garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Eleaniztasuna

2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Aspaldi ez dela —sei urte, luze jota—, solasaldi harrigarri bat izan genuen emakume berritsu batekin. Haren biloba gure alabetako batekin hizketan ari zelako etorri zitzaigun, adiskide diren umeen gurasoek —eta haiek ez daudenean berorien ordezkoek— elkarrekin ondo konpondu beharra lege unibertsal eta eztabaidaezina balitz bezala. Ez dut testuingurua gogoan, Azkainen, eskolarteko euskarazko ekitaldi baten atsedenaldian ginela besterik. Baina akordatzen naiz emakume berritsuak gure aurrean zerbait esan ziola bilobari, euskaraz, eta bilobak, 10-11 urteko neskamotza, erantzun zakarra eman ziola emakume berritsuari, gaztelaniaz. Gogoan dut, gainera, frantsesezko hitz bat esan zuela amaieran, ginda gisa: «Merde».

Harritzekoa, ordea, ez zen neskamotzaren zakarkeria izan (ume tiranoen kasketek eta nerabeen zaputzaldiek inor gutxi asaldatzen dute gaur), ezta gaztelaniaz erantzun izana ere, tamalez (etxean eta inguruan horrela egiten duten seinale). Harrigarriena, nire ustez, emakume berritsuaren ateraldia izan zen: «Harro egoteko modukoak, gure haurrak: poliglotak dira».

Hendaian daramatzadan urteetan sarri entzun ditut poliglota eta eleaniztun hitzak, batez ere Hegoaldekoen ahotan, bertan bizi direnak izan ala ez izan. Hain zuzen, inguru honek eskaintzen duen abantaila nagusietako bat hori bera dela uste dute askok. Ekuazio sinpleak egiten dituzte: euskara eta frantsesa, eskolan, txikitandik; gaztelania, berez; eta ingelesa, pixkanaka, eskolan nahiz eskolaz kanpoko klaseen laguntzaz. Zorte pittin bat izanez gero, alemana ere eror liteke lizeoan.

Gutxik aitortuko dute —benetan jabetzen ote diren ere— etxetik ez dakarrenak nekez, eta izatekotan oso trakets, egingo duela euskaraz, amona berritsuari zakar erantzun zion biloba horri oraindik ere gertatzen zaionaren antzean. Baina halakoxeak gara gu, ziurtasunik gabeak, konplexuz josiak eta hein berean harroputzak.

Gutxik aitortuko dute, halaber, antzeko zerbait gerta litekeela frantsesarekin ere (Hendaia erdia gaztelaniaz barra-barra aritzen dela kontuan harturik), baina hor beste lotsa-kezka batzuk sartzen dira jokoan (estatu chauvinista elebakarraren boterea, integrazio gogoa, gurasoen konplexua...), eta beraz, askoz ere lehenago heltzen zaio zezen horri adarretatik. Eskola publikoan, esate baterako, lehen minututik, beste gainerako gaiak, euskara barne, behin-behingoz bazter utzi eta moldatzeko moduan ikasi arte helburu bihurtuz. Hori delako arlotearen definizioa: frantsesik ez dakiena.

Hemengo eleaniztasuna gezur handi bat da. Bi komunitatetan banatzen dira hemengo jendeak: hizkuntza behikularra gaztelania dutenak eta hizkuntza behikularra frantsesa dutenak. Kito. Horrez gain, euskarak ez du fitsik balio. Ez du tokirik. Apaingarri hutsa da.

Hain da horrela kontua, hain da toxikoa eta estatuek ezartzen dutenaren araberakoa giroa, euskaldunok ere topiko merke horretara garela makurtu. Mintzamoldearen arabera zaituzte epaituko, moldeak, kurioski, bi besterik ez izanik (Iparraldekoa eta Hegoaldekoa), eta bakoitzari, gainetik duen estatuari nahiz hizkuntza hegemonikoari ezarriko litzaizkiokeen adjektiboak ezartzen zaizkiola (garbia, inbaditzailea, arrotza, bertakoa...). Ez dut min horretan sakonduko.

Balio beza artikulu honek, Euskal Autonomia Erkidegoan politikari gehienek eskola sistemarako hobetsi nahi luketen eleaniztasun ereduari nire gaitzespena erakusteko. Zein komunitatek, zein gobernu edo aginte motak indartzen ditu hizkuntza hegemonikoak bereak balira bezala eta errotik, bere hizkuntza propioak erabilera arazo larriak dituenean? Nork, bere burua saldu duena ez bada?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.