Inaki Galdos
ARKUPEAN

Muturra sartu

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Jakina denez, hauteskundeak izango dira azaroaren 8an Amerikako Estatu Batuetan, midterm deiturikoak, hau da, presidentearen agintaldiaren erdikoak. Ordezkarien Ganbera osoa (435 kide), 35 senatari, 39 gobernadore eta beste hainbat eta hainbat agintari aukeratuko dira. Horretarako, hau ere jakina da, dagoeneko alderdien primarioak egiten hasiak dira, eta horien artean bereziki interesgarriak suertatzen ari dira errepublikanoen artekoak hainbat barrutitan. Laburbilduz, Trumpen jarraitzaileen (beraz, Trumpek babestutakoen) eta Grand Old Party gisa ere ezagutzen dugun alderdiko ildo tradizionaleko kideen arteko lehia.

Testuinguru horretan, askoren ahotan dabilen kontua da demokrata asko egiten ari direna, boto emaile, militante, hautagai zein agintari. Bada, fenomeno berria ez den arren —soilik demokratena ere ez—, ustez behintzat aurreko urte askotan baino indartsuago ari baitira oraingoan muturra sartzen beste alderdiaren barne prozesuetan. Egiten ari diren horretan, gainera, printzipioz euren artean kontraesankorrak diren taktikak erabiltzen ari dira, betiere barrutiaren arabera. Baina bai, badu logikarik jokamolde ezberdin horrek. Gatozen harira.

Garbi dago Euskal Herrian oso gertutik jarraitzen dugun Idaho estatuan errepublikanoa izango dela gobernadorea, orain bezala, azarotik aurrera ere. Beraz, berdin zen euren arteko primarioak nork irabazi, orain gobernadore dagoen Brad Littlek edo Janice McGeachin muturreko trumpzale eroak (eroarena nire ekarpena da). Bada, beldurra nagusitu zen demokraten artean bigarren honek irabazita gertatuko zenaren inguruan, eta askok urratsa egin zuten errepublikano gisa izena eman eta primarioetan parte hartzeko; ezagutzen ditugu hori egin zutenetariko batzuk. Azkenean, bai gobernadorearen eta bai beste hautagai gehienen barne lehietan moderatuenek (nolabait esatearren) hartu zuten aurrea. Galtzaileek ahotsa altxatu zuten hauteskundeen manipulazioa salatuz, baina Idaho Statesman egunkariak egindako ikerketa baten arabera, fenomeno hori eman eman zen arren, ez zegoen milaka apur horien botoen beharrik primarioetako emaitza hori izan zedin.

Erabat kontrakoa da demokratek azaroan irabazteko aukerak dituzten barrutietan egiten ari direna: errepublikanoen primarioak muturrekoenek irabaz ditzaten nahi dute, komeni zaie, eta horretan dihardute hainbat tokitan. Adibidez, Pennsylvania estatuko gobernadorerako borrokan, azaroan hautagai demokrata izango den Josh Shapiro diru asko gastatzen ari da Doug Mastriano hautagai errepublikanoari buruzko telebista iragarkietan, berak irabaztea komeni zaiolako: «Muturrekoa da, abortuaren kontra dago, ez ditu 2020ko emaitzak onartu, posta bidezko botoa ezabatu nahi du... Berak irabazten badu, Trumpek irabaziko du». Uste du mezu horrekin errepublikano asko berotu eta Mastriano babestera eramango dituela. Uste duela diogu, zalantza handiak daudelako horrelako eta antzerako taktiken eraginkortasunari buruz. Egia da lortu izan dituztela batzuetan helburuak (adibidez Harry Reid demokratak 2010ean Nevadan), baina badute arrisku nagusi bat ere: norberaren ahuldadea —desesperazioa ere bai— oso agerian uzten dute.

Bada, hona iritsita, bi galdera sortzen zaizkigu. Lehenengoa, ea zilegi den beste alderdi batzuen barne prozesuetan horrela muturra sartzea, eta izatekotan kasu guztietan den zilegi. Onar dezadan (oraingoz) ez daukadala garbi nire erantzuna. Bigarren galdera, ea horrelakorik gertatzen den gure artean. Erantzuna baiezkoa da: gertatu da eta gertatuko da, nahiz eta beste jokamolde batzuen bidez. Baina ez dezagun oraingoz hautsik harrotu, iritsiko da horri buruz idazteko garaia eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.