Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Mugak

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Azken asteotan, tamalez, zeresan handia eman dute mugek. Gazan lehenbizi, Ceutan ondoren. Gurean ere, gure hizkuntzari ezarri zaizkion eta dakizkiokeen mugek eman dute zeresana. Mugaren alde batera zein bestera. Hegoaldekoontzat mugaz bestaldera den horretan, bereziki.

Matematikan ere existitzen dira mugak. Espazio batean distantzia bat definituta dagoen unetik, edozein azpimultzok dauka bere barrualdea eta bere muga. Barrualdeko puntu bat litzateke puntu bat zeinetan posible den erradio txiki batera dauden puntuek osatzen duten diskoa eraikitzea puntu denak multzoaren barruan erortzeko moduan. Ideia bat egin dezazuen, Bizkaia hartuz gero gure multzo gisa, argi dago, adibidez, Durangoren inguruan eraiki dezakegula borobil bat Bizkaitik irten gabe. Durango, beraz, barrualdeko puntu litzateke, Bizkaia multzoan.

Aldiz, mugako puntu bat da, bere inguruan edozein borobil eginda ere, nahi bezain erradio txikikoa, punturen bat gure multzoan, punturen bat multzotik kanpo erortzen zaiona beti. Har dezagun Ermua, aurreko adibideari jarraiki. Ermua barruan duen edozein zirkunferentziak Gipuzkoan izango du zatitxo bat. Ez da posible Ermua barruan duen borobil bat eraikitzea Bizkaitik irten gabe. Ermua, beraz, Bizkaiko mugako puntu bat da. Baina adi, mugako puntuak ez dira zertan multzoko puntuak izan. Eibar ere bada Bizkaiaren mugako puntu. Izan ere, Eibar ere ezin da borobil batean sartu punturen bat Bizkaian erori gabe.

Alegia, bere inguruan edozein borobil egin, eta aldi berean gure multzoa eta gure multzotik kanpoko zerbait zapaltzen duen edozein puntu da mugako puntu. Eta kontrara, gai bagara borobil bat eraikitzeko gure puntuaren inguruan, multzotik irten gabe, barrualdeko puntu bat izango da hori.

Azken asteotako gaietara etorrita, pentsa genezake noraino den gutariko bakoitza barru edo mugako puntu gai horiekiko. Bestela esanda, noraino horrelako gai bati buruz pentsatzen jarrita, edozein erradio edo magnitudeko zerbaitek harrapatzen gaituen barruan edo mugan. Edo zergatik ez, erabat kanpo.

Izan ere, Gaza eta Ceutako irudi latzak iritsi zaizkigunean jarri zaizkigu ileak tente eta uzkurtu zaizkigu bihotzak. Baina hori ez da erradio txikiko zirkunferentzia bat. Zirkunferentzia horrek barruan edo mugan harrapatu izana ez da gai horrekiko barru edo mugako puntu garenaren seinale. Horretarako, gai horiekin loturiko edozein magnitudetako gertaerak eragin behar liguke. Are, barruko puntu izateko, magnitude txikieneko gertaerak ere erabat eragin behar liguke. Apur bat bai, apur bat ez eraginda, mugako puntu baino ez ginateke.

Horrela ikusita, esango nuke gai horiekiko uste edo nahi genukeen baino kanpoalderago gaudela. Eta neurri batean ulertzekoa da. Distantzia emozionalak, nahi gabe ere, lotura duelako distantzia fisikoarekin. Ez beti, ez erabat, baina neurri handi batean bai. Palestina urrun geratzen zaigu, gertuago Sahara eta Maroko. Eta gertuago are, Irun eta Pariseko erabakiak.

Edo hala behar luke, printzipioz. Horrekin ere zalantza egiten dudalako, noraino euskaldunok ere batzuetan gure eskubideen urraketekin loturiko gaiek ez gaituzten erabat barruan harrapatzen. Noraino ohitu egin garen gaiaren eta egoeraren magnitudearen arabera batzuetan mugako puntu, batzuetan erabat kanpoko izatera.

Mugek badute bere alde txarra: kanpo eta barru bat bereizten dizkiote multzo bakoitzari. Baina badute bere alde ona ere. Norberari noiz dagoen kanpoan eta noiz barruan ohartaraztea. Pentsa dezala bakoitzak azken asteotan zein gai eta zein erradiotako zirkunferentziak harrapatu duen barruan, kanpoan ala mugan. Zintzotasun ariketa gisa baino ez bada ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.