Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Mundua eta gu

2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Zein ote da gure harremana munduarekiko? Arriskutsua egiten zaigu? Erakarri egiten gaitu? Babesgune sentitzen dugu? Mehatxuz beteriko tokia al da? Edo, akaso, axolagabe uzten gaitu? Modernitatetik aurrera, Herbert Marcuseren ustez, mundua gudu-zelai modura irudikatzeko joera nagusitu zaigu: menderatzeko tokia baino ez. Eta,bataila-eremu horretan, errealitatea erabat garaitu beharrean gaude: mundua guztiz kontrolagarri bilakatu, azken bazterrak miatu, kontra egiten duena ezabatu eta ahalik eta probetxu gehien atera, oro eskuragarri bihurtu... Dena dugu konkistagarri, irismen ahalmena handitzea da kontua.

Eta, egia esan, izugarrizko lorpenak egon dira norabide horretan. Mundua eskura izateko bi klik baino ez ditugu behar: merkantziak erosteko, informazioa jasotzeko edo maite ditugun pertsonekin komunikatzeko. Turismoak ere gure eskura jarri ditu paisaiak: Turkia, Egipto, Seychelleak, Pazko uhartea. Hor badaude, zapaldu beharreko lurraldeak izango dira. Nola ez!

Baina zein dira nagusitasunaren eta hedapenaren logika totalitario horren paradoxak? Batetik, kontrako efektua eragitea: gero eta kontrolatuago nahi dugun mundu hori gero eta arriskutsuagoa egiten zaigu. Ez badugu menderatzen, ez badugu gure esku jartzen, sekula baino kontrolaezinagoa dela pertzibitzen dugu, etsai beldurgarria bilakatzen da. Horra hor erabateko menderatzearen txanponaren beste aldea: munduaren kaosa.

Bestetik, eta hemen bigarren paradoxa, mundua erabat gure esku jarritakoan, jada ez digu ezer berririk esaten. Isildu egiten da. Jabetzak aspergarri eta gris bilakatzen du mundua; basamortua, hildako paisaia. Barne eta kanpo munduaren amaiera dakar, Hannah Arendten hitzetan; mundua lilura gabetzea, Max Weberren analisian.

Bada, orduan, munduarekiko bestelako harreman posible bat? Horixe da Hartmunt Rosa pentsalariak proposatutako bideaEskuraezina deituriko saiakera ederrean. Bertan, mundua erabat menderatu beharrean, munduarekiko «erresonantzia» berreskuratzea aldarrikatzen du. Zertan datza hori? Elkarrizketa ireki batean: hunkitzen nauen eta sentiarazten didan elkarrizketa batean. Liburu bat, kantu bat, pertsona bat, paisaia bat, egur zati bat... esanguratsua egiten zaidanean gertatzen den elkarrizketa mota litzateke. Arazoa da elkarrizketa hori eragiteko metodorik ez dagoela. Ez dago erresonantzia aurreikusterik. Afrikarako safaria eros dezakegu, itsas bidaian abia gaitezke, baina ezin naturarekiko erresonantzia erosi. Hunkidura momentua ez dago borondatearen edota esfortzuaren menpe, ezin dugu zeregin bilakatu. Kontrakoa ere badio Hartmunt Rosak: egoera hori zenbat eta gehiago produzitu nahi izan, orduan eta aukera gutxiago daude gertatzeko. Egunez egun bere abestirik gogokoena hamaika aldiz entzuten saiatzen denak, badaki zertaz ari garen. Lokartzeko nahiarekin ere, adibidez, horrelako zeozer gertatzen da: zenbat eta gogo handiagoa jarri, orduan eta aukera gutxiago lo gelditzeko. Antzinako greziarrek izendatutako kairós-a gertatu behar da, momentuak harrapatu behar gaitu gu. Ez al dira gure biografiak ere kairós une horien arabera idazten? Erabakigarria egin zitzaigun espero gabeko topaketa hark markatu ninduen... Edo, beste adibide bat jartze aldera, hezkuntzan ari garenok ere jakin badakigu erresonantzia pedagogikoak programetatik eta ebaluazioetatik kanpo gertatzen direla. Ikaslea gaiaren inguruko zerbaitek harrapatzen du, ustekabean: hor hasten dira berarentzako gauza esanguratsuak gertatzen...

Egun, agian gero eta denbora gutxiago daukagu horrelako erresonantziak suertatzeko? Aireportura presaka noala, hegazkina galtzeko zorian, zailagoa izango da paisaia batekin edo bidean topatutako norbaitekin hunkidura hori sentitzea. Erresonantzia, esan bezala, ez dago sekula bermatuta, baina badira gertaera ahalbidetzen duten jarrera irekiagoak edo itxiagoak.

Kontuak kontu, oso bestelakoak dira bizitzan arrakastaren logika eta erresonantziaren logika. Erresonantzia izateko, eskuraezina ere badela gogoratu behar dugu, zaurgarritasuna sentitu, munduaren eta gure artean dagoen irekiera tapatu gabe mantendu. Oraindik posible da munduarekiko bestelako tratu bat, gure esku guztiz ez badago ere. Edo, akaso, hain justu horregatik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.