mikel elorza
ARKUPEAN

Erdigunetik ospa

2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ez dakit espaziorik gabe ez ote garen ari uzten erdigunea. Atzo entzun nuen hezkuntza erdigunera ekarri beharra dagoela, batzuk lehenagotik ere ari ziren baina azken urtean zaintza erdigunera ekarri beharra ere aldarrikapen handia izan da, klima-aldaketarena jarri beharra dago hor derrigor eta, oro har heriotzak beldurtuta bizi garen garaiotan, bizitza erdigunera ekartzearena aspaldiko eskakizuna da. Eta ez dakit denentzako tokia egongo den. Nago aurretiazko hitzordua eskatzeko deitzen duzunean bezala hauek erdigunera etor daitezen galdatzean ere hizketan egiten duen makinatxo batek erantzungo duela, agente guztiak okupatuta daudela esanez, saiatzeko minutu batzuk pasatuta, edo zuzenean beste norabait desbideratuko dutela deia erdigunea dagoeneko betea dagoela argudiatuta.

Gogoeta azkar batean erdigunera gaiok ekarri ez, guztiok periferietara joan behar dugula aldarrikatzekotan egon naiz, zirtolari txinpartatsuarena eginez gainera, baina hori ere ez da kontua. Erdigunea ez baita gizartearen toki bat; interes, debate eta batez ere erabakien gunea eta ahalmena dira, uste dut, adierazi nahi direnak.

Eta uste dudala esaten dut, ez baitaukat batere argi egun erdigune hori izan baden. Ezezkoan nago, hain zuzen. Borondate-adierazpen polita da, baina dagoeneko esaldiaren atzean ez dut deus zehatzik antzematen, eta maiztuaren maiztuz, borondateak horretantxe geratu ohi dira, adierazpenetan. Ulertzen dut, noski, jatorrian dagoena, eta bat egiten. Aldarrikapen horietako batzuk feminismoaren aldetik etorri dira —orobat ekologismoa, mugimendu kooperatiboa...—, eta feminismoa izan da aspaldiko azken urteetan ekarpen inportanteenak eta iraultzaileenak egin dituena gure jendartean, eta gainera ituan jo izan du subordinazioak eta arazoen muina eta baita ustezko konkista eta jarrera zuzen batzuen ifrentzuak erakusten ere. Aurrerantzean ekarpen benetakoenak ere hortik etorriko dira, nik uste.

Baina jardun sozial eta politikoan aspaldian adierazpenetan geratzen ari gara, edo sare sozialetako eztabaida kartsu baina bizantziarretan, eta politika zehatzekin kantuak bizitzari buruz dioena gertatzen ari da: bizitza da zu txoriei begira zauden bitartean joan badoan hori; eta politika eta erabaki zehatzak dira zu sare sozialetan idiarena jotzen zabiltzan bitartean onartzen diren horiek. Pandemia garaiarekin areagotu egin da gainera kontua, ez dakit AstraZeneca hartuta baina iktusak jendarteari berari erasan dio, eta gure politikagintzak Hopperren koadroen antz gero eta handiagoa erakusten du, tristura melankoliko margul bat, herritarrok ohe gainean edo taberna bateko barra batean eserita —terraza batean, 400etik gorakoetan—, bakarrik, bizitza istant hormatu betiereko bat balitz bezala.

Tubacexeko langileen etorkizuna, Gizarte Segurantzaren erreforma, egoitzetako langileen aldarrikapenak, diru publikoz gizendu eta desmantelatzen ari diren enpresa eta finantza erakundeak, etxebizitzen prezioak, Porlan Herria, emigrazioaren tragedia... Holakoak atenditu behar ditugu eta, batez ere, neurri eta proposamen zehatzetara ekarri, politikagintza hauteskunde-eztabaida edo reality bat baino gehiago dela eman dezan bederen. Politikaren eztabaidan, iragarkien tarte amaigabe batean gaudela dirudi.

Heldu diezaiegun arazoei, bila ditzagun soluzio eta irtenbideak eta aldaketa zehatzak aldarrikapen handietatik at, ken dezagun gainetik kirurgiarik gabe lobotomizatzen ari zaigun asfixia hau, eta utz dezagun libre erdigunea kopako finalek, ereserkien playlistek, hizkuntza alorreko sukalkikeriak eta antzeko beste entretenimendu biralek okupa dezaten. Bestearekin pixkanaka hasten baldin bagara, gaitz erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.