elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kuartelak eta kartzela

2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ederra izandako etxea Loiolan, ez San Inazioren Loiolan, Bilintxenean baizik. Euskal estiloko txalet bat da; sarrerako ateak tapiatuta ditu, gainean grafitiak pintatuta; goiko leiho eta balkoiak haize guztietara zabalik, kristalak eta markoak hautsita. Urumea ibaiaren ezkerraldean dago, monumentu izendapena daukan XVI. mendeko Patxillardegi baserriaren ondoan. Etxearen izena da txukun ageri den elementu bakarra: Beste Aldekoa.

Izenak, lehen adieran, badu esanahi literala, espaziala; baina aurrez aurre militarren kuartelak izanik, nahi gabe ere susmatzen du batek «beste aldekoa» horrek bigarren adiera bat ote daukan: bestelakoa, parean dauzkan etxetzarrak ez bezalakoa; haietan bizi direnen ifrentzua. Laster galduko du zentzu espaziala izenak, Espainiako militarrak Urumearen ezkerraldera aldatzekotan baitira, hipodromoa dagoen lurretara. Eta orduan ibaiaren alde berean, elkarrengandik metro gutxira geratuko dira Beste Aldekoa etxea eta eraiki asmo dituzten kuartel berriak.

Beste aldeak joko dezente ematen du euskaraz. Umetan ikasi genuen beste aldera joatea Hegoaldetik Iparraldera igarotzea zela, eta alderantziz, muga zeharkatzea betiere. Gizonezko batengatik beste aldekoa zela esatean, homosexuala zela ulertarazten zen —artean lesbianismoak ez zeukan tokirik gurean—. Beste aldekoak ziren, politikaren eremuan, erregimenekoak eta haien jarraitzaileak.

Urumearen ezkerreko aldetik barrurantz jarraitu eta laster egiten du topo paseariak Martuteneko kartzelaren atzeko aldearekin. Martutene = kartzela izan da Gipuzkoan urtetan, 1948an ireki zutenetik; Bizkaian Basauri bezalatsu, espetxeek auzoaren eta herriaren izenak lapurtuta. Martutenekoaren aurretik Ondarreta zen Gipuzkoako kartzela, izen bereko hondartzan, eta hiruzpalau urte barru Zubietan egongo da presondegia, erraustegiaren auzokide.

Martutene literaturan sartutako izena eta tokia ere bada. Ramon Saizarbitoriak hor kokatu zuen izen bereko nobela (Martutene, 2012), irakurleoi lana jarriz, asmatu ezinikzehazki auzoko zein etxetan gertatzen diren trama bihurriaren istorioak. Bernardo Atxagak Martuteneko kartzelan (2018) irakurraldi dramatizatua muntatu zuen Jose Kruz Gurrutxaga aktorearekin batera, idazleak espetxean eman zuen euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldian oinarrituta. Martuteneko kartzela toki mitiko bihurtu zen 1985eko San Fermin egunean, Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak Imanol kantariaren emanaldiko bafleetan ihes egin zutenean.

Loiola ez da hain literarioa: Bilintxen erromerian geratu da eta kinto bazkarietako genero oparoan, urteekin hazten joan diren mila abenturaren jokaleku; galdetu bestela bertan soldaduska egin zuten belaunaldietakoei. Ancorak, ondarearen babeserako elkarteak, kuarteletako hamabi eraikinetatik bi behintzat salbatzea eskatzen du, “historiaren eta memoriaren parte” direlako. Zaila izango da hori lortzea, etxebizitzak eraikitzeko plan erraldoi bati koska jatea balentria izugarria baita gaur egun.

Nolanahi ere, egia da bai Loiolako kuartelak eta baita Martuteneko kartzela ere XX. mendeko ikur enblematikoak direla Gipuzkoan; historia errepresiboaren santutegiak, poliziaren komisariekin eta Guardia Zibilaren kuartelekin batera; exorzizatu beharreko tokiak. Zenbat jende ez ote da pasatu horietatik, soldadu, preso nahiz bisitari modura? Eraikin horiek lurrarekin berdindu aurretik, zor zaie haien erabiltzaileei azken ikustaldia egin ahal izatea. Eta, bide batez, belaunaldi gazteei, lekuhoriek nolakoak ziren eta zein paper jokatu zuten erakustea, historia eta istorioak uztartuz, baita literarioak ere. Diputazioaren Kultura Sailak eta Donostia Kulturak helduko ote diote erronkari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.