Albistea entzun

ARKUPEAN

Oreka urratuak

Elixabete Garmendia Lasa -

2022ko maiatzak 26

Usaina bakarrik falta du filmak; atoitik kaxa handi batzuetara arrapaladan itzultzen dituzten mertxika, paraguaio eta brinoi bildu berrien usaina; diskoteka keztatuko marihuana eta tabako usaina; lurraren gainean meriendarako erretako karakolena. Hori bakarrik falta zaio Carla Simonek zuzendutako Alcarràs pelikulari (2021), usaina. Izan ere, gainontzean, halako indarra daukate traktoreen burrunba nagusi duen soinu-bandak, eta paisaiak —plano batzuetan Bardean gaudela dirudi—; era berean, gihar izugarria dute istorioak eta hura antzezten duen jendeak. Eta hori, profesionalak izan gabe, herritar xumeak baitira, belaunaldi guztietakoak, aktoretzan dihardutenak.

Alcarras Lleidako nekazari herri bat da, hamar mila biztanlez azpikoa. Fruta ekoizten dute, batez ere. Lurren jabeetako bati zera otu zaio, lursaila enpresa bati saltzea, eguzki-panelen baratzea jar dezaten bertan. Erabaki horrek nekazari familia zabal bati eragingo dion ezinegon, sumindura eta liskar giroa du ardatz filmak. Osotara, XXI. mendeko drama errealista sinesgarria islatzen du. Dokumental bat egin zitekeen arazoaren inguruan; Carla Simonek, ordea, zinemaren paradigmari heldu dio, herritarrak aktore bihurtuz, eta maisuki zuzenduz. Ez da harritzekoa aurtengo Berlinalen Urrezko Hartza irabazi izana. Zer eta, gainera, katalanez egindako filmak.

Antropologia sozialetik dezente du Alcarràs-ek. Nekazari giroko komunitate bizi bat dago oinarrian, nahi eta ezinaren arteko borroka nekosoan. Ez daude, inolaz ere, mundutik aparte, baina bai gutxietsita, menostuta, bizibidea ateratzeko larri, bitartekari xuhurren katean harrapatuta. Noiz arte eutsi ahal izango diote tokiko nekazaritzari? Metaforatik ere badu filmak: fruta arbola koloretsu eta usaintsuak zuztarretik atera makinekin, eta haien tokian, eguzki-panelek beltzez tindatuko dituzte lehen lursail emankor zirenak, paisaia, industriaren eremuko plastadekin lardastuz. Orain arte fruta arbolak zaintzen zituen nekazaria beldur da eguzki-panelen zaindari bihurtu beharko ote duen. Nekazaritza, energia berriztagarrien sistemak mehatxatuta.

Pantaila handitik mendira. Aspaldiko partez izan berri naiz Amezketatik Igaratzarako bidean dagoen Arritzagako bailaran, Aralarren. Pintzelkada bakarrean, haitzen gris ilunak eta belarraren berde fosforitoak egiten zuten kontrastea geratu zait itsatsita. Xehetasunetan sartuz, mota askotako lore hori eta urdinxken konbinazioak eta lore txiki arrosa-moreek osatzen zuten tapiza. Goitik behera harrizko mailak jaitsiz datorren errekako putzuetan, amuarrainak dantzan. Hori dena eskaintzen zuen parajeak naturaren aldetik. Eta hala ere, Arritzaga ez da horretan agortzen.

Izan ere, Peña Santiagok Aralarri buruz esaten zuenaren bidetik, Arritzaga «geografia humanizatua» da. Artzain txabolez gain, han topatzen dituzu kobre meatzeen aztarnak: garbitokiak, biltegiak, mea Amezketara garraiatzeko erabiltzen zuten kable-bidearen puskak... XVIII. mendean hasi omen ziren meategia ustiatzen. Herrixka bat ere eraiki zuten, eliza eta guzti —taberna ere izango zuten— eta, diotenez, ehunka batzuk (300-500 lagun?) bizi izan ziren bertan. Arkeologoek miatuta daukate tokia.

Lehengoan, artalde handirik ez oraindik, baina ardi batzuk bazebiltzan Arritzagan; eta behorrak moxalekin. Hori dena biltzen du bailarak, natura eta gizakiaren esku-hartzea —biak— uztartuz. Berez, oreka unibertsalerako baldintza eztabaidaezina da batura hori; errealitatean, agindurik urratuenetakoa: Alcarràs-ak kontatzen hasiz gero… Pauta, Letek idatzi eta Laboak ere bere egin zuen kantaren filosofian: “Gizonak badu inguru latz bat menperatzeko premia […] Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea”.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...