Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Beroa

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
COP26 bilerak hotz edo epel utzi omen ditu klima larrialdiarekin kezkatuta dauden aditu eta aktibistak. Badu puntu ironiko bat. Hein handi batean planetaren tenperaturaren igoera ekidin edo moteltzea helburu zuen bilerak hotz utzi gaitu. Alegia, planeta bera ez duela hotz utziko.

Baina zer da hotz eta zer bero? Termodinamikari dagokionez, beroa ez da objektu batek izan dezakeen zerbait. Beroa energia transferentzia bat da, gorputz edo sistema batetik bestera doana. Bero garela diogunean, beroa sentitzen dugula, gure ingurua energia transmititzen ari zaigulako da, nolabait. Eta alderantziz, hotz garenean, edo ukitzen dugun zerbait hotz dagoela iruditzen zaigunean, energia lapurtzen ari zaigulako da.

Beraz, hotz edo bero izatea energia aldaketa horren ondorengo sentsazio izan litezke, gure eguneroko hizkuntzan. Edo guk gure inguruarekiko dugun energia aldaketak sortutako sentsazioa. Izan ere, energia termikoak orekatzera jo ohi du. Kontaktuan energia termiko ezberdina duten bi gorputz badaude, beroa irabaziko du batak, eta galdu besteak. Hoztea hori baita, beroa galtzea. Eta fisiologikoki ez ezik, metaforikoki ere hala erabiltzen ditugula esango nuke. Horregatik diogu goi bilerak hotz utzi dituela klimaren aldaketaren kontrako aktibistak, besteak beste. Energiak lapurtu eta bueltan ezer etorri ez zaienaren sentsazioz utzi dituelako.

Beroa energia transferentzia bat da, beraz. Ez objektu edo gorputz baten propietate neurgarri bat. Baina gorputz batek izan dezake beroa transferitzeko gaitasuna, edo bero energia hori erabiliz lan bat egiteko gaitasuna. Tenperaturak neurtzen du gaitasun hori. Alegia, pandemiari esker urte eta erdi daramagula gure lan bat egiteko gaitasuna ohi baino gehiagotan neurtzen. Termodinamikoki hitz eginda, behintzat. Bestela ere bai, agian.

Tenperaturak sistema edo gorputz batek lan bat egiteko daukan bero energia kopurua neurtzen du, orduan. Eta hori zuzenean dago erlazionatuta gorputz horren molekulen energia zinetikoaren bataz bestekoarekin. Energia zinetikoa mugimenduarekin dago lotuta. Izan daiteke desplazamendua, bibrazioa, norbere buruaren baitako bueltak... Zenbat eta azkarrago eta gehiago mugitu gu osatzen gaituzten molekulak, orduan eta tenperatura altuagoa izango dugu.

Kuriosoa da, izan ere, gizakiok planetaren molekulak garela suposatuko bagenu, gure mugimendu hazkunde eta abiadura nahiak handiagotuko luke planetaren tenperatura. Eta metaforikoki hala izateaz gain, praktikan ere horrek eragin du neurri handi batean klima larrialdia. Gure bizimodu azkar, kontsumo eredu eta globaltasuna ahalbidetzen duten garraioek darabiltzaten erregai eta isuritako gasak dira planetaren berotze efektuaren arrazoi nagusietako bat.

Alternatibak bilatu nahian gabiltza. Gure bizi erritmoa mantendu eta planeta berotu eta erotuko ez duten alternatiben bila. Gu geu erotu eta berotzea ez dakit hainbeste inporta zaigun. Ero bezala ari baikara alternatiba bila. Ez dakigu badagoen, beharbada ez. Beharbada metafora fisikoa lege fisiko bihurtuko da. Beharbada gure energia zinetikoa gutxitu gabe ez dago lurraren tenperaturaren igoera ekiditerik.

Eta ez dakigun bitartean, galga zapaldu eta hausnartu ordez, orain arteko ohiturei jarraiki ari gara soluzio bila. Horri buruzko erabakiak hartzera hegazkinez joanda. Ahal bada gaur irten eta gaur iristeko moduan.

Fisikaren ikuspuntu ez hain metaforikotik soluzio sinplea luke tenperatura igoerak, beraz: mugimendua murriztu. Eraiki dugun mundu eta gizartea psikologikoki, soziologikoki eta ekonomikoki horri eusteko gai izango den, hori ziur aski, gure borondateak baino, egoeraren larritasunak eta denborak esango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.