzultzen direnak. Ze gorrotagarria!, pentsatuz doaz autoan, bi + biko familia eredugarri horretan —familiak ere trokelean egiten ditugu!—, hara iritsi eta argazki berdinak egingo dituztenak, baina harro produktu tipikoa hango denda komertzialenean erosi ez eta, tartea izango dutenez —gurutzaldikoek ez bezala—, aurkituko dutelako denda edo taberna benetakoa, zahar eta maiztu itxurara etorritako hori, turismoak orbandu gabea irudituko zaiena. Eta familia prototipikoan ez bada, lagun artean. Eta gero dago bidaiari-aren kategorian sailkatzen duena bere burua. Turistak eta turistak dauden tokiak gutxiesten ditu, postalak bidaltzea noski txorrada bat iruditzen zaio, zeren eta berak bisitatzen dituen herriak ezagutu egiten baititu, muina, bertakoekin solastatzen da, integratu egiten da, ekosistema kutsatu gabe turistak ez bezala. Hori da gailurra: bidaiaria, pertsonaia ia mitologikoa.

Ez dira denak berdinak, jakina; eta batzuk besteak baino askoz kaltegarriagoak dira — masifikazioak eta turistifikazio erabatekoa kaltegarria dela ontzat ematen badugu—; baina orbanik gabea hemen ez dago inor. Everesteko maldei merkaritza-gune itxura eman zaiola-eta ondo dago kexu izatea, euskaldunok beti egin izan dugun himalayismo aratz hori zikindu dutela aldarrikatzea, baina, jaun-andreak, ez dezagula pentsa gu Himalayara joaten hasi ginenean eta orain joaten garenean horren gainetik gaudenik yetiaren biziraupenaren aldeko plataformak eratuta ere. Gu lehenago hasi ginen joaten, eta orduan oso gutxi joaten ziren; hori da alderik inportanteena.

Hemen eta orain batetik bestera ez bidaiari ez turista txintxo ez turista gaizto ibiltzen direnak, bestelako bisitariak diren bakarrak migranteak dira. Eta horiek ere ez ditzagun idealizatu: horien helburua turista izan ahal izatea da.

Genozidioarekin hasi naiz, eta Auschwitzera iristen ziren trenekin. Igandean zelako hura askatu zuteneko urteurrena. Eta bat egin duelako CAFeko langileek eskatu izanarekin enpresari Israelen trenak egiteko kontratuari muzin egitea. Palestinarrei ebatsi lurretan egin dituzten kolonietara israeldarrak joateko bagoiak eta trenak ez dituzte egin nahi. Alegia, juduentzako trenik ez. Bitxia da historiak egiten dituen txiribueltak. Keinu hutsa izanagatik ere —armak egin eta saltzen ditugu, trenak saudi arabiarrentzat...—, ez esan polita ez denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.