mikel elorza
ARKUPEAN

Sinesmenaren indarra

2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Higiezinak. Itsusia begitandu zait beti hitz hau. Higitu ezin diren ondasunei —etxe, lursail, mendi, garaje, lokal…— hala deritze. Ondasunak higitu akaso ezingo dira higitu, baina haien jabetza mugitzen da. Inoren eskuetatik Elizarenera, adibidez. 1998 ezkeroztik, Espainiako Estatuan 35.000 ondasun higitu dira jabegabetasunetik Jabetza Erregistrora. 20.000 tenplu eta 15.000 bestelako (lur, baratze, etxe, areto…). Tenpluak betidanik jaunaren etxeak izan dira —hemen genero-aldaketa politikoki zuzenak ere ez du balio, jaunarenak dira eta bakarrik jaunarenak, eta ez andrearenak—;eta orain segituko dute jaunarenak izaten, baina Elizarenak ere bai. Sinatzea zerura ez baita iritsi, oraingoz hodeietan geratu da telematikoa, eta uso formako agerkundeei ez zaie zilegi agiriak zirriborratzea. Lurrean bikarioak behar ditu, oraindik ere, jaunak.

35.000koa da Espainiako Gobernuak ezagutarazi duen zerrenda, baina lehen ere, 1946 ezkeroztik, asko dira bere izenean jarri dituztenak. Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an bultzatutako lege aldaketa batek elizarentzako immatrikulazio espresa martxan jarri zuen eta hor etorri zen enbata. Espainiako Gobernu ustez laikoak zerrenda egin egin du, baina azpimarratuz Elizak jabetze hauek legez egin zituela. Eta hala da. Legea aldatu baitzen posible eginez gotzainek ziurtagiri bat egin ahal izatea adieraziz, ziurtatuz, alegia, ondasuna Elizarena zela. Eta hori nahikoa. Bikario ez ezik, jabetza eklesiastikoen notario ere egin zituen lege-aldaketak, eta jakina, bixi eta erne ibili dira biak ala biak, bikarioak eta notarioak.

Dena legezkoa, beraz. Baina bueno, ez zaiteztela sobera asalda: haiena ez den ondasunik ez dutela haientzat nahi esan du apezpikuen bozeramaileak. Eta inork —algún particular— beretzat erreklamatu nahi badu ondasunen bat, libre dela, eta legeak hala ebatziz gero, itzuliko diotela. Abderramanentarrak azaltzen badira, paperak eskuan, emango dizkietela Kordobako meskitaren eskriturak, nolabait esateko. Norbanakoen ezean herriarenak direla? Aaaa... Frogak aurkez ditzala herriak eta epaitegiek izango dute azken hitza. Luis Garrido eta lagunek. Eta gainera, nor da herria? Badu Izenperen txartelik?

Ezin lotsagabeagoa iruditzen zait gaia, baina buelta ematen zaila baino zailagoa daukagu. Jabego pribatuaren aurkako borrokak garai latzak bizi ditu, oso nekeza delako geugandik hasita jabegoaren aurka oldartzea, geure bizimoduen ardatz bilakatua baitugu. Eta pribatuaren aurkako borrokan ere galtzen ari gara. Hitzetik hortzera egiten da publikoaren defentsa, baina tresna errealak eta baliabideak pribatuaren zerbitzura daude. Desjabetzea gure kontzeptuen burtsan oso gaizki kotizatzen duen balioa da, bai behintzat legeria hipotekarioaren bedeinkazioa duten okupekin, eta hemen publiko egiten da pribatu izanik dirua emateari utzi diona, eta pribatu aise bihurtzen errentagarria izan daitekeen publikoa.

Ildo horretatik, zalaparta pixka bat sortuko bagenu —pixka oso handi bat—, batere harritu ez azkenean Elizak tenplu handiekin amore ematea… nolabait, oso garestia baita haien mantenua —milaka bisitari dituztenak kenduta, jakina—. Baina beretzat gordeko lituzke lokal, etxe eta lursailak. Hirigunean eta hutsik egonda hirigintza-planetan egoki sartzen (eta saltzen) diren ondasun horiek, adibidez.

Dirua ematen ez dutenekin, bestalde, asmatuko genuke tenplu kontzertatua-ren kontzeptua. Guztion zergetatik mantendu baina haiek esklusibitatean eduki eta erabiliko luketena. Kontzeptua asmatu beharrik ez dago, gainera, hortxe dauzkagu tenplu modernoak, denok pagatuagatik batzuenak bakarrik direnak: futbol-zelai eta estadioak.

Ez da berria, baina, misterioa. Bibliak aspaldidanik esana da sinesmenak mendiak mugi ditzakeela. Mendiak eta basoak eta etxeak eta elizak eta basilikak eta eskritura batean kabitzen den guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.