garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Aura txarra

2023ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Arratsaldeko seietarako hamar minutu besterik ez ziren falta, alaba gazteena Baionatik itzultzeko tenorea beraz, eta harekin topo egiteko asmoz, autobus geltokirantz jo genuen lagunak, zakurrak eta hirurok. Mendi-itzuli luze batetik gentozen. Metro batzuk atzerago gelditu ginen, batetik, ez genuelako nabarmenegi agertu nahi lizeotik zetozen ikasle guztien aurrean (gurasoak beti gara distortsio), bestetik, espaloia dezente zabaltzen delako etabi metro koadro belar ere badituelako, bazterrean (bistarako atseginago, betiere). Eta hirugarrenik, zakurra leher eginda zegoelako.

Geldik eta zain ginela, lagunak sakelako telefonoa atera zuen. Whatsappari badaezpadako begiratua eman eta gero, komunikabideetako lerroburuak errepasatzeari ekin zion. Ezer berririk ez zitzaion pantailaratu, ez hemengotik, ez hangotik, ezta haragoko iturrietatik ere, baina segi halere, albisterik ezean Hegoaldeko hauteskunde kanpainari entretenimendurik aterako ziolakoan. Ez zegoen berriketarako umorez. Ezta ni ere. Begiradari urrun lausotzen utzi eta nire pentsamenduen putzu beltzean murgildu nintzen. Hain zen beltza, hain zen iluna eta joan den asteburuan zerutik bota zituenaren gisakoa nire putzua, antzemangarria behar zuela izan edonorentzat. Kasik ukigarria, esango nuke. Aura txarra, zehaztuko luke besteren batek.

Hogei segundo ere ez generaman hantxe, espaloi ertzean eta belarraren mugetan, pareko etxeko emakumea, mantal koadroduna eta guzti baratzera atera, besoa luzatu eta keinu eta orro hasi zitzaigunean, metro erdiko karelaren atzetik. Laguntza eskean ari ote? Zartagina gehiegi berotu eta suak hartu ote zion? Patrikan zuloa, giltza galdu eta etxera ezin sarturik? Edo agur egiten ote zidan, bere ezagunen bati ari zitzaiolakoan? Aldameneko errepidetik ziztuan eta botean zihoazen autoek, ordea, ez zidaten putzik aditzen uzten, eta bere aurpegiko keinuek ere ez zuten, zimurrak ondo nabarmentzeaz harago, argibide hoberik eskaintzen. Harengana jo nuen jauzika. Hurreratu ahala, sorpresa. Ez zen laguntza eskean ari. Errieta bizian ari zitzaidan.

Nondik arraio heldu ote ginen eta zertara. Bi metro koadroko belardi miserablea kaka-toki publikoa dela uste ote genuen. Ez ote nuen beste lekurik «zakur itsusi horren perlak» uzteko. Jasotzeko horko mokordo guztiak, zikina halakoa, eta emateko bakea. Eta non ote genuen lotsa. Eta ospa egiteko, demontre.

Aurpegiko giharrak erabat gogortu izan balitzaizkit bezala geratu nintzaion so, begiak arranpalo erabat, erauntsiak iraun zuen bitartean. Esango niokeen mesede egiteko bere buruari eta betaurrekoen graduazioa egokitzera joan zedila lehenbailehen, begiez ikusten ez zuena asmatzen aritu behar ez izateko. Esango niokeen, hamaika astakeria eta beste horrenbeste egia, funtsezkoenetik hasita: gureak ez zuela hesterik hustu, eta hala izan balitz, ez genukeela hor utziko. Baina esango niokeen batez ere eta sustut, zakurrak gorrotagarri iruditu izanagatik ere, kale bat gorago bizi den rottweilerra gogorarazi zidala. Kurioski, estalki koadrodun bat jantzita ibili ohi du jabeak, eta ber moduan babesten du etxea: aldamenetik pasatzen den orori hortzak erakutsiz eta zaunka eginez.

Ez dakit ez ote nabilen neu ere erabat aberetuta: nire senaren kontra baina gure zakurrarenari jarraikiz, isilik eta probokazioan erori gabe alde egin bainuen handik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.