Inaki Galdos
ARKUPEAN

Ereserkia

2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
1981eko urtarrila zen, Garaikoetxea lehendakaria Oñatiko unibertsitate zaharrera zen joatekoa, han inauguratuko zelako Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea. Zehaztuz, erakunde horren aurrekoa. Horretarako, Eli Galdos alkateak Eusko Abendaren Ereserkia jotzeko eskatu zion herriko bandako zuzendariari eta partiturak helarazi. Zuzendariaren aita, musikari aparta, jubilatu berria zen urte asko Sestaon eta Bilbon eman ondoren, eta semeari laguntzen zion bandan tuba jotzen, baita entseguetan-eta zuzendari gisa ordezkatzen hura lan arazoengatik berandutzen zenetan.

Horixe gertatu zen entsegu batean eta aitak aukera baliatu zuen Gernikako Arbola doinuaren partiturak banatzen hasteko, hurrengo astean hura jotzea lortuko zuelakoan, eta ez Jaurlaritza sortu berriak eskatutakoa. Gerra irabazi zuen bandokoa izanik, nabaria zen gizonaren egonezina. Semea sartu eta gertatzen ari zena ikusi zuenean, eztabaida izan zuen aitarekin bandako kide guztien aurrean, bistan zen ez zela egun haietako lehenengoa. «Gure himnoa Gernikako Arbola da», zioen batak; «Eskatu digutena joko dugu», besteak. Izan zuen bere oihartzuna eztabaida hark, eta eguna iristean Eli Galdosek propio gure protagonistarengana hurbildu zuen lehendakaria unibertsitateko klaustroan, eta haren ibilbidea loriatu. Solasaldi goxoa izan zuten, baina ez dakigu nahikoa izan zen Gora ta Gora jo behar izan zuen gerrako beterano haren mina arintzeko.

Hilabete batzuk lehenago, urriaren 9an, asaldatu eta haserretu zirenak Marcelino Oreja eta Martin Villa izan ziren, Ajuriaenean Carlos Garaikoetxeak Adolfo Suarezi ongietorria ereserki berarekin egin zionean. Frankista (ohi?) haien desesperazio aurpegiak deskribatu zituen lehendakariak bere autobiografian, baina aldi berean argitu ere bai ez zela izan hura jukutriaz egindako jokaldia. Bi urte eta erdi inguru falta ziren Eusko Legebiltzarrak ereserkia ofizialki aukeratzeko, eta behin baino gehiagotan gertatu ziren horrelako egoerak.

Autobiografia horretan bertan, Garaikoetxea lehendakariak aipatzen du batez ere hiru erabaki zail hartu behar izan zituztela garai haietan: Erkidegoko hiriburuarena, Euskara Batuarena eta ereserkiarena. Azken horri buruz izandako eztabaidak errepasatu ondoren, lehendakariak idatzia utzi du garaipen parlamentario desatsegina izan zela hura eta aurreikustekoa zela ez zuela etorkizun oparoegia izango kontrako jarrera gogor haiekin onartutako ereserkiak. Bistan da asmatu egin zuela. Eta asmatu zuelako etorri da, hain zuzen ere, uda honetako proposamena Gernikako Arbola doinua ereserki bihurtzearen inguruan.

Eskertzekoa da horrelako proposamen oro, ongi etorria gauza askotan lokartuegi dagoen herri honetan eztabaida eragiteko. Hala ere, gabeziaren bat badu nire ustez, adibidez eskaeraren ibilbidea zein izango den ez azaltzearena: nori luzatzen zaion, non onartzeko, etab. Baina batez ere argumentu bat oso arriskutsua, manifestuan irakur daitekeena eta haren hainbat bultzatzaileren ahotan entzuten ari garena. Izan ere, Gora ta Gora ereserkitzat baztertzeko erabiltzen den arrazoi nagusia Ikurrina baztertzeko ere erabil daiteke bihar edo etzi, berdin-berdina delako egoera. Ikurrina Euskal Autonomia Erkidegoan —eta ez beste inon— ofizial izateak ez du inondik inora ere esan nahi soilik hiru lurralde horietako bandera denik.

Ez dut esan nahi abuztuko ekimenaren bultzatzaileen helburua denik, ezta hurrik eman ere, baina iruditzen zait ereserkiarekin egoera Garaikoetxeak iragarri zuena baldin bada, neurri handi batean jelkideen arrasto oro ezabatzeko ahalegin historiko anitzen fruitu dela, askotan aliantza arraroak sortzen dituzten ahaleginak, portzierto. Horretarako, gure historiako pasarte batzuk ezkutatu ere egiten dira, besteak beste Gora ta Gora komunistek, sozialistek, errepublikanoek, ANVkoek eta jelkideek osatutako gobernu zabalak ezarritako himnoa izan zela. Euskadi hitzarekin badakigu zer gertatzen ari den, ereserkiarena etsigarria, Aberri Egunaren etorkizuna ere ez oso argia. Ikurrina soilik daukagu osasuntsu momentuz. Lursail batean gero zer egingo den ziur izan gabe bertan eraikitako etxea eraisten tematzen denak arriskua du han betirako hondarrak besterik ez uztearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.