garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Garbitegian

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Etxean esekitoki egokirik ez izateak eta inguruotan ohikoa den hezetasunak hondartza aldeko ikuztegi automatikora eramaten naute sarri. Bi abantaila ditu lekuak. Agerikoenetik hasita, jantziak espartzua baino lehorrago itzuli ahal izatea, sobera itxaron gabe eta bizpahiru txanponen truke; eta bestetik, alboko vending gela, kafe eta litxarrerietarako makinak ez ezik, distrakziorako aukera paregabea ere eskaintzen dituena, lehorgailuak lanean ematen dituen hogei minutuetan.

Orain hurrena bi gizonezko aurkitu nituen han. Bata, ezaguna, garagardo botilaren konpainian orduak ematen dituena bertan, gehienetan egonean egon, eta inoiz edo beste sakelako telefonoan murgilduta, karta-jokoan. Ez da eskalea, ez behintzat nire aurrean, baina lepoajarriko nuke etxegabeentzako zerbitzuetan hartzen duela aterpe. Bi zakur zintzo ditu, jabea bezain motelak, hura bezala herrenak ez badira ere umetan polioak jotakoa dirudi. Inoiz ez diet zaunka erdirik entzun.

Bigarren tipoak ez zuen halako plantarik. Motozaleen txamarra garestia soinean eta identifikatu ez nuen botila bat eskuan zuela, berriketan ari zitzaion besteari, zehatzago esanda, esaldi filosofikoz eta azalpen wikipedikoz jositako kalaka amaigabean, alkoholak hauspotuta. Futbol emankizunetako esatariek ere tonu apalagoa luketela esango nukeen: jakituriaz baino, ongi ahoskatu gabeko hitz ozenen karrankaz urratzen zuen goizeko bakea, bostehun metroko erradioan. Baina bi zakur zintzoak bazterrean etzanda, lo.

Ez zen beharbada nagiak ateratzeko metodorik egokiena, baina kafeina premiak horretara bultzatuta, tipoarengana jo nuen zuzen, kafe-makina albait agudoen libra zezan mesedez arren eta otoi eskatzera (edaria ateratzen dueneko zuloa estaltzen zuen ipurdiaz). Konturatzerako, bere jakituria merkearen entzule eta berriketaren parte bihurtua ninduen gizon berritsuak.

Ezer gutxi esana nion, ondoesnatu gabea nintzela kontuan harturik, bizpahiru ele hutsal besterik ez ziurrenik, tipoa, mesede egiten ari zitzaidalakoan-edo eta begietara so, gaztelania lardasten hasi zenean. Hendaia Style. Enpatia erakutsi nahi ote zidan? Frantsesa ez bazara, espainola zara logika sinplista aplikatu ote zuen? Edo «Frantsesez ari zaren arren ez zara klubekoa» adierazteko modu disimulatuan ari zen? Batek daki. Gaztelania ongi menderatzen zuelako ez zen izan behintzat, ez baitzen esaldi motz bakar bat ere josteko gauza. Ekin eta jarrai, halere.

«Nire hizkuntzari keinu egin nahian bazabiltza, euskaraz egin beharko zenidake», esan nion, jaiki orduko pankarta atera behar izaten dudala sentituta eta harrigarriki ahaldunduta. Simaur latza izango zuen tipoak, ez ordea erreflexu falta. Motorrean nondik eta batez ere nola arraio iritsi ote zen deduzitzen saiatzen nintzen bitartean, bere jakituria wikipediko distortsionatua astintzen zuen, erreberentziak eginez airean: «Oh la-la mon dieu, ba ote! Txinako mandarina eta errusierarekin batera, munduko hizkuntzarik zailenetakoa dela dio nire lagun batek, eta ez uste edozein denik, hizkuntza mordoa menderatzen baitu, eta putain, hori bai tipo azkarra, azkarrik bada, eta tar-tar-tar». Bere lagunaren gaineko alabantzei amaiera emateko, «Euskara ere oso ongi daki» bota zidan airoso, eta pausa txiki baten ostean, «baina euskara jatorra. Bene-benetakoa. Zaharra. Ez oraingoa, berak ondotxo dioenez» nabarmendu zidan, misterio bati buruz ariko balitz bezala.

Burutik behera erori zitzaidan dekadentziak goiz-goizetik kultur suizidiora buruz ninderamala konpreniturik, maindireak eta denak lehorgailuan utzi eta lasterka alde egin nuen handik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.