Albistea entzun

ARKUPEAN

#EmanTaupaDA

Xabier Paya Ruiz -

2020ko azaroak 17

Euskaldun jaio gabe, nola sentitu euskaldun? Hantxe topatu zuen Xabik erantzuna. Begien aurrean zuen euskal Alibabaren kobazuloa, Alexandriako liburutegia, Sekula Betiko lurraldea, Diagon Alley, Camelot, Utopia, Liliput, Aliceren lurralde miresgarria, Oz, Macondo, B612 asteroidea… Aski zuen haietako zenbaiten zatitxo bana poltsan biltzeko erromesaldia egitea posturik postu, harik eta herren sentitzen zuen euskalduntasuna asebetetzeko adina liburu eta disko pilatu arte. Izan ere, arima elikatzeko eta kilikatzeko produktuak saltzen zituen azoka ezohiko hartan, euskaldun izateko zer egin behar zen deskubritu zuen.

Euskal Herriko familia erdaldun batean jaio zen Xabi. Gurasoek D ereduan matrikulatu zuten euskara ikas zezan. Ikasle ona zen, nota onekoa. Bertsolaritza ezagutu izan ez balu, baleko euskaldun berria izango zatekeen, nahi baino gutxiago erdiesten den batez besteko hiztun horietako bat. Baina euskal bat-batekotasun kantatuarekin maitemindu egin zen, eta bertsolari izan nahi bazuen, ez berria, ez balekoa, euskaldun petoa behar zuen izan.

«Nola izango da bertsolaria, ez badaki morokila zer den ere?», «Algortakoa izateko, oso ondo hitz egiten duzu euskaraz», «Zuen etxean nola esaten diozue horri? Ene, barkatu…». Hizketan, kantuan zein isilik, Xabiri urrunetik sumatzen zitzaion ez zela euskaldun peto-petoa. Edo hori zen behintzat berak uste zuena eta halako komentarioek sentiarazi ziotena.

Bertsolari izatea okurritzea ere! Bertsolariak euskaldun zaharrak baino euskaldunagoak dira, eta hori ez da a priori hiztun berri bati dagokion kasta. Bertsotan aise moldatzen zen, baina nagusiki eskolan ikasitako hizkuntza ez zen nahi bezain tolesgarria, ezta behar bezain jatorra ere. Ororen buru, sentitzen zuen ez zela behar zuen bezain euskalduna: euskalkirik ez, euskal kulturaren ezagutza apala, erdalguneko prosodia… eta, gainera, abizenek hizketan hasi aurretik salatzen zuten.

Gogoan du azokara joan zen lehen aldia. Merkatu zaharrean zen oraindik, 90eko hamarkadaren erdialdean. Ortuari, haragi eta madarien ohiko tokiak beti bezain koloretsu jarraitzen zuen, ez baitzen falta nobela arrosa, kontakizun gorri edo disko beltzik. Erosleen errekan murgildu zen, erakusmahaiak gertuagotik ikusi nahian, eta orduantxe hartu zuen lehen sorpresa: erosleak ez ziren soilik euskaldun zaharrak! Askotariko euskaldunak zebiltzan ilara luzeetan, lehen liburua erostera zihoazen euskaltegietako ikasleetatik, pareko saltokiko ale berriak eskuratzera ateratako musikari eta idazleetara. Askotarikoak ziren erosleen motibazio eta zaletasunak, askotarikoak saltokietako liburuen gaiak eta diskoen generoak… Baina guztiak poltsa banarekin ikusita, Xabik bigarren sorpresa hartu zuen: euskalduntasuna ekintzekin elikatzen den balorea da!

Euskalduna izateko egin behar den bakarra euskaldunen gauzak egitea da; euskaraz entzuten dute musika, euskarazko liburuak irakurtzen dituzte. Xabik diru-zorroko pezeta guztiak xahutu zituen egun hartan: poltsan gorde zituen euskara tolesten eta jatortzen lagunduko zioten zenbait iluntzetarako denborapasak, euskal komunitateko gainerako kideekin konpartitzeko abesti gogoangarriak, buru-bihotz-erraiak astinduko zizkioten pentsamendu-sentimenduen akuiluak…

Durangoko Azokarik gabe, zailagoa izango zitzaiokeen euskaldun izateko bidea topatzea, ez zuen sentituko urtero-urtero euskal kulturak egiten duen aurrerapausoa ezagutzeko gogoa eta beharra. Ordutik, urtero egin izan du Durangorako erromesaldia, eta, pentsa, bera ere iritsi da saltokien atzealdean egotera. Buru-bihotz-erraiez espero du ez dadila eten euskal kulturaren eta azokaren taupada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.