Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Guek garete

2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Euskarak ez omen zuen pluralaren bigarren pertsona aurreikusia. Hirugarren pertsonen kasua alde batera utzita, «ni», «hi», «gu» eta «zu» aspaldikoak dira, baina «zuek» horrek atakatik irteteko partxea dirudi, «zu» eta «zu» aurrean izanik bururatutako konponbide betikotua. Izan ere, Lehen Hezkuntzako Euskara irakasleek uste baino uztarri pisuagoa dute «zu» izenordaina, aditzak ikasteko taulan, «gu» eta «zuek» izenordainen artean dagoela azaldu behar duten eguna. «Morfologikoki plurala da, baina semantikoki singularra» esan nahiko luke batek baino gehiagok, buruhaustea azkar konpontzeko, baina haur jaioberriari indaba-biberoia ematea bezala izango zen. Kontua da «zu» frantseseko «vous» izenordainaren parekoa izan zitekeela, aditza beti pluralean jokatuagatik, batzuetan gaztelaniako «usted» eta besteetan «ustedes» izan litekeena, baina noizbait sortu zen esanahi biak bereizteko premia, eta norbaiti «zuek» otu zitzaion, berez plurala den «zu» are pluralagoa... eta gaur arte.

Gaixoak sentituko zuen «zu» horrek ez zuela errealitatea islatzeko balio, eta okurrituko zitzaion euskarak nola edo hola egokitu behar zuela joko-zelai berriaren arauetara. Eta, hara non, mende batzuk geroago, ni antzeko beharrizanak nakarren izenordain baten aldaera berria proposatzera: «guek». Bai: iruditzen zait «guk» izenordainak jadanik ez digula balio kolektibotasuna zorroztasunez aipatzeko. Ni neu behintzat nekatu naiz «guretzat» edo «gure herriarentzat» lanean ari direnen zehazgabetasunarekin: Nor gara gu? Zer gara gu? Artalde bakarra? Ontzi bakarreko eskifaia? Nik ez daukat argi.

Demagun erakunde handi batek topaketa handia antolatu duela «gure hizkuntzaren» inguruko bide-orri berria zirriborratzeko. Beste batek, egun bertsuetan, «gure etorkizuna» irudikatzeko eta harako bidea marrazteko jardunaldia antolatu du. Eta aldi berean, «gure kulturaz» hausnarketa sakona antolatu du hirugarren batek egun horietan ere. Gaitzerdi ez bada izan Gure Esku Dago ekimeneko jarduerarik Euskal Herriko txokoren batean sasoi horretan. Horra hor, hiru edo lau gutasun. Denak bateragarriak ote? Denak gu guztionak?

Nor gara gu: Euskaldunak? Euskal hiztunak? Euskal herritarrak? Euskalzaleak? Ezkertiarrak? Eskuindarrak? Moderatuak? Muturrekoak? Antiarrazistak? Animalistak? Antiabortistak? Feministak? Postfeministak? Demokratak? Liberalak? Kontserbadoreak? Tradizionalistak? Monarkiazaleak? Konstituziozaleak? Ekologistak? Europazaleak? Independentistak? Sezesionistak? Unionistak? Kirolzaleak? Turistak?

Azkenean Benedict Andersoni arrazoia eman beharko zaio. Adituaren iritziz, nazioa komunitate irudikatua da, sozialki eraikitako entea, euren burua taldekotzat duten norbanakoek imajinatua. Arazoa da Euskal Herrian bakoitza bere aldetik ari dela komunitatea irudikatzen; helburu berdintsuak dituzten alderdi politikoek ere etorkizun desberdinak eskaintzen dituzte. Urte honetan etorkizun posible ugari ari gara eraikitzen aldi berean, baina bakoitza bere aldetik, eta etorkizuna bakarra izango da. Tira... «ari gara» horrekin ez naiz gustura geratu, izan ere, hortxe sartuko bainuke «ari garete», ez baikara guztiak batera ari, ez baikara komunitate bakar gisa ari, baizik eta hainbat kolektibotan. Agian kolektibo bakoitzak gutasunaren geruza bati eragingo dio nagusiki, baina guztiek ondo koordinatuta egon beharko lukete, disfuntziorik sor ez dakigun, edo «dakiguten». Hortaz, irakurle maiteak, proposatzen dizuet aurrerantzean «gu» eta «guek» bereiztea: erabili «gu» lehen pertsona plurala talde bakarra denean, euren burua taldekotzat dutenek elkarrekin imajinatua; eta erabili «guek» azpitalde bi edo gehiagoz osatutako kolektiboak izendatzeko. Oharra: ez aldatu kanturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.