elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Bazterrak berreskuratzen

2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Baztanen, Elizondon zehazki, aspaldiko partez. Bidea ezabatuta zegoen nire buruan, eta Etxalarko Bentan geratu behar izan nuen ondo nindoala ziurtatzeko. Guardia zibil parea gosaltzen, bidaiari-turista ugariren artean. Tabernariak abisatu zidan Iruritatik pasatu beharrik ez neukala, saihesbidea dagoela orain Elizondora iristeko. Han, Aita Donostiaren kalean autoa utzi —sorpresa ederra, musikariaren fan honentzat— eta segidan topatu nituen eliza, udaletxea, Arizkunenea jauregia…baita Malkorra gozo-denda eta Kasino taberna ere. Betiko Elizondo aurkitu nuen.

Inpentsan, martxan jarri zitzaidan Laboaren ahotsa: «Baztango lurrean, Baztan baitan, Baztan izan nintzen». Duela mende erdi erakutsi zidaten, Arizkungo Inda etxean, zein gelatan lo egin ondoren inspiratu zen Joxan Artze poema hori sortzeko. Erakarmen indar berezia du Baztanek. Paisaia aparta da, bai, baina Baztan ez da postal bilduma hutsa, baditu beste hainbat osagai iman modura jokatzen dutenak. Horietako bat euskalkiaren musikaltasuna izan daiteke; beste bat, generoaren muga oraindik erabat gainditzeko bidean dauden mutil-dantzak.

Eneko Aizpuruak, Iruñean bizi den itzultzaile eta idazle lazkaotarrak, Bidasoan gorako ibilia proposatzen du izen bereko liburuan (Bidasoan gora, Elkar, 2020). Ibaiaren eta haren inguruaren monografia modura definitu daiteke lana, baina kontua da monografia zeharo poliedrikoa dela. Erudizioz gainezka egiten du obrak, erudizio pertinentea, ez soberazkoa. Jakintzaren arlo guztiak ukitzen ditu, izan natura, artea, historia, ekonomia, soziologia… betiere Bidasoaren ibilguari jarraituz, eta erdian, derrigor, jendea jarriz, izenduna eta izengabea.

«V.S. Naipaulen arabera, hiri edo paisaia bat ez da benetakoa, baldin eta gertaera handiekin duen loturak, margolari batek edo idazle batek mito izaera ematen ez badiote. Naipaulen esanari gehitu beharko genioke paisaia ez dela deus, paisaian bizi direnak gabe. Direla ikusgarriak edo ikusezinak, direla hezur-haragizkoak edo fikziozkoak, alboz albo bizi dira».

Oinarri horri jarraituz, Aizpuruak aurkezten dizkigu, adibidez, Irungo emakume poxpologile borrokalariak, XX. mendearen hasieran «lanean ari zirela ordubete eserita egoteko eskubidea aldarrikatzen zuten» haiek. Halaber, azaltzen dira Comète sarearentzat aritu ziren mugalariak, tartean salatari bat, eta hari buruz Andrée de Jongh Dédée sareko buruak esan omen zuena: «Gogoan izan behar da euskalduna dela, eta dualtasun hori sarritan gertatzen dela haien artean». (Zer pentsa, ezta?).

«(…) ezer askorik ez dakigu—dio Aizpuruak— 60ko eta 70eko urteetan Euskal Herrietatik igaro ziren migratzaile portugesen ibiliei buruz». Ordura arte ia fantasia modura hartzen genuen fenomeno hura bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen behin. Iruñeko kartzelan izan zen, 1974ko apirilean. Iluntze batean bi neska portugaldar ekarri zituzten preso. Beraiek ez zekiten esaten non atxilotu zituzten, baina Bidasoa inguru horretan izan behar zuen. Kamioi batean etorriak, zenbait gizonezkorekin batera, mugapasatzeko zorian zeudela, trafikatzaileek ihesari eman, eta guardia zibilek atxilotu egin zituzten. Guimaraesekoa zen neska haietako bat —Deolinda—, irekia eta hiztuna; penatuta zegoen «roupa boa, roupa nova» zeraman bere maleta kamioian geratu zelako. Handik egun batzuetara, atzerapenarekin jasotzen genuen Diario de Navarra-n irakurri nuen Portugalen altxamendua izan zela, «krabelinen iraultza». Altxamendu hari esker itzuli ahal izan ziren etxera Deolinda eta bere lagunak.

«ABC egunkariaren arabera, Bidasoako uretan itota hil omen ziren 130 migratzaileen aferari buruz» ez dago argibiderik, Aizpuruak dioenez. 70eko hamarkadako kontuak dira horiek. Eta oraindik, zepo bihurtzen zaien pasaleku izaten jarraitzen du klandestinoentzat bi Estatuen arteko ibaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.