garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bumerana bezala

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Batzuetan zamatuta esnatzen zara. Bakea besterik ez duzu nahi, eta horren arabera jokatzen duzu: errepikan egiten ez dizun lagun zakurra soka motzean hartu, Txingudiko badia, hondartza, eta oro har, tente dabiltzanen toki kutunak saihestu eta ibilian ibili, lasterka egin, aurrera jo behintzat. Betiere, gor eta mutu. Betiere, haizearen ulua, itsasoaren xuxurla edo euriaren zalaparta ez den guztia isilduta. Horrela arintzen dira zure zamak, inguruko jendeek eragiten dizuten distortsioari hesia jarriz.

Zoriontsu izan zaitezke hitzik entzun gabe. Bakea uki dezakezu, hemen, Hendaiako etxeen artean, atari bakoitzak dioenari begira. Harrietan dago egunerokoan sistematikoki ukatzen zaizuna, zure zamaren parte handienaren erruduna. Harrietan dago, hain zuzen, euskara naturala, konplexurik ageri ez duena, hitzordurik jarri behar izan gabekoa, noiznahikoa eta noranahikoa. Harri artean uzten diozu beraz, arrotz izateari. Hemengo jendeekin ez bezala mintzo zara haiekin, aldiko ba ote dakien, eginahala egin nahiko ote duen edo antzarak ferratzera bidaliko ote zaituen aurrez kezkatu behar izan gabe. Ahoetan ez bezala, harrietan dago. Harri zara zeu ere, granitozkoa eta higiezina. Herri bat, hizkuntza bat leloa kopetan grabatuta daraman fosil bat.

Atariz atari zoaz, plakarik plaka, behinolako gogoa beren pareta nagusiko harrian nahiz egurrean zizelkatu nahi izan zutenen harian. Pentsamendua bideratzen dizute, eta zure egiten dituzu ispilatzen dituzten ametsak, hautazko umoreak, etorkizunerako proiekzioak. Zenbat izan garen txori, pentsatu duzu zure kolkorako, zenbat hegaldatu garen, lur eremutxo batean pausatzeko gero, Xori Alegera, Ene Habia, Kabi Goxoa edo Ohantzea gisako izendapenak hain ugariak izanik. Eta zer den etxea, norentzat egina den, zein aldartetan aterpetu dituen jabeak, zergatik, zein sentipen betikotu nahiko duen, Ederki gare, Elgarrekin, Haurrentzat, Aitatxiri esker, Amaren ideia... Une zehatz bat markatu zutenei ere erreparatu diezu, Primaderan, Orai bai, edo ahalegina nabarmentzen dutenei, Nekez egina, edo zalantzen mugetan ibilitakoei, Ez dakit. Ezta zeuk ere, gehientsuenetan. Inspirazioa behar baita denetarako. Eta ziurtasuna.

Eta nola diren gauzak. Zu bake bila, eta gerraren oihartzuna itzuli harriek: Askatasuna, Gernika, Bakea eta Osasuna 1936. Azken plakari darion ironiaren zurrunbiloan galduta harrapatu zaitu bakearen akaberak. Bi lagun datozkizu atzetik, gizaseme burusoil kankailu bat eta emakumezko arin bat, bi guraso, ez haur berarenak ezinbestean. Ozen ari dira hizketan, gaztelaniaz, barra-barra ari ere, berrehun metroko radioan harrapatutako oro berriketaren parte bihurtzen dutela. Arreta ukatzeak edo zure baitara biltzeak ere ez zaitu entzun beharraz libratuko, eta badakizu.

Orpoz orpo sumatu dituzunean, gizasemea galdezka ari zaio emakumezkoari, semea moldatzen ote den, atarramentu onik ba ote duen eskolan, aparteko buruhausterik ematen ote dion frantsesak, tar, tar, tar, eta harrigarria egin zaizu, batetik ez dirudielako hain urrutikoa edo apartekoa, eta bestetik, hain zuzen ere bere hizkuntzan aritzen direlako haur asko eta asko, patioan nahiz kalean. Alegia, gaztelaniaz, hain baita inbaditzailea hizkuntza horrek hartu duen indarra.

Andreak baietz, mutikoak ez duela momentuz tutik ulertzen, baina ari dela ari, eta beharko ari ere, alajaina, protokolo estu eta zehatz bati jarraitzen omen diotelako irakasleek. Batetik, umea bakarka hartu eta frantses hizkuntzari eskainitako orduak bikoiztu, hirukoiztu, laukoiztu, behar dena, jo eta ke eta irabazi arte. Bestetik, ezinbesteko jotzen ez diren ikasgaiak alboratu eta distortsioa sor dezaketenak ere kendu, frantsesaren mesedean. «Gure mutikoak ez du aurre-teknologia klaserik», esan du andreak, adibideak logika hutsaren paradigma gisa balioko balu bezala, eta «Gure mutikoak ez du euskara klaserik» entzun diozu gero, tonu berean. Ez omen delako hain-hain beharrezko. Baina batik bat, hemengo euskarak ez omen duelako hangoarekin antzik, eta gauzak horrela, umeak «nahaspilatu» besterik ez omen direlako egiten.

Harriekin mintzo zara. Harri zara. Harrika egin nahiko zenuke. Eta hori ere kontra etorriko litzaizuke, bumerana bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.