Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ari du

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Batzuetan, metaforak eginda etortzen zaizkizu, eta erraz jartzen zara toki eta une egokian. Beti pentsatu izan dut metaforek mundua ulergarri egiten dutela: euskaraz, joko eta jolas berbak bereizi egiten ditugu, eta argi dago hitz-jokoak oso gauza serioa direla.

Joan den igandeko BERRIAren azalak adibide argia zekarren honetaz guztiaz: «Feminismoa ari du» zioen goiburuak, kale-gurutze hori eta morea edo antzeko zerbaiten gainean. Metafora egokia iruditu zitzaidan, zinez, euri-kontuetara aski ohituta dagoen geure herrian aiseki uler daitekeena. Eskimalek elurra izendatzeko adina hitz edo espresio ditu euskarak euri kontuetarako.

Ari du, bai, feminismoa, haize-lasterrak hauspotuta, gainera.

Ez da horrela izan beti. Aspaldiko urteetan euri-zirina izan da, egun seinalatuetan ere, hezetasun apur bat sortzetik nekez pasatu izan dena. Feminista porrokatuek baino ez zituzten aipatzen emakumeen eskubide zibilak paper hutsetik harago eraman zituztenen balentriak. Historia liburuetan ez zen horrelakorik agertzen, ezta kale-izendegietan ere ez; nork ekarriko zituen argitara, eta zertarako? Begitazioari eusteko zailtasunik gabe jarrai genezaken normaltasunaren simulakroa ontzat emanez. Euri-zirtzilak deseroso izanik ere, ez zuten eragozpen handirik sortzen. Martxoaren 8a pasatuko da, esaten zuten; beti pasa egiten da. Eta zuzen zeuden: urteetan pasatu izan da.

Halakoan, baina, isobara-mapak aldatzen hasi ziren: ez zuen atertu, alderantziz baizik. Euri-erauntsiak gero eta maizago agertzen hasi ziren, eta asko harritu egin ziren, gutxien espero zuten une eta tokietan euri-laino trinkoak agertzen hasi zirelako. Perturbazioak sumatu zituzten bizkorrenek, baina gehienak ezustean atzeman zituen, eta balizko normaltasuna pitzatzen hasi zen.

Bularretakoak erre zituzten emakumeen alabak ohartu ziren ez zirela kabitzen Zararen 38an, eta arreta handiagoa jartzen hasi ziren elkarri ezartzen zizkieten kateez jabetzeko; kexatzen hasi ziren, eta ez isipularen aurrean, ahots ozenez baizik.

Lehen aldiz aitaren edo senarraren baimenik gabe bidaiatzeko eskubidea izan zuten emakumeen alabak atzerritik itzuli ziren aparteko lanpostuetarako prestatuta, baina beren lankide gizonek baino gutxiago kobratuko zutela ohartu zirenean ere, ahotsa altxatu zuten.

Krisiak denak berdindu gintuen, denak pobretu gintuen, baina emakumeak prekarioago, babesgabeago, bakartuago utzi zituela ohartu ginenean, beste askok bat egin zuten ordurako zirimiria izateari utzi eta ekaitza zirudien hartan.

Feminismoa ari du. Metaforak den-dena azaltzen du. Orain badakigu (Historiako liburu bakan batzuetan behintzat irakur daiteke) euri horrek olatuak ekarri izan dituela eta feminismoak gizartea adabatu egin duela: aldian-aldian, elkarren arteko bizikidetzari eusten dioten oinarriak nola edo hala zuzentzeko mekanismoak ezarri dira aldarrikapen horiei esker, eta behaztopaka bada ere... honaino iritsi gara.

Feminismoa ari du, eta gehiago behar dugu oraindik, orain arte eutsi izan gaituen eraikinean itoginak nola edo hala estali baditugu ere, ez delako nahikoa izan eta kontraesan guztiak ageri-agerikoak direlako jadanik.

Baina badakigu olatu guztiek erresaka ere sortzen dutela, eta zenbat eta altuagoak eta indartsuagoak izan itsas-uhainak, orduan eta bortitzagoak izan ohi direla atzera eginarazi nahi gaituzten indarrak. Badakigu, eta ez bakarrik beste hamaika aldiz gertatu delako; badakigu oraintsu ere ikusten ari garelako. Euri zaharraren gainean ari du berria.

Euri-bideak zabaldu behar ditugu, nola lantokietan hala etxeetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.