Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Zintzotasunez

2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Literaturari eta ikus-entzunezko plataformei ideia berri eta erakargarria paratu zaie muturren aurrean: William Mize abilaren ibilbidea. Mizek, itxuraz herritar arrunta zirudienak, Ameriketako Estatu Batuetako hainbat aseguru etxeri ziria sartu zien, baita ondo sartu ere: sei milioi dolar eskuratu zituen itxuraz egiazkoak ziruditen hainbat istripu izan ondoren. Benetako eta hezur-haragizko antzezlanak egin zituen hamaika urtez: bere sendiko hainbat lagun bildu zituen bere ideia azaltzeko eta ondotik antzezlanekin hasten ziren: euren artean izandako istripuak asmatu eta antzezten zituzten, gerora aseguru etxeekin ustezko arazoa konpondu eta kalte ordainetako dirua denen artean banatzeko. Istripuak izan aurretik batzuk besteei hezurrak hausten zizkieten, kuterrak eta bizar-xaflak erabiltzen zituzten odolez autoak zipriztintzeko, eta Mazek berak botila baten gordeta zuen txiza isuri zuen behin gerritik behera, konortea galdu izanaren plantak egiteko.

Iruzurra argitara eman zuen urrian Lauren Smiley kazetariak New York Magazine aldizkarian. Larrugorritan utzi zuen antzezlan ankerraren protagonista eta era berean sekulako ideia eman zien plataforma digital handietako ekoizleei.

Gurean, ibilbide handirik gabeko iruzur txikiak egiten dituzte nerabeek. Gezur nano hauen jatorria Qatarren dago eta ez da aipatu beharrik zergatik den. Natibo digitalek futbola ikusi nahi dute baina eskola ordutan dira hainbat partida. Modu digitalean egiten diren ikasketak baliatuz, hamaika trikimailu dituzte hogeita bi gizonezkoak zelaian baloiaren atzetik nola dabiltzan ikusteko. Irakasleei ia ezinezkoa egiten zaie gazteen trikimailuak atzematea eta hainbat ordenagailu konfiskatzen dituzte egunero, arkatza eta paperaren garaiko irakaskuntzara itzuliz. Edozein erakunde armaturen armagabetzeko argazkia egin liteke atzemandako ordenagailuak batuz gero.

Gure William Mize txikiek badute bertute paradoxiko bat: zintzotasunez jokatzen ere badakite. Futbola are gehiago lotsagabetu duen Qatarko Munduko Txapelketak zintzo jokatzera eraman ditu: publikoki poztu ziren Espainiako selekzioak sekulako gol festa egin zuelako Costa Ricaren aurka eta Alemaniako taldearen aurka berdindu arren sekulako jokoa erakutsi zutelako. Ez nuke lurraldetasunarekin jolasean hasi nahi, egin dezala norberak nahi edo ahal duena. Baina pentsa dezagun guk geuk ere zintzotasunez: gure inguruan ere badira A pentsatu eta B esaten duten ugari. Alegia, begiaren ertzetik erreparatzen dutenak hamaika direla, gero ahotik beste zerbait adierazteko. Helduon munduan ere Realak kuatro-uno galdu zuen atzo-tik, Espainiak berdindu egin zuen igandean kantatzera pasa da gizon edo emakume arrunta. Chill Mafiaren bertsioak ez du futbola aipatzen baina berea da oraingoan ere argazkirik ederrena.

Munduan hamaika gauza omen dira galbidean daudenak, eta zintzotasuna zerrendaren goiko aldean daukagu. Teoria berresten duen beste adibide batekin bukatuko dut: gaztetxoek Madrilen idazten den kirol egunkari ibiltaria dirudite: hau marka! Eta ene! ENE dator eta hainbat heldu urduritzen hasi da jada. Arestian aipatu ditugun nerabe horiek ere zintzotasuna erabiliko dute Euskararen Nazioarteko Egunean, urtean zehar erabiltzen duten hizkuntzan hizketan jarraitzeko. Baina helduon kasuan kontzientzia ate joka ikusiko dugu maiz: sare sozialetan gure hizkuntzaren aldeko esaldi ugari ikusiko ditugu, bihotzaren erdian apenas erabiltzen duten erdi-herdoildutako horrek zimiko txikia egingo dielako. Oinazea laburra izango da eta ubeldura ez da nabarituko, eta, zauririk balego, pare bat ordu eskas beharko du orbaintzeko.

Orbain txikien tolesdurei begira gaudela, akabo zintzotasuna. Eskerrak periodikua leitzen ilustratzen garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.