Inaki Galdos
ARKUPEAN

Berridazketak

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

Xabier Lete hil zeneko hamargarren eta Burgosko Prozesuaren berrogeita hamargarren urteurrenak izan dira azken asteotan gure artera liburu gehien ekarri dituzten gaiak. Ekarpen berriak eta berrargitarapenak plazaratu dira, gustura irakurtzen ari garenak. Hedabideek oro har egin duten lana ere oso da eskertzekoa, tartean egunkari honek Twitter sarean sortu duen kontua (@berria1970) Burgoskoa jarraitzeko.

 

Oiartzungo poeta eta kantariari dagokionez, Alex Gurrutxagaren lanari eskaini diot arreta handiena, eta honek idatzitakoen artean bereziki interesgarria iruditu zait Leteren poemen berridazketa, birsonkuntza, moldaketa eta berrinterpretazioei ematen dion tokia, autorearen han-hemenkako azalpenak barne. Besteak beste, 1968an Euskalerri Nerea ezaguna sortu zuenetik handik hamarkada batzuetara birformulatu zuenera arte igarotakoa azaltzen du liburuak, aberriaren ikuspegi propioa konfiguratu ahala testua ere nola moldatu zuen azalduz.

Bertsua da Izarren hautsa 1974ko poemarekin gertatutakoa. Hiru bertsio ditu, 1976an eta 1992an moldatu baitzituen Letek, Alex Gurrutxagaren hitzetan plano sozialetik pixka bat urrundu eta eremu filosofikora gerturatzeko. Baina benetan deigarria ez da hori; deigarriena da ikustea Lete kristau federa hurbiltzen hasi zenean nola azaldu zuen poema hori Jainkoaren aipamenekin, testuan Jainkoa errotik ukatzen zuenean, Zarauzko irakaslearen esanetan. Iruditzen zaigu egon badagoela jauzia poemen moldaketa eta berridazketatik horrelako berrinterpretazio batera.

Urteurren borobilak parean suertatu izanak beta eman digu Xabier Leteren jokaera hau Burgosko Prozesuaren ingurukoarekin alderatzeko. Eta gaia hizpide dugun bakoitzean gertatu ohi den bezala, aurtengoan ere agerian geratu da duela 50 urteko hura protagonista bakoitzak (ez soilik epaituek) gerora hartutako bidearen arabera berridatzi, moldatu eta berrinterpretatzen dutela, horregatik ari gara hain gauza ezberdinak —eta kontrajarriak— irakurri eta entzuten. Duela gutxi arte borroka armatua babestu dutenek euren jarreraren legitimazio iturri hartu dute berriz ere Burgoskoa, eta haren jarraipen logikotzat marraztu. Beste batzuek desmitifikazio prozesu bati ekin zioten aspaldi, orduko hainbat errealitate ukatu eta gutxietsiz. Badira bereziki azpimarratzen saiatzen ari direnak garaiko Espainiako ezkerraren elkartasuna eta mobilizazioa. Eta egun hauetan jelkideren bat ere egon da ausartu dena esaten eurek Vatikanoan egindako gestioari esker atera zela gauza ondo. Prozesuan erabilitako estrategia arrakastatsua txalokatzen jartzen dira soilik guztiak ados; beste guztian, bakoitzak berea. Kontua da, ordea, ez dela Burgoskoa bakoitzak sortu duen poema bat, nahieran berriz idatzi eta moldatu dezakeena, garaian garaiko militantzia, ideologia, umore edota komenentziaren arabera.

Gauza guztietan berdin gertatzen dela esango zaigu, ez dela hau nobedadea. Egia da, baina iruditzen zaigu aukera ona galdu dela garai bati, erakunde bati, borroka molde bati buruzko gogoeta pausatu eta sakonagoa egiteko, baita ordutik aurrera gertatu zenari buruz ere. Horren faltan, berriz ere agerian geratu da herri honetan ezinezkoa izango dela gutxieneko kontakizun bat adostea. Bakoitzak berea izango du eta kito. Bakoitzak bere Xabier Letea izango duen bezala, itzul gaitezen oiartzuarrarengana. Eta urteurren honetan sumatzen ari naizenaren arabera, askoren Letea Urepel edo Habanakoa izango da soilik, agian jakin —edo jakin nahi— ere ez duelako egingo poeta eta kantaria boikot eta jazarpen ankerren biktima ere izan zela. Beste aukera galdu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.