Lanera itzultzeko garaian, irakasleon gaixoa ni partikularraren harramazka eztarrian dugula, Aste Santua, Pazko Astea eta opor usaina darien egun santifikatuak akitu zaizkigu. Opor motz ala luzeak izan, guk jai izan dugun bezala turista mordoa bildu da gurera. Burura etorri zait garai batean Aste Santuan ez genuela inora irteteko asmorik ezta imintziorik egiten ere, eta eskola-umeon oporraldia Ben Hur eta enparauen asperduraren ispilu zela.
Oroitu dut aste hauetan haurra nintzela obsesio sekretu bilakatu zitzaidan Benidorm. Alacanteko hiria perfekzioaren paradigma modura ikusten nuen: hondartza amaigabeak, dorre izugarriak eta kolore guztietako izozkiak. Haur baten begietan asperduraren antidotoa zen hiri hura. Nire inguruko helduek urrutiko intxaurren esaera errepikatu zidaten, eta gaur egun gerturatu ere ez naiz egin bertara eta ezin izan ditut hango intxaurrak kontatu.
Bazen behin baino gehiagotan neure buruari egin nion galdera bat: ba ote zen Benidormen bertan jaiotako inor. Eta hortik sortzen ziren galderaren beste adarrak: eskolarik ba ote zen, ingelesa turistekin ikasten ote zuten, hoteletako festetan pasatzen ote zituzten arratsaldeak... Urteen zenbakiak gizentzen joan dira ordutik hona eta galdera haiek buelta erdia eman eta begira izan ditut azken aldian: orain neroni naiz turisten oporretako tokian jaio den biztanlea.
Oñatiko bardoak kantatu zuen bezala, atzerakoia izango da txokoan ibiltzeko gogoa, baina, espero zitekeen bezala, zenbakiek eztanda egin dute Donostian. Delako progresoak aginduko du beste behin, baina turisten maletek laster batean egingo dute jauzi hoteletako leihoetatik. Gauza jakina da markoinkonparablea hotelez josi dutela eta saturazioa ate-joka baino txirrina jo eta jo ari den honetan, etxeko lanak azken momentuan ondo egin nahi dituztenen antzera debekatuko dutela hirian hotel gehiago eraikitzea. Zenbakiak potoloegi bilakatzen ari ziren eta badaezpada dieta berezia jarri zaie.
Donostiako Alde Zaharra saturazioan murgildu omen da. Bizilagunek urteak daramatzate turistek sortzen duten burrunba jasaten eta lo luzea zer den oroitu ezinik. Oraindik orain, arnasa lasai hartu zitekeen joan berri zaigun martxoan; jende askorik ez kaleetan eta udako postalak oraindik urrun. Ez dakit zer izango den datozen egun hauetan.
Kanpotarrei begira jarri den hirian klasiko bihurtuko ote diren ohiturak loratzen hasi dira. Taberna-zulo ziren lokalak berritzaile bihurtu dira eta norbera arrotz sentitzen da bere hirian. Adibide bat jartzeagatik, Kale Nagusiko taberna batek eskaintzen duena:
Ustezko komunikazioa errazte aldera, tabernak zenbakien bidez funtzionatzen du. Bertako zerbitzariak, begietara begiratu gabe, zerrenda bat dakarren eta laukitxoz josia datorren orrialde bat ematen dio bezeroari. Bitartean, tabernaren barraren luzera hartzen duten pintxoek zenbaki bana dute. Noski, erraza da pentsatzen egin behar dena: jakiak daraman zenbakia boligrafoz idatzi behar da orrialdean, bertan ageri den edarian ere zenbakia idatzi behar da eta gero zerbitzariari eman.
Erraza da zinez, baina automaten mundura garamatza ideiak. Ez pentsa intsumitu izan eta ahoz eskaria eginez gero jaramonik egiten dutenik: administrazio publikoan bezala, inprimakia betetzera behartuta dago bezero oro. Zenbakiei erreparatu eta orrialdean idatzi, zenbaki gaindosia duen hirian.
Hizkuntzarekin zalantzarik egon ez dadin, choose the pintxo, write the number and give me the paper esaten dute barraren atzeko automatek. Eta hori bai ari dela klasiko bat bihurtzen, hemen eta baita Benidormen ere.

ARKUPEAN
Zenbakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu