Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Erabilera

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ez dakit zeini okurritu zitzaion zientzia eta letren artean lerro bat marraztea. Nik desberdintasunak ez, antzekotasunak ikusten dizkiet mundu batari eta besteari. Baldin eta bi mundu badira, jakina. Hori ere ez baitaukat batere garbi.

Hizkuntzari eta zientziari dagokienez, bietan dira erabat funtsezkoak ezagutza eta erabilera. Biak funtsezkoak eta biak polemiko. Zerbait politikoa denean, polemikoa izaten baita. Eta sarri polemikak bata eta bestea elkarrekin nahastea dakar. Baina printzipioz, bereizgarriak dira ezagutza eta erabilera, nahiz eta elkarri eragiten dioten, bistan da. Ezagutzen ez denaren erabilera ezinezkoa da, eta erabilgarritasunaren inguruko aurreikuspenek bilaketa baldintza dezakete.

Sarri gertatzen da erabilerari buruzko polemikek ezagutzari eraso egiten bukatzea. Baina funtsean, inor gutxik argudiatuko du ezagutza txarra denik. Hizkuntza asko jakitea beti da aberasgarri, ezagutza zientifikoa garatzea aberasgarri den bezala. Arazoa zertarako? galdera egiterakoan dator. Euskararekin gertatzen da, euskara batuarekin ere bai. Eta nago zientziaren inguruan aspaldion sortu diren polemika gehienek ere erabilerarekin dutela zerikusia ezagutzarekin baino gehiago.

Gogoan dut inteligentzia artifizialaren bidez entrenatutako robot batzuk gizakiak balira bezala mugitu eta lanean ikusi nituela behin kide batekin. «It's scaring, isn't it?» (Beldurgarria, ezta?) bota zidan. Baietz erantzun nion boteprontoan. Baina segi egin zuen gero, argudiatuz beldurra ez ligukeela inteligentzia artifizialak eman behar. Edozein teknologia bezala, onerako ala txarrerako erabil daitekeela. Beldurra sortu behar ligukeena (edo muinean sortzen diguna) gizakiok erabiliko dugula jakitea da. Ezagutzen baitugu geure espeziea.

Izan ere, labana bat erabil liteke inori min eman edo ogi bat erdibitu eta elkarbanatzeko. Gurpil bat izan daiteke anbulantzia batekoa edo tanke batekoa. Biokimikaren ezagutzak senda gaitzake eta armak sortzeko balio. Inteligentzia artifizialak gaixotasunak diagnostikatzen edo gure partez erabaki injustuak hartzen lagun dezake.

Gakoa erabileran dago, guk emango diogun erabileran. Hizkuntzan ere gakoa erabilera dela jabetuta gaude aspaldi. Txillardegik probabilitate teoria erabiliz demostratu zuen askok dakiguna: ezagutzak ez du erabilera bermatzen. Are gutxiago gizarte elebi(edo hiru)dun batean. Hizkuntzak bizirauteko modu bakarra elebakar ez garen batzuek elebakar bagina bezala jokatzea litzatekeela zioen. Hala, bestela zero litzatekeen probabilitate bat ez nulu bihurtuko litzateke, bestela ez legokeen tentsio bat sortuz. Horretarako indarrik ba ote daukagun galdetuz bukatzen zuen, eta esango nuke oraindik ere ez daukagula erantzuna garbi.

Derrigortasunak beti sortzen du tentsioa, erresistentzia eta polemika. Hizkuntza gutxitua izanik ere inposatzen ari garela entzuteraino. Txertoaren balizko derrigortasunak ere ez du polemika gutxi ekarri, txertaketa masiboa gizartearen onerako izan arren. Eskubide eta askatasunen dantza. Kuriosoki, txerokia salbatzeko asmoz, lehentasuna eman zaie txertaketan haren hiztunei.

Ez dira gutxi zientzia eta hizkuntzen erabilerek dakartzaten polemikak. Ni bi alorretan naiz askoren iruditan ezer gutxirako balio duten ezagutzen jabe eta zale: euskara eta matematika abstraktua. Ustezko erabilgarritasun falta horrek polemika batzuetatik salbatzen nau, beste batzuk ekartzen dizkit.

Beharbada horregatik ez zait sekula zertarako? galdera gustatu. Filosofiari eta kulturari ere egozten zaie sarri. Erabilera ankerretarako joerarena ez ezik, alor batzuei erabilgarritasunik ez ikustearena ere bada gure espeziearen beldur izateko motibo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.