mikel elorza
ARKUPEAN

Deskonektatu

2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mikelen iritzia jakin nahi baduzu, sakatu 1; Elorzarena jakin nahi baduzu, sakatu 2; eta dena den, itxaron, gure iritzi guztiak une honetan agortuta baitaude. Zure irakurketa hau ez da grabatua izango—modurik ez daukagulako, ez pentsa—, eta aurrera egiteko ez daukazu zure nortasun agiriko zenbakiak zertan markatu, baina egiten baduzu entrenamendua ondo etorriko zaizu Administrazioa deritzon izaki mitologiko harrapaezin horrekin harremanetan jartzeko, eta zerbitzuak eskaintzen —zerbitzuak eskaini, hori bai marka!— dituzten enpresekin aritzeko.

Zure irakurketan aurrera egiteko langa hauek aise gaindi ditzakezu ziurtagiri elektronikoa baldin badaukazu. Bejondeizula, horrek esan nahi baitu harreman telematikoen mundura jalgia zarela, eta beraz dagoeneko behaztopa egin duzula harri bakar teknologikoarekin. Porrot digitalak bai baitu milaka aurpegi: ziurtagiria ez da ezagutzen, nabegadoreak flipatu egiten du, programa eguneratu behar duzu, ordenadoreak ez du bertsioa soportatzen, error 404... Ez kezka, dena den, zure burua aurkitu baduzu ordenadorea iraintzen, leherkariak fabrikatzeko tutorialen bila, umore kaxkarrez, kalean telefonoari builaka... Estres post-telematikoaren sintomak dira. Pasatuko zaizu... hurrengo berriro makina bati zure izen-deiturak letreiatzen egokitzen zaren arte.

Gure iritzi guztiek ugertuta segitzen dute, baina artikuluan aurrera egin dezakezu artikulugilearen luzapena ezagutzen baduzu luzapenik ez dakit, baina luzamenduak asko eta ohikoak ditu—. Eta bestela segapotora kode bat bidaliko dizugu. Ez zaizula iritsi? Lasai, ez desesperatu. Baina badaezpada eskatu medikuari orfidala. Baina, ai koitadua, gogoratu Osakidetzara deitzean sakatu hau eta sakatu bestea jokoa zerotik hasi beharko duzula berriro.

Idaztera nindoan kalbinismo digital moduko bat bizi dugula, dena eginbehar eta hertsapen, baina ez da alderaketa zuzena. Ez gara bekatuaren eta zigorraren mehatxu existentzialaren pean bizi. Kasik okerragoa da: liberalismo birtual batean bizi gara. Ustez nahi duguna egiteko libre, baina ahal dugunak mugatuta. Eta ahala mozten digute gaur bai eta bihar ere bai. Administrazioak, merkatuak, bizimoduak behartzen gaituzte guretzat traba baino ez diren neurriak hartzera, hertsagarri zaizkigun baldintzetan lan egitera, hagintzen dutenek ezarritako joko-zelai gero eta murritzagoan jokatzera.

Ez duzula nahi? Ez dago beste aukerarik. Ez zara libre. Uztai teknologiko gero eta estuagoetatik pasarazten gaituzte. Horrela da; erabakita dago; arauak hala dio; ezin dugu ezer egin. Eta azak ontzeko, azkenean norbaiti zure ezinak eta kexak entzunaraztea lortzen baduzu, hark ulertu egiten dizu, sentitzen du. Baina ez dugu nahi inork gure amorrua ulertzea, gure ezintasunak sentitzea, arraioa! Irtenbideak nahi ditugu, azalpenak, bestela egiteko moduak.

Baina bere bulegoko (eta hileroko 3.000 eta euroen) beroan bizi denari, gastrotekan autore-ardo berriena dastatzen ari dela QRdun tiketa jasotzean lagunei diotsena «hau guk egin dugu», bost axola plazan letxuga eta tomateak saltzen dituenari, sortzaile autonomoari, dendari xumeari, tabernari harroari... horrek denak dakarzkien buruko minak, gastuak, antsietate eta amorruak. Bost. Haien hobe beharrez ari da.

Haiena eta, beharbada, gastrotekan berarekin dauden lagun eta senideena, hauek direlako ticketbairako, adibidez, behar diren softwareak egiten dituzten enpresako buruak, aparailuen saltzaileak, hornitzaile ofizialak... Baina hori iritzigile amorratu honen asmakizuna baino ez da. Eta, beraz, bere ergelkeriak irakurtzeari utzi nahi badiozu, ez sakatu ezer. Deskonektatu, besterik gabe. Deskonektatu, aspaldiko aditzik beharrezkoena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.