mikel elorza
ARKUPEAN

Opakizunak

2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ikatza ordez nagusiki opariak ekartzen dituen ikazkinaren banaketa-egunak pasatuta—mezulari arruntek baino konbenio hobea izango ahal du!—, egun magiko hauetako giro negarberak azken egunak ditu, erresumarik gabeko hiru erregeen bidaiarekin —eta Gabonetako pertsonaia klasikoen artean zentroko alderdi politiko bat bezala toki definitiboa aurkitu ezinik dabilen Bizarzurirekin—. Hortaz, Bethleemera iristeko gaur egun astebete lehenago abiatu behar duten hiru gizon jakintsu horiei —ez baitira bestela garaiz iritsiko, Israelgo Armadak dozena bat kontrol eta harresi bat dauzka jarriak—, gutuna egingo diet datorren urterako nire desirak azalduz: denak txarrak eta gaizkia dakartenak, hori bai. Munduaren panorama horretarako gonbidapena baita. Ez dakit beste mundu bat posible den, baina izatekotan ere, aurretik zakar asko dago erraztatu beharra.

Ekialdeko ez dakit ze puntutatik partitzen diren Palestinara bidean, baina Iran zeharkatu behar dute, eta agian baita Afganistandik pasatu ere. Eta beraz, eskatzen diet bidaia aprobetxatuz bana dezatela, han, egur pixka bat. Pixka bat ez, egur handia. Mahsa Aminiren hiltzaileei oparitu diezaietela bale bat estetika-zentro baterako, eta han moztu diezaietela, gorputz osoko ilea arrasean, guraize eta xafla oso kamuts batzuekin, eta parte batzuetan, haien existentziaren ardatz diren parte horietan, baita irakindako argizariarekin ere. Eta aldi berean, herritar multzo handi bati, oparitu diezaiotela zapi piloa, hijab ilun batzuk, odol arrastoak estaltzeko aproposak, agintariei burutik behera bota eta paliza monumental bat emateko. Adibidez. Handik datorren informazioa oso eskasa da —ez da erraza izango gehiago lortzea, baina gainera okupatuta gaude berriemaile bereziak bidaltzen fosil vatikanoar baten hiletaren berri zehatza emateko—, baina asfixia giro latza sumatzen da. Asfixia erregimenaren aurkako herritar askorena, are itomen handiagoa hori aspaldidanik zapi baten azpitik bizi behar duenarentzat. Zenbaitetan horri bizitzea esan badakioke behintzat.

Afganistanen itomena bizi-baldintza da fedearen zakilarekin—barka, makilarekin idatzi nahi nuen, letra batek ihes egin dit— hagintzen duten talibanen boten pean bizi diren emakumeentzat—Ukrainarekin txit sentsibilizatutako AEBen eta NATOren betuna daramaten botak—. Eskolara joan ezinik, unibertsitateko ateak itxita, burka-ren azpian hiltzera kondenatuak, imajinatze hutsak itolarria eragiten du, izugarria da, eta opaka jarraitzeko gogoa eragiten du. Zer opa, ordea? Zer gehiago esan?

Bi herrialde horiek aitatu baititut, baina halakoak eta antzekoak eta batzuetan okerragoak ere, nonahi, zoritxarrez.

Ez dago nahikoa egur bizkar guztiak zafratzeko, eta aspaldi erakutsia digute, eta errepikatua eta aurpegiratua, arazoa planetarioa dela, eta arazoa zein den. Norberaren zakiletik hasten dena. Eta nik horretaz gehiago jardutea, beraz, demagogo eta hipokrita suerta daiteke.

Nolanahi den, urte amaieran Bilbon Rebeca Guaytaren hilketarekin, Espainian egun horretan eta bezperan gertatutakoekin, Frantzian jazo eta hegoaldekook ez dakizkigunekin, eta zerrenda amaigabearekin, ez-punitibista irmoenaren printzipioak ere dardaran jartzen dira. Krimena egin ostean bere buruaz beste egiten saiatu eta gehienetan asmatzen ez duten horiei laguntza koxkor bat eman baliezaiekete errege mago horiek...

Eta beraz, hori konpontzeko edo sikiera pixka bat txukuntzeko gurpil mantsoak, mantsoegiak, jira egiten duen bitartean, nire xumetik nahiko nuke urte berria gaizto eta txarkeriaz betetakoa ekar dezala. Baina, behingoagatik, ea asmatzen duen botoiarekin, eta ahulenen buruak beharrean ahaldunen barrabilak lehertzen dituen. Gutxi batzuk besterik ez bada, kontsolagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.