elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Agurraren zeremonia

2023ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Eskerrak ordenagailuaren teklek ez duten txibatzen idazten ari denaren aldartea, eskuzko idazketak egiten duen bezala. Norberaren erretratu azkarrerako adierazle esanguratsua da eskuzkoa, hor geratzen baitira markatuta nekea, zalantza, amorrua... eta tarteka satisfazioa. Gaur, eskuz arituko banintz, tristura zantzuak nabarmenduko lirateke

Adinak ba omen ditu abantailak. Marc Augé antropologo frantziarrak dioenez, «adinak irakasten digu oraina bizitzen, egunean egunekoa, eta beraz, orainari zuku guztia ateratzen». (Las pequeñas alegrías, 2019). Ze erremedio! Izan ere, orainak erakusten digu denbora laburtuz doala, saihetsezineko helmuga geroz eta hurbilago dagoela. Azkenaldian tanatorioz tanatorio ibiltzea suertatu zait, zaharragoak, adinkideak eta gazteagoak ere agurtzen. Tanatorioko despedida nahiago elizkizuna baino.

Joan den astean (2023-03-07) Iñaki Olaizola antropologoa elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan Iñaki Guridik, Deban hilerri zaharretik berrira egin duten aldaketa aitzakiatzat hartuta. Olaizolak hainbat lan idatzi ditu heriotzaz, heriotza duinaz eta eutanasiaz besteak beste; irratian heriotzaren inguruko errituei buruz aritu zen. Elkarrizketan zehar, elizak ez sinestunentzat ere toki antropologikoa direla esan ondoren, aldarrikapen hau egin zuen: «Elizak erabili behar lirateke ez bakarrik zeremonia erlijiosoa nahi dutenentzat». Areago, elizak ondare arkitektonikoa direla kontuan hartuta, proposamen hauxe luzatu zuen: «Elizek biadministradore behar lituzkete, erlijiosoa eta zibila».

Sekula entzun gabe nengoen halako planteamendurik, eta zentzuzkoa iruditu zitzaidan. Kontuan hartuta, gainera, zenbait elizatara diru publikoa iristen dela konponketak egin behar dituztenean-eta. Agian hurrengo belaunaldietakoei urruti geratuko zaizkie elizak, baina pontetik hasi, aitorlekuko sufrikariotik pasa, eta eliz ataria eskobatzen ibili izan ginen garaikooi, eliza—herriko eraikin nagusia— ez zaigu hain arrotz gertatzen, eta erlijioa alde batera utzita, herritarron ondare gisa senti dezakegu.

Donibane Lohizunen Agnès Lassalle irakasle erailari senarrak eta lagunek eskaini zioten agur dantzatua ere aipatu zuten Euskadi Irratiko elkarrizketan. Errituak aldatzen eta gaur egunera egokitzen ari dira, zorionez; eta halabeharrez.

Simone de Beauvoirri lapurtu diot goiko izenburua. Jean-Paul Sartreren azken hamar urteak—1970-1980 bitartekoak— jaso zituen Beauvoirrek La cérémonie des adieux (1981) liburuan. Egunkari modukoa da, Sartrek idatzi ordez, Beauvoirrek idatzia. Sartreren gainbehera azaltzen da, adineko gizon baten aje fisiko, emozional eta mentalek eragindako endekapena, modu sarritan gordinean; eta aldi berean, duintasunez. Izan ere, azkenera arte jarraitu ei zuen Sartrek intelektual borrokalari bezain bizizale amorratua izaten. Hor dago 1970ean Burgosko Juizioan epaitu eta zigortu zituzten ETAko kideen alde egin zuen aldarrikapena ere. Beauvoirrek kontatzen duenaren arabera, Sartreri egin zitzaion azken agurra —agurraren zeremonia— mobilizazio historikoa izan zen Parisko kaleetan. Kasu hartan, jakina, elizatik pasa beharrik ez zuten izan.

Heriotza saihetsezina dugu gizakiok. Bada euskaraz esaera bat, umore beltzera jotzen duena: «hiltzeko lotsarik ez» duela izan behar adinean gora dagoenak. Bizitzaren abenturari gazterik uko egitea, ordea, artean bizialdia zer-nolakoa izan daitekeen apenas probatuta, frakaso izugarria da gizartearentzat. Adituek diotenez, gazte eta nerabeen osasun mentalak okerrera egin omen duen arren, suizidio tasa ez da igo gurean. Tasa hori zerora eramaterik balego...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.