mikel elorza
ARKUPEAN

Osatzeko puskatu

2021eko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Banku eta aurrezki kutxetan langile eta bezeroon artean kristal lodiko pantailak jarri zituzten 80ko urteetan, segurtasunagatik. Gizartearen zainetanheroina lauhazka zebilen, eta lapurretak eguneroko ziztada ziren gure herriko mostradoreetan. Artean komertzio guztia txikia zen, eta dena herriko dendetan egiten zen: erosi, eta lapurtu. Heroina gizartearen zain periferikoetara erbesteratu genuenean ere kristalak iraun zuen, inbertsioa eginda baitzegoen eta balio baitzuen bezero inoiz haserretuon amorruak errazago jasateko, eta, batez ere, espazio sozialak mugarritzeko.

Garapena ere lauhazka zetorren. Banku eta aurrezki kutxak ezkontzen hasi ziren, komertzio handia eta urrutizkoa geurekotzen hasi ginen, eta banku-langileak arrainontzitan edukitzen zituzten horma haiek kendu egin zituzten. Finantza erakundeen humanizazio-keinua zirudien, baina seguruenik kontua zen gu merkatuaren opioak lokartuta geundela eta erakundeok oztopo fisikoak kendu ahal zituztela guri lapurtzen jarraitzeko. Gu geu ere usatuak baikinen mugen barruan mugitzen, geure espazio sozialetik ez irteten, pantailen beharrik gabe.

Haiek distantzia sozial komertzialerako estrategiak garatzen jarraitu zuten, hala ere. Eta, ardibidez, betiere gure mesederako, ordu tarte oso mugatu batean edo egun jakinetan edo bietan egin daitezke operazio gehienak, eta hantxe edukitzen gaituzte ilarak egiten txintxo eta esaneko, avant la pandémie, bankura sartu orduko artzaina txistuka eta zakurra zaunkaz edukiko bagenitu bezala, gu ETBko igande goiz amaiezin batzuetan ikus daitezkeen ardiak, handik joan, hemendik etorri, marraka egitea bakarrik falta zaigula.

Luze gabe, ordutegiaren tiraniari kide aproposa iritsi zitzaion: aitzakia digitala. Dena telematikoki egin daitekeenez, telematikoki egin behar da. Eta laster bankuetako mostradoreak desagertu ere egingo dira, dena telefonoz edo telematikoki egin beharko da. Eta telefonoa ez dabil; makinek erantzuten dute, ez jendeak; webgunea blokeatu egiten da… baina aspaldi lurperatu genuen recortada. Pandemiak, gainera, areagotu besterik ez du egin harrera-distantzia azkenaldian gizarte segurantzarekin, lanbiderekin, bankuetako departamentuekin… harremanik izan duenak, edo izaten saiatu denak, ondotxo dakien bezala. Teleharrera aukera izatetik ezarpena izatera igaro da, nahiz eta marketin arduradunak argituko digun ezetz, gu garela ze botoiri eman aukeratzen duena: hilda baldin bazaude, sakatu bat; bestela, itxaron —hil arte, noski—.

Jakina, telekontuak abantailak dakartza, handiak, erosotasuna eta eraginkortasuna, eta etxeko ordenadoretik edo sakelakotik eta momentuan egin daitezke lehen nonbaitera joan, ilara egin eta hainbat denbora eskatzen zuten lanak. Zalantzarik ez. Hori hala da, eta ez da egia txikiagoa denda txikien aldarria egin bai, gertukoaren apologia egiten dugula, harremanarena, humanizatzearena… baina dendari horiexek armiarma-sareak josten segitzen dutela guk huskeria ezdeusena ere Amazonekin ekartzen dugun bitartean.

COVIDarekin bizi dugun atrofia sozial honetan, azkenik, areagotu egin da telematikoarena, bekaturik txikiena ere debekatua zaigu eta hala ere eskuak etengabe garbitzen gabiltza Pilatos krudelak bagina legez, eta, zirkulua ixteko, pantailak itzuli dira. Eta ez kristalezkoak, plastikozkoak baizik. Mostradoreetan jarri dituzte, baina irudi luke gure artean guk geuk ere eraiki ditugula, guztiok plastikozko arrainontzi gardenetan bakartuz, batzuk itoz. Kiko Veneno handia sumatzen dut xuxurlan: «…y entre nosotros un muro de metacrilato, no nos deja olernos ni manosearnos…».

Hautsi beharra dago. Ez dakit zein horma, kristal, pantaila edo hagindu, gureren bat seguruena, baina puskatu, txiki-txiki egin, osatuko bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.