Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Ikasturte arrakastatsuaren bila

2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Iraila aurrera doa, kurtso berria martxan da. Horrekin batera hasi dira ikasleen kezkak, gelako lagunak ikusteko gogoa, ardura akademikoak, jakin-minak eta asperdurak; sozializatzeko beldurrak, arroparen eta orrazkeraren aukeraketa, maiteminak... Gela barruko azpi-korronte emozionalen dardarak. Aldi berean, kurtso berria hastearekin, irakasleon ohiko eztabaida pedagogikoak ere berpiztu dira: diziplina gehiago edo gutxiago jarri beharko genuke? Etxerako lan gehiago edo gutxiago? Azterketa gehiago edo gutxiago?

Hezkuntza, betiere, eztabaida gune bat izan da, izango da. Kontrakoa, pertsonak otzantzea edo bezatzea litzateke. Eta hortik dator gaizkiaren hutsalkeria, Hanna Arendten hitzetan: eztabaidarik gabe arauei jarraitzean. Ongi etorria izan dadila, beraz, eztabaida pedagogikoa, elkarri entzuten eta elkarrekin hausnartzen jartzen gaituen heinean.

Are gehiago, Katalunian egindako ikerketa baten arabera, elkarrizketan aritzea omen da emaitza akademikoak hobetzeko biderik eraginkorrena. Hainbeste IKT edo teknologia berri, hainbeste Heziketa 2, 3, 4, edo 5.0... eta badirudi presentzia arretatsua, ahoa eta belarriak direla arrakastaren oinarri. Aspaldiko teknologia! Pantailarik gabe bazkaltzen edo afaltzen duten familiek nota hobeagoak ateratzeko askoz aukera gehiago daukate: ikerketak irizpide hori jarri du gurasoen ikasketa-mailaren, etxean ordenagailua izatearen edo norberaren gela edukitzearen gainetik.

Eta, zertaz hitz egiten da otordu horietan? Batik bat, eguneroko bizitzaren zailtasunen inguruan. Horien aurrean helduok bizi izandako antzeko egoerak partekatzeak, bizipenen testigantzak emateak arazoei larritasun asko kentzen die. Kontua ez da gazteei sermoiak botatzea eta guk hartutako konponbide bera jarraitzera bultzatzea, baizik eta haien solaskide baliagarri bihurtzea. Era askotako influencerrak egon daitezke! Baina, horretarako, pantailarik gabeko espazioak edukitzeak asko laguntzen du. Bakardadearen kontrako guneak.

Norena Hertzek Bakardadearen mendea liburu gomendagarrian Chris Calland irakaslearen kezka azaltzen digu: ikasleek elkarrekin hitz egiteko gero eta zailtasun gehiago omen dauzkate. Callanden ustez, gurasoek eta seme-alabek Interneten denbora gehiegi ematen dute eta horrek besteekin harremantzeko trebetasuna kaltetzen du. Hala dio Zergatik maite du amak bere telefonoa ni baino gehiago? artikuluan. Horregatik, harrigarria ematen badu ere, haurtzaindegian gidoiak banatzen dizkie gurasoei kurtso hasieran, seme-alabekin harremantzen ikas dezaten: «Kontatuko zenidake gaur egin duzun gauza interesgarri bat?». Solasaldia entrenatu beharreko kontua da?! Elkarrizketa bizi batean, dena den, ez dago protokolorik, ez jarraibide zehatzik; ez dago formularik edo estandarrik. Beti utzi behar da sorpresarako tartea... eta entzutekoa.

Ez al da entzuna izatea haserrearen eta gorrotoaren kontrako antidotoa? Nork ez du amorru bizia sentitu telefonoko erantzungailu automatikoekin edo telefonoaren itxaronaldiko doinu amaigabeekin? Gogora dezagun, bestela, etxean, lagun artean edo lanean entzuna ez izatearen sentsazioa. Horregatik, pantailen isiltasun zaratatsuak ezin du hitzen eta presentziaren balioa ordezkatu gure etxeetan, gure eskoletan. Desadostasunak desadostasun, ondo legoke ahotsa hartzeko eta elkarri entzuteko guneak bizirik mantentzea. Heriotza-pultsioa isila da; elkarrizketak, berriz, bizitza eta hezkuntza erotizatu ditzake. Ez zait bururatzen hori baino arrakasta handiagorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.