mikel elorza
ARKUPEAN

Joan zen uda

2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Udazkena benetan iritsi ote zen arrastoa apur bat galduta ibil gintezkeen, sagar eta mahatsak inoiz baino lehenago biltzen; hegaztiak ere hegoa galduta, epelera joateko goizegi ez ote, hemen oraindik goxo egoten dela. Baina ez, eguraldiaren despisteak gorabehera —gero eta nabarmenagoak: aldatzen ez dakit, baina klima alzheimer goiztiar batek jo duela esateko moduan—, egutegi eta errutinarekiko zurrunak gara eta udazkena iristearekin Donostia izarrez betetzen da, medio guztiak xurgatzen dituen grabitate indar izugarri batekin, zinema-industriaren —ez euskalduna, noski— sukurtsal glamuroso batez mozorrotuz hiria eta aldiriak oro; kirol egutegiak ere udazkeneko soinekoa janzten du, txapelketak hasiz, medioak zinemaldiak baino areago xurgatuz—eta urte osoko abonuarekin— eta, batez ere, ikasturtea hasten da. Hori da, niretzat, seinale nabarmenena: uda ostean tabernek oporrak hartu eta ateak ixten dituzte, eta kiroldegietako ikastaroek makinak abiarazi eta poroak zabaltzen dituzte. Energia krisia dagoela? Gas-hodietan izango da! Duela bizpahiru astetik, markako zientoka elastiko eta zapatila dabil —barruan pertsona bat daramatela, jakina— zintan egurrean edo pedalei jo eta su, zentimetro bakar bat ere aurrera egin gabe.

Egungo bizimoduaren alegoria da. Eta alegoria baino zerbait gehiago ere bai: Irango emakumeek ilea moztuz eta Bella ciao kantatuz bizia arriskuan jartzen dute; guk soina depilatuz eta Bella ciao-ren bertsio elektronikoaren erritmoan spinning edo total training eginez jartzen dugu bizia arriskuan. Eta kiroldegira gabe, La casa de papel sailean entzungo du partigiano-aren kantua. Halaxe dator udazkena: la rivoluzione Netflixen bizi da eta una mattina altxatzen zara eta dinosauroak Berlusconiren aurpegia dauka, Meloni eta Salvinik eskutik daramatela. Txit tonifikatuta altxatzen zara, hori bai.

Ikasturtea, betikoa, hori ere hasi da. Amaitu zen bezalatsu: Bildarratz jauna esaten orain entzuteko garaia dela, ekarpenak egitekoa. Nagusienean ados gaudela. Lehen zortzi hilabetez entzuten egon zen, itxura horretan behintzat, eta esan zitzaiona —hezkuntza publikoaren aldezle guztiek esan ziotena behintzat— eskuineko belarritik sartu eta itunpekoen belarritik atera zaio (ezkerreko belarririk ez zaie ezagutzen jeltzaleei, gorputz atal bikoitzak biak zentro-eskuinekoak izaten dituzte). Legeak oraindik ere aldaketak izan ditzakeela dio. Ez dakit ba komeni den, orain arte noren eskakizunei (eta zaunka eta errietei) kasu egin dien ikusita...

Ikasturte politikoa ere abian da. Pandemia ostean lokartuta zetorren, bi urtez negu politiko luze bat bizi izan bagenu bezala, azken aldian soilik gazte sozialisten (eta haien kontrako ehbildurtarren) sokatirak alaituta, baina datorren udaberrian hauteskundeak izango dira eta zalaparta pixka bat izanen da, hasi da lasterketa: elkarri botatako ziriak, konparazio merkeak, ergelkeria demasak, epika mikrofonikoa. Horrek ere aspertuko gaitu, kanpaina hasterako seguruenik, baina gaitz erdi, aspaldian akordioak baino bilatzen ez dituen politikagintza makala baitugu nagusi, cerocerismo parlamentario geza bat.

Eta udazkena hasi da, batik bat, datorkigun negu beltzaren aldarriarekin. Ukraina aldetik berriro ere, duela 40 urteko Txernobylgoa baino hodei azidoagoa mundua blaitzen. Ukrainatik datorrena, baina agingailua Washingtonen eta Moskun daukana. Espazio-zunda bat jaurti zuen NASAk asteroide baten aurka, datozkeen arriskuetarako entrenamendu gisa, eta atzo talka egin zuen, bete-betean jo zuen. Planetak daukan traza ikusita, uste dut hobea zela kale egin izan balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.