Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Moda

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Moda aipatu eta beharbada lehen kolpean pasarela bat etorriko zaigu burura. Arropa eta estiloa ondoren. Baina baita gauza gehiago ere segidan: musika mota bat, dieta jakin bat, idazle bat... Gauza asko egon litezke modan. Baita ikasketak ere.

Atzo amaitu zuten selektibitatea erkidegoko ikasleek, astebete lehenago nafarrek. Beraien etorkizuna markatuko duen proba hori. Guk hala deitzen badiogu, nola ez dira bada presionatuta eta urduri joango? Aterako duten emaitzak erabakiko du beraien etorkizuna. Tira, aterako duten emaitzak, eta unean uneko modak.

Moda, matematikoki hitz eginda, datu multzo baten ezaugarri estatistiko bat da. Nahiko ulerterraza eta intuitiboa. Moda da datu multzo batean gehien errepikatzen den datu hori. Esaterako, eskatuko bagenie atzo azterketa egin zuten ikasle guztiei orri batean idazteko zein den egitea gustatuko litzaieken gradua, orri horietan gehien errepikatzen den izena izango da moda.

Modak ezarriko du, beraz, plaza kopuru eta interesatuen bataz bestekoekin batera, ikasketa horietara sarbidea izateko gutxieneko nota. Hala ezarri zuen iaz eta aurreko urteetan ere. Ezin da, kolpetik, zuzenean ondorioztatu nota altuena duten graduak direnik moda, estatistikoki hitz eginda. Baina ez dira moda izatetik urrunegi ibiliko.

Gradu bikoitzak dira gutxieneko nota altuena dutenak oro har. Plaza gutxikoak ere izaten dira, eta horrek eragina du. Gradu bikoitza Fisikan eta Matematikan, hori izan zen gutxieneko nota altuena izan zuen gradua iaz Espainian. Gradu bikoitza Ingeniaritza Elektronikoan eta Fisikan, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hurrengoak begiratuz, plaza kopuru ohikoagoa dutenen artean, nabarmena da osasungintza (medikuntza, erizaintza, biomedikuntza) eta zientzia puruetako batzuk (matematika, fisika...) daudela gorengo postuetan.

Kuriosoa da nola aldatzen diren modak. Osasungintzarena orduan ere hala zen, hori ez da aldatu. Bestea bai. Orain 13 urte, guk karrera hautatu behar genuenean, Fisika eta Matematikara sartzeko aski zen 5 bat. Gurean, 70 plaza egonagatik, ez ginen 40ra iritsiko. Zorte hori izan genuen guk, selektibitatea lasai asko egitearena. Batxilergoan lasai bizitzekoa.

Ez dakit zer egon litekeen moda aldaketa horren atzean. Eragina duen faktore bat irteerena izango da, zalantzarik gabe. Gure garaian Matematika ikasiko zenuela esaten zenuenean «gero zer, irakasle izateko?» izaten zen erantzuna. Badirudi gaur egun garbi daukala jendeak hori ez dela irteera bakar eta nagusia. Hori, edo irakaskuntzarekiko sekulako maitasuna hazi da gizartean. Ederra litzateke, baina ez dut uste bigarrenarengatik denik.

Beste faktore bat, gure garaian ere ematen zena, nota altuarena da. Gutxieneko nota altua duten graduek bat-batean prestigio bat irabazten dute. Eta nota altua daukan ikasleak bere burua erdi behartuta sentitzen du nota hori ez desaprobetxatzera. «Nola sartuko zara 5 bat eskatzen duten gradu batean 12,65 batekin?» bezalako galderak erantzun beharko ditu gaur egun arkitektura egin nahi duen ikasleak. Gure garaian batxilergoan estu eta selektibitatean urduri ibiliko zen ikasle hori. Orduan karrera preziatua zen arkitektura. Gaur egun ez, antza.

Gogoan dut orduan pena puntu bat ematen zidala Matematika bezalako karrera batek halako prestigiorik ez izateak, modan ez egoteak. Izango da ez dakigulako inoiz pozik egoten, baina orain alderantzizko sentsazioa dut. Badakidalako, modan egotearren, ikasi nahiko luketen ikasle askok ezingo dutela ikasi. Duda eragiten didalako ikasleek Matematika gustuko dutelako ikasi nahiko duten ala modak eraginda.

Modaz pasatzen denean akaso faltan botako dut garai hau, auskalo...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.