mikel elorza
ARKUPEAN

Mapa kuantikoak

2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Sukaldaritza eskola bat egiteko asmoa baldin baduzu, aukera bat da izena Sukaldaritza Eskola jartzea, pentsatuz zure asmoa dela sukaldariak formatzea. Baina izena nahiko gatzipekoa da, onartu beharra dago, eta hori lehendik ere baldin badaukazu (Basque Culinary Center izen askoz dotoreagoaz) eta bigarren eraikinaren helburua ikasleei sukaldeetako arragoen misterioak erakustetik harago baldin badoa, co-creating and research espazio bat sortuz, eta mundu mailan erreferente izanez, bada orduan egokiago bataiatu behar duzu. Ingeles batuan, of course. Eta hortaz, Donostiako Gros auzoan egin nahi duten bigarren eraikinarentzat erabaki dute izena: Gastronomy Open Ecosystem (GOe). Bai, bai, horixe, ez zara konfunditu, irakurle, hori du grazia (nahiz eta aferak batere graziarik ez duen).

Honelakoen izenak eta asmoak zehazten dituzten gosari-bileretan egon nahiko nuke, eta zein zerealekin gosaltzen diren ikusi: emaitzak berdingabeak dira. GOe, e azpiindize horrekin: ecosystem. Europako funtsen bat hankartetik harrapatzeko ote? Zeren eta irabazi asmorik gabeko okurrentzia baldin bada, aholkularien dealer-a aurkeztu behar digute, berehala.

Ulertzekoa da, dena den, proiektuari gala-jantzia jarri beharra, justifikatu beharra baitago pribatua den unibertsitate bati, Mondragon Unibertsitateari, Groseko lurrak Donostiako Udalak eman egingo dizkiola, lursail horietarako onartuta zeuden asmo urbanistikoak aldatuz. Eta eraikina kostatuko den 26 milioi euroetatik —potxolada arkitektonikoa, seguru— Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu 18 eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 6. Ecosystem ez dakit, baina MUrentzat ekonomikoa behintzat izango da!

Bagatoz, baina, betiko australopitekoak korroskadaka, aurrerapenari galgak jartzen. Munduan erreferente bihurtu gaituenari uko egiten, zerua bezala lurra ere (michelin) izarrez bete digun eremuari bizkarra ematen. Onartu ezinik halakoek «mapan kokatzen» gaituztela. Hainbat mapatan: teknologiarenean, gastronomiarenean, kulturarenean, klima aldaketaren aurkako borrokarenean... beti ere abangoardian eta puntaren puntan. National Geographic-ekoa baino atlas lodiagoa da Euskal Herrikoa, hagintarien bulegoak kartografo kreatiboz bete zaizkigunetik.

Mapa behar bada, mapa ederra Argia-k atera berri duena, erreportaje txit interesgarri batean, Donostian apartamentu turistikoek hartzen duten bolumenarena, apartamentuok banderatxoz seinalatuz. Hiri osoa estaltzen dute. Baina horrek berdin dio. Gela baten batez besteko alokairu prezioa 500 eurokoa izateak ez ditu kezkatzen gure nagusiak. Alokairuaren zamaz denda txikiak ixtea, zentroak hustea, periferiak ere bide berean joatea, Donostia pintxoaren parke tematiko garesti bat bilakatzea, hiriak souvenir erraldoiak izatea... ez zaie axola. Ez dute nahi jendea —jende klase bat, bederen— Donostian bizitzea: inportantea ez da jendea bizitzea, jendeak bisitatzea baizik. Letra koxkor bakarrean amildegia topa daiteke: apustua ez da bizitza, bisita baizik.

Zenbat bisitari, zenbat gau, zenbat otordu... datu horiek gobernatzen gaituzte. Eta, azak ontzeko, datuok mega-azkar prozesatzeko bi urte barru konputagailu kuantiko bat izango dugu Donostian. Munduan 6.a da, eta Donostian instalatuko dute IBMkoek. Egionk kontra horri! Horretarako 50 milioi euro urtu behar. Dirua dela? Ados; baina, zenbat balio du munduko mapa kuantikoan Donostia kokatzeak, e, zenbat?

Latz gezikatu, egoskor halakoa hala ere hil ez, eta azkenik zigor-kolpeka akabatu omen zuten San Sebastian soldadu erromatarrek, lokatzetan hilda utziz. Donostiarekin ez da halako bortizkeriarik behar izango:geronek hilko dugu arrakastaren aparretan itota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.