Buteflika presidentearen bi eskaintzek ez dituzte baretu Aljeriako protestak

Esan du presidentetzarako bozak irabaziz gero urtebete barru dimisioa aurkeztuko duela. Herritarrek «trikimailutzat» hartu dituzte eskaintzak

Buteflikaren aurkako protesta bat Argelen, Argeliako hiriburuan. MOHAMED MESSARA / EFE.
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Aljeriako herritarren azken egunetako protestak ez dira nahikoa izan: Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidentearen ordezkariek igandean adierazi zuten apirilaren 18ko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztuko dela. Buteflikak 82 urte ditu, eta gaixo dago 2013az geroztik —buruko isuri baten ondorioz—. Datozen bozak irabaziko balitu, haren bosgarren legealdia izango litzateke, jarraian —hogei urte egingo lituzke boterean—. Aljeriako herritarrak presidentearen aurkako protestak egiten ari dira, otsailaren 22az geroztik: salatu dute sistema zaharkituta dagoela eta Buteflika ez dela gai izan herrialdearen egoera ekonomikoa hobetzeko.

Aljeriako gazteek hartu dituzte kaleak, batik bat, eta gertatzen ari diren protestak herrialdean azken urteetan izandako «indartsuenak» izaten ari dira. Hori dela eta, Buteflikak bere hautagaitza aurkeztearekin batera, bi baldintza ezarri ditu: haren ordezkariek azaldu dute hautatua izango balitz konstituzioa berritzeko erreferendum bat egingo lukeela herrialdean, eta, horretaz gain, urtebete barru hauteskundeak antolatuko lituzkeela, eta hark ez lukeela haren hautagaitza aurkeztuko; hau da, urtebete barru kargua utziko lukeela.

Haatik, herritarrek ez dituzte aintzat hartu proposamen horiek, eta protestak ez dira eten: manifestazioak egiten jarraitu dute, bai igandean eta baita atzo ere. Adierazi dute eskaintza horiek boterean jarraitu ahal izateko trikimailu bat baino ez direla, eta ez dutela nahi Buteflika Aljeriako presidentea izaterik.

Oposizioko alderdiek ere ez dute begi onez ikusi aurkeztutako hautagaitza: iritzi dute Buteflika ez dela gai herrialdeko liderra izaten jarraitzeko. Dena den, gazteek ez dute ohiko bidea hautatu protestak antolatzeko: alderdi politikoen parte hartzerik gabe eta inplikaziorik gabe antolatu dituzte. Orain arte, oposizioko alderdiek «kanpotik» bizi izan dituzte, beraz, protestak.

Herritar gehienak bat datoz: Buteflikak denbora «gehiegi» eman du presidente karguan, eta diote herrialdeak aldaketa baten beharra duela. Salatu dute ez dela gai izan aljeriarren arazoak konpontzeko, eta horien artean, gazteen arazoak, batik bat: kalean egindako mobilizazioetan nabarmendu dituzte pobrezia, migrazioa —Frantziara eta Espainiara— eta itxaropen falta. Gainera, gogor kritikatu dute presidenteak herrialdearen arazo ekonomikoen aurrean izan duen jarrera:petrolioaren jaitsierak ondorio larriak izan ditu herrialdearen ekonomian.

Zazpi urteko «isilunea»

Buteflika ez da jendaurrean agertu 2012ko maiatzean egin zuen agerraldiaz geroztik. 2013an gaixotu zen, eta 2014ko hauteskundeen kanpainan ere ez zuen hitzaldirik eman. Gainera, haren egungo osasun egoera ere ez da ona: Suitzan dago otsailaren 24az geroztik, «ohiko zaintzak» jaso baititu hango ospitale batean, Suitzako komunikabideek esan dutenaren arabera. Hori dela eta, Aljeriako gazte askok diote inoiz ez dutela presidentea hitz egiten ikusi, eta ez dakitela nor den ere.

Aljerian ez ezik, beste herrialde batzuetan ere egin dituzte presidentearen aurkako protestak: Parisen, esaterako, 6.000 lagun inguru bildu ziren atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.