mikel elorza
ARKUPEAN

Buruan tatuaturiko mapak

2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Marka da Urkullu jauna lehendakari duen Euskal Erdiak euskal gatza jatorri izendapena jaso izana. Euskal gatza. Urkullurena hala da, paradoxikoa, baina bestela merezi zuen harrizko herri honek jatorri izendapena jasotzea jaten den harri bakarrarena. Gatza. «Eta piperra» esan dezake inork, baina pandemiologoek «ocio nocturno sin baile» udako goiburu ezin tristeagoa aukeratu diguten honetan, ezin esan «gatza eta piperra», jarraitzen baitute hagintariek erlijiotik gusta dakigukeen gauza bakarra kendu nahian: bekatua. Harrizko gerora bilakatuko ginen euskal herritarrok, duda barik, zeren eta ziur naiz errelato biblikoan sekula ez ginatekeela itzuliko Sodoma eta Gomorrara begiratzeko, patriarkaren lorratzari (ezen ez matriarkarenari, apologista batzuek esaten dutena esaten dutela) otzan jarraituko gintzaizkion. Biziorantz jiratu zena ere emakumea. Guk gizon euskaldunok munduari ematen dizkiogu bueltak, ez buruari.

(Nafarroako Gesalatz edo Jaitzeko gatza ez da euskal, ofizialki diot, zeren eta jatorri izendapenen kontuetan denak oso naturala ematen du, baina izatez ez-jaietakosuak baino artifizialagoa da).

Gatza geure-geurea dugula onartu den honetan, lastima handiagoa ematen du Eurokopa ezin jokatuak. Harizpean bageunde bezala zutunik, Ukrainak bezain harro eramango genuke gure lurraldearen mapa bularrean. Elastikoan marraztua? Guk tatuatua, arraioa, tatuatua! Errusiak debekatu egin nahi izan du ukrainarren mapa, eta guri ere noski kontrarioak aterako litzaizkiguke maparen izaera politikoa salatuz. Hori ere marka da, mapa kamisetatik kenarazi nahi... aldarrikapen politikoa delakoan! Izango ez da politikoa, bada, mapa, zer bestela? Eguraldia iragartzeko ere oreka grafikoak egiten ibili behar izaten da-eta! Elastikoan daukaten leloa ere ofentsibotzat hartu dute: «Aintza heroiei». Indarkeriarako deitzat joko zuten. Hau ere latza. Partida hasieran kantatzen diren ereserkiei errepasoa eman besterik ez dago, denetan ere topatzeko gerra eta sakrifizio eta odol eta zernahirekin, egungo eskola curriculum permisiboenak ere gaitzetsiko lituzkeenak. Ereserkia, bai, hori, ar-mailek ahots bakarrera kantatzen duten horixe.

Lastima gu hor ezin egona, beraz, guk daukagun gatza edukita... Areago aste honetan ikusi dudalarik badugula soziologo eta ikertzaile talde bat tarteka «Naziometroa» egiten duena. Harrapazank. Berehala irudikatu dut elastiko tatuajedunarekin golak sartzen ibiliko bagina naziometroak pandemiak aste santuan baino datu gailenagoak emango lituzkeela. Naziometroa eta gatza. Beste ezer behar dugu?

Ofizialtasuna, eta horixe falta.

Eta hori Europa konbentzituko genukeela ez kezkatzeko, geure mapa marrazten utziz gero zuriak libre ibiliko liratekeela, orain Bidasoan bezalatsu, baina gainerakoan ondo zainduta edukiko genituzkeela mugak, eta azal ilunxkoa dutenak ez liratekeela aise pasatuko (esferikoa eskuadratik sartzen artista batzuk ez baldin badira, bederen). Oso kezkatuta segitzen baitu Europak horrekin, mugen kisketarekin. Pentsa, Marokorekin ikaragarri haserretu gara... mugak ireki zituelako! Europako mugak. Non eta, Ceuta eta Melillan. Mapari begira gelditu naiz, mapa fisikoari. Baina hori Atlasetan bakarrik dago. Beste denak politikoak dira, eta horiek suz tatuatuak ditugu. Elastikoan kabitzen zaila leukake Europak, balizko kontinente arteko txapelketa batean, berea mapamundi bat baita.

Gatzezko herria eta, martxa honetan, harrizko gerria, pitz ditzagun gaur gauean suak, eta haien inguruan egin dantza eta gainetik jauzi, zer erre asko dago. Eta ospa dezagun... ez dakit, ez da erraza garai hauetan, baina ospa dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.